Ikerketa baten arabera, 2025ean Iruñeak du bizi-kalitatearen indizerik onena Europako hirien artean. Hala dio Iruñeko Udalak Europako Batzordearen irizpideei jarraikiz bildutako informazioak. Batzorde horrek ‘Report on quality of life in european cities’ txostena ondu du, eta Europar Batasuneko 84 hiritako informazioa bildu dute. Zerrenda horren arabera, Iruñeak du biztanleen gogobetetze mailarik altuena. Galdekatu dituzten herritarren % 98 asebeteta daude Nafarroako hiriburuan bizi direlako. 2022an bildu zituzten datu horiek azkenekoz, eta datuak hobetu egin dira ordutik: % 0,4 gehiago aurten. Hala, hirugarren postutik lehen postura igo da Iruña. Europan, batez besteko gogobetetze maila % 86 da.
Ikerketa hori egiteko, Udalak 858 inkesta egin zituen telefonoz 2024ko azaroan: % 95eko konfiantza maila izan zen erantzunetan, eta errore-marjina % 3,34koa zen. Iruñean bizitzeak asebetetzen dituen galdetzeaz gain, hainbat arlotan sakondu zuen inkesta horrek: herritarren segurtasuna, ekonomia, mugikortasuna, gune publikoak, hezkuntza, kultura, osasuna, airearen kalitatea, zarata, garbitasuna eta gobernantza. Datuak onak dira ia parametro guztietan. Herritarren segurtasunaren arloan eta etxebizitza prezio eskuragarrian lortzeko moduaren esparruan bakarrik egin dute okerrera datuek: etxebizitzaren arloan zerrendako azken-aurreko postuan da Iruña, nahiz eta auzoen arabera datuak aldatu egiten diren.
Txostenean ondorioztatzen denez, Iruñeko biztanleen % 91 gustura dago bizi den auzoan. 2022ko datuekin alderatuta, hiru puntu txikiagoa da ehunekoa, eta arlo horretan hamalaugarren postuan da orain hiria Europako zerrendan. Hauek dira auzo bakoitzaren datuak: Erripagañan dute gogobetetze mailarik txikiena (% 36,4 ez dira gustura bizi auzoan); Etxabakoitz da bigarrena (% 26,1), eta atzetik datozkio Sanduzelai eta Alde Zaharra (% 22). Kontrara, Lezkairun, Iturraman, Donibanen eta Ermitagañan, biztanleen % 2k esan dute ez direla gustura bizi auzoan.
Bestalde, iruindarren % 91,6 gustura daude beren egoera pertsonalarekin, 2022an bezalatsu, eta % 93,7k diote asebeteta daudela duten bizimoduarekin: 2022an baino bi puntu handiagoa da ehuneko hori. Etxeko finantzen egoerak, ordea, okerrera egin du: gogobetetze maila bost puntu txikiagoa da, % 83,2. Atzerritarren artean are txikiagoa da portzentajea etxeko finantzen esparruan: % 25.
Nolanahi ere, txostenaren arabera Iruña toki ona da bizitzeko. Hala uste dute galdeketari erantzun dioten biztanleen % 98,4k, eta beraz, Europako hirien artean bigarrena da Iruña horretan. Pertzepzio hori nahiko orokortua da gainera: arraza-gutxiengoen eta etnikoen artean, migratzaileen artean, familia gazteen artean eta adinekoen artean ere Europako hiri guztietatik lehen 3ren artean dago Iruña. Iruña homosexualendako bizitzeko toki ona ote den ere aztertu dute, eta zerrendako hamaikagarren postuan dago hiria horretan.
Segurtasuna eta etxebizitza: kezkarik handiena eragiten duten aferak
Ikerlanean hainbat arlo aztertu dituzte Iruñeko bizi-kalitatearekin lotuta. Esaterako, zerbitzu publikoei eta elkarbizitzari buruz galdetu dute, bai eta segurtasunari buruz ere, eta herritarrek badute kezka segurtasunari dagokionez. Inkestari erantzun diotenen % 62,9 seguru sentitzen dira gauez hirian oinez ibiltzeko. Datu hori, ordea, erantzuten duena emakumezkoa edo gizonezkoa den, datu hori aldatu egiten da. Emakumeen % 47,7 ez dira seguru sentitzen, eta gizonezkoen artean % 20,9 dira seguru sentitzen ez direnak. Auzoka aztertuta, Ermitagañan dute segurtasun-sentipenik txikiena (% 44,9 ez dira seguru sentitzen edo ez dira batere seguru sentitzen), eta auzo horren atzetik daude Txantrea (% 42,2), Zabalguneak (% 41) eta Sanduzelai (% 40), esaterako. Horren ondorioz, segurtasunaren parametroan 62. postuan dago Iruña, eta okerrera egin du gainera 2022ko datuekin alderatuta: 47. postuan zegoen orduan.
Biztanleen % 66,8 seguru sentitzen dira auzoan gauez oinez ibiltzeko: ehuneko horrek 8 puntu egin du behera 2022tik. Zehazki, emakumeen % 44k esan dute ez direla seguru sentitzen bizi diren auzoetan gauez oinez ibiltzeko. Auzo hauetan da nabariena segurtasun falta hori: Sanduzelain (% 46), Arrosadian (% 42,4), Ermitagañan (% 39,3), Arrotxapean (% 38,4) eta Alde Zaharrean (% 38).
Gainera, herritarren % 11,2k esan dute azken urtean lapurreta egin dietela etxean. 2022ko datuekin alderatua, % 5,3 handitu da datu hori. % 3k, berriz, esan dute erasoren bat edo lapurretaren bat jasan duela kalean azken urtean. Horiek hala, lapurretarik gutxien izaten diren Europako hirien artean 14.a da Iruña, eta erasorik gutxien dituztenen artean, bigarrena.
Nolanahi ere, biztanleen % 84,4k uste dute iruindarrak konfiantzazkoak direla, eta parametro horretan lehen hiria da Iruña: 2022an baino 25 postu gorago dago. Halaber, % 85,5ek diote auzoko bizilagunak konfiantzazkoak direla. Udaltzaingoarengan ere badute konfiantza iruindarrek. % 85 fidatzen dira udaltzainekin, eta arlo horretan hamalaugarren hiria da Iruña.
Etxebizitzaren parametroa ere nabarmentzekoa da. Txostenaren arabera, biztanleen % 88,3k uste dute ez dela erraza arrazoizko prezio baten truke etxebizitza egoki bat aurkitzea Iruñean. Hala, etxebizitzaren parametroari dagokionez azken postuetan dago Nafarroako hiriburua, azken-aurrekoan zehazki, eta atzera egin du gainera: 2022an 57. lekuan zegoen. Uste hori oso zabalduta dago hirian gainera: hala uste dute bai Iruñean jaiotakoek, bai Espainiako Estatuan jaiotakoek eta bai beste herrialde batzuetatik datozenek ere.
Sentipena antzekoa da auzo guztietan, baina badira gorabeherak ere. Lezkairun, esaterako, auzotarren % 19,4k diote erraza dela etxebizitza arrazoizko prezio baten truke eskuratzea. Mendebaldean, aldiz, % 3k uste dute hori, eta Iturraman, % 5,3k.
Mugikortasuna eta zerbitzu publikoak
Garraio publikoari dagokionez, nabarmentzeko moduko datuak utzi ditu galdeketak. Hamarretik zortzi asebeteta daude garraio publikoaren zerbitzuarekin, 2022an baino 2,6 puntu gehiago. Gainera, herritarren aburuz garraio segurua da (% 93,1), erabiltzeko erraza (% 90,6), prezio onargarria du (% 84,1), maiztasun egokia ere bai (% 82,8), eta zerbitzu fidagarria da (% 85,1).
Erantzunak aztertuta ondorioztatu dute garraio publikoaren erabilera % 3,3 ugaritu dela, eta hala, arlo horretan hobera egin du Iruñeak: 2022an azken postuan zegoen, eta gaur egun, 54.ean. Aitzitik, auto pribatua erabiltzen da gehien oraindik ere, eta gora egin du gainera: % 38,2koa da gaur egungo erabilera, 2022an baino % 4,1 handiagoa. Bizikletaren erabilera egonkor mantendu da azken datuetatik aurtengoetara, baina zerrendan gora egin du hiriak: 2022an azken-aurreko postuan zegoen, eta orain, 69.ean. Oinez ibiltzeko ohiturak, ordea, behera egin du, % 6,4 txikiagoa da orain, eta ondorioz, lehen postutik zortzigarrenera jaitsi da Iruña parametro horretan.
Espazio publikoari, hezkuntza-zerbitzuei eta kultur zerbitzuei dagokienez, Iruñeko biztanleen % 80 baino gehiago asebeteta daude. Osasun-zerbitzuei dagokienez, ostera, % 57 daude asebeteta: 2022an baino 20 puntu txikiagoa da ehuneko hori. Hala, bi urte eskasean 16. postutik 48.eraino jaitsi da Iruña osasun-zerbitzuetan.
Hiriko berdeguneak, berriz, herritar askok estimatzen dituzte, % 93,3k zehazki, eta arlo horretan postu bera mantendu du hiriak Europako zerrendan. Kulturguneekin ere pozik daude biztanleak, gogobetetze maila % 87,9koa baita inkestaren arabera: Civivox sarea, liburutegiak, museoak eta antzokiak hartzen dira kulturgunetzat, besteak beste. Gune publikoei dagokienez (merkatuak, plazak, oinezkoendako guneak...), gogobetetze maila % 89,7koa da, eta beraz, Europako hirietan bigarrena da oraindik ere Iruña esparru horretan; hala ere, 2022an baino 6,6 puntu txikiagoa da ehuneko hori. Halaber, herritarren % 80,8k uste dute hezkuntza-sarea egokia dela, eta zortzigarren postua dagokio hiriari arlo horretan; % 80,1 gustura daude kirol-instalazioekin, eta beraz, Iruña bosgarren postuan da oraindik orain Europako hirien zerrendan.
Iruña, hiri jasangarria
Zerbitzuek ez ezik, beste faktore batzuek ere egiten dute Iruñean bizi-kalitate ona izatea. Hala, besteak beste airearen kalitateari, zarata mailari eta garbitasunari buruz galdetu dute inkestan. Parametro horietan guztietan, gogobetze maila % 76tik gorakoa da, baina 2022ko datuekin alderatuta, zarataren eta garbitasunaren inguruko pertzepzioak okerrera egin du.
Biztanleen % 76,6 gustura dago garbitasunarekin, baina aurreko inkestan baino 8,4 puntu txikiagoa da portzentajea. Gaur egun 14. hiria da garbitasunari dagokionez, eta 2022an 8.a zen. Mendebaldean atzeman dute asegabetasunik handiena (auzotarren % 36,3), eta Sanduzelain (% 34), Arrosadian (% 31,1) eta Arrotxapean (% 30) ere handi samarra da. Beste muturrean daude Erripagaña (% 9,1), Lezkairu (% 12,9), Mendillorri (% 13,3) eta Iturrama (% 12,7).
Zarataren gogobetetze maila ere antzekoa da, % 76,1, eta 2022tik aurrera behera egin du parametro horrek ere: 3,4 puntu zehazki. Auzo batetik bestera aldatu egiten da pertzepzioa, ordea. Alde Zaharreko biztanleen % 46 ez dago pozik auzoko zaratarekin. Alde Zaharrean dute arazorik handiena zaratarekin, eta atzetik Zabalguneak (auzotarren % 35,2 ez daude gustura) eta Azpilagaña (% 33). Egoera hobea da Ermitagañan (% 8,3), Lezkairun (% 15,9) eta Iturraman (% 17).
Azkenik, iruindarren % 89,1ek uste dute Iruñeko airea kalitate onekoa dela.
Ekonomia eta osasuna
Iruñeko bizi-kalitatearen ikuspegi osoa izateko, ingurumenarekin eta zerbitzuekin lotutako eremuez gain, lanarekin eta osasunarekin zerikusia dutenak ere aztertu dituzte. Iruñean lanpostu on bat lortzeko aukerei buruz galdetuta, herritarren % 58,3k esan dute badaudela aukerak. Aztertutako Europako 84 hirien artean bederatzigarrena da Nafarroako hiriburua arlo horretan, eta beraz, 2022ko postu berean dago oraindik orain.
Fakturak ordaintzeko gaitasunari dagokionez, iruindarren % 16,1ek aitortu dute zailtasunak izan dituztela hil amaierara iristeko azken urtean. Atzerritarren artean % 40,6koa da ehuneko hori. Edonola ere, zailtasun gutxien atzeman dituzten hirien artean bigarrena da Iruña.
Gainera, inkestak agerian utzi du herritarren artean konfiantza dagoela. Izan ere, % 94k uste dute laguntza ez-materiala emanen lieketela beharko balute: parametro horretan lehen postuan da Iruña. Laguntza materiala behar izanez gero, berriz, herritarren % 81,9k uste dute jasoko luketela. Arlo horretan bigarren postuan dago hiria.
Parametro horiekin lotuta, bakardadea ere aztertu nahi izan dute galdeketan. Iruindarren %87k adierazi dute bakardade-sentipen txikia izan dutela edo ez direla inoiz bakarrik sentitu azken urtean, eta datu horri esker, bakardade sentipenik txikiena atzeman duen hiria da Iruña. Agerian geratu da, beraz, kontaktu-sarea, familia, lagunak eta zerbitzu publikoak zer garrantzitsuak diren.
Gobernantza, hobera
Iruñeko Udalaren kudeaketan hobekuntza nabaritu dute herritarrek azken urteetan: erantzuteko behar den denbora, prozeduren garbitasuna eta udal-zergak aztertu dituzte. Herritarren % 52k esan dutenez, Udalak herritarren eskabideei erantzuteko behar izaten duen denbora egokia da (15 puntu egin du hobera ehuneko horrek 2022ko datuekin alderatuta). % 64,2k adierazi dute Udalak erabiltzen dituen prozedurak sinpleak eta ulerterrazak direla (20 puntu handitu da ehunekoa 2022ko datuekin alderatuta). Bestalde, % 64,8k uste dute erraza dela Udalaren zerbitzuak eta informazioa online eskuratzea (parametro horretan ere handitu egin da ehunekoa: 2022an baino 30 puntu handiagoa da). Haatik, ehunekoek hobera egin badute ere, Iruña behe samarrean dago Europako hirien zerrendan arlo horretan: 59. tokian. % 59,4k iritzi diote udal-zergak arrazoizkoak direla (2022an baino 21 puntu handiagoa da ehunekoa).
Gainera, ustelkeria gutxiago sumatzen dute herritarrek orain, eta horrek handitu egiten du herritarrek administrazioarekin duten konfiantza. Datuen arabera, herritarren % 29,4k uste dute Iruñeko Udalean ustelkeria dagoela. 2022koa baino sei puntu txikiagoa da ehuneko hori.