
Lau egun ez dira aski, baina lehen pausoa izan liteke Iruña eta bertako milaka urteko historia, kultura, gastronomia eta sekretuak ezagutzeko. Horixe proposatu du Iruñeko Udalak turismo-gida berrian: lau egunerako proposamen bat da, eta bosgarren bat ere gehitu dute, hiritik abiatuta txangoak egin eta hurbileko beste toki interesgarri batzuk ikusteko. ‘Pamplona=bizi-bizirik. Iruña=muy viva’ hiri-marka berriarekin bat sortu dute gida berria, eta paperean eskuratzen ahal da, Turismo Bulegoan, baina baita online ere, Udalaren Turismoko webgunean: www.visitpamplonairuña.com.
Mikel Armendariz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenaren aldeko Lankidetzako zinegotziak aurkeztu ditu turismoko material berriak, Maria Bezunartea Barasoain Turismoko zerbitzuburuak lagunduta. Gida berriak 44 orri ditu, eta Iruñearen nortasunaren isla da. Hiriaren historiaren laburpen txiki bat egin dute, erromatarrek baskoien herrixka baten gainean hiria eraiki zutenetik hasi eta gaur egun arte izan duen bilakaera hitz gutxitan azalduz.
Iruñearen ezaugarririk nabarmenenak ere aipatu dituzte, hala nola hiriak naturaren alde egin duen apustua: berdeguneek, parkeek eta lorategiek 300 hektarea hartzen dituzte, hiriak hartzen duen azaleraren % 15. Taconera parkea, Gaztelugibel, Ziudadela, Yamaguchi eta Arga ibaiaren parkea dira aipagarrienetako batzuk. Gastronomiak ere badu protagonismoa gidan, bai herritarrek eta bai bisitariek estimu handia baitiote Iruñeko gastronomiari, eta ezin aipatu gabe utzi Iruñean hurbileko eta kalitatezko produktu artisauei ematen zaien garrantzia.
Nolanahi ere, gidaren berritasunik aipagarriena Iruñera lehen aldiz etortzen direnendako proposamen turistikoa da. Iruñeko Udaleko Turismoko Alorrak gidaren atal bat gorde du bisitari berriendako, eta ezinbestean ikusi beharrekoen zerrenda bat ondu dute haiendako. Zerrenda horretan dago, esaterako, San Fermin Espazioa: San Domingo aldapan dago zentroa, eta iaz inauguratu zuten, mundu osoan hain ezagunak diren festen berri emateko bisitariei. Andre Maria Erreginaren katedral gotikoa ere sartu dute, nola ez: XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten. Eta ezin aipatu gabe utzi xarma handiko beste txoko batzuk ere: Zaldi Zuriaren zokoa, Redingo bastioian, Ziudadela bera eta Gazteluko plaza, besteak beste.
Bisitak gero eta egun gehiago iraun, Iruñeko ondarearen, artearen eta kulturaren aberastasunak orduan eta garrantzi handiagoa hartzen du gidan. Hiria inguratzen duten harresiak ikusteko ibilaldia ezinbestekoa da, hirian dauden tenpluak bisitatzea bezainbeste, hala nola San Nikolas gotor-eliza, San Saturnino eliza, eta San Lorentzo eliza, noski, hor baitago San Fermin kapera. Pilotaren munduak ere aipamen berezia du gidan, Iruñeak lotura handia baitu kirol horrekin, eta Mañuetako pilotalekua, Labrit eta Nafarroa Arena ikustea proposatu dute gidan.
Bisita gidatuak pilotaren mundura
Hain justu pilotaren mundua ezagutarazteko, Iruñeko Udalak pilotari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu, bai eta bikotekako norgehiagoka bat ikusteko aukera ere, Mañuetako pilotalekuan. Bi ordu inguru irauten dute bisitek, eta maiatzean hasi ziren eskaintzen.
Hiriko tokirik esanguratsuenak ikusten dituzte ibilaldian: Labrit, Jito Alai eta Mañuetako pilotalekua. Bisitariek Mañuetako pilotalekuan gozatzen ahal dute hain zuzen ere binakako partidaz. Mañuetako pilotariek jokatu ohi dute, eta erakustaldi moduko bat da, apustu eta guzti, pisu handia baitute kirol horretan eta pilotaleku horretan bereziki. Jokalariek hainbat erronka izaten dituzte: errestoan hanka azpitik jotzea pilotari, aulki batean eserita eramatea pilota, errestatu aurretik edo gero aulki batean esertzea, banku bat bizkar gainean dutela jokatzea, angurri bat edo meloi bat soinean dutela jokatzea, eta halako apustu bitxiak. Hurrengo bisita abuztuaren 7an izanen da.
Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzeko proiektu estrategikoaren indargarri dira bisita gidatu horiek: helburua da tradizio pilotazalea oinarri hartuta jasangarritasuna, hiriaren jatorria eta sustraiak, eta berrikuntza ardatz dituen proposamen turistiko eta kulturala sortzea. Turismoko udal-webgunean egiten ahal da bisita gidaturako erreserba.
Artea eta Donejakue Bidea
Bisitaren hirugarren eta laugarren egunetarako, hiriko aberastasun artistikoaz gozatzea proposatzen du gidak, garai guztietako arteari eskainitako hainbat gune baitaude Iruñean. Nafarroako Museoa da aipagarrienetako bat: Abauntzeko Mapa dago han, gizakiaren dokumentu kartografikorik zaharrenetako bat; baita Irulegiko eskua ere, orain arte aurkitutako baskoierazko idazkunik zaharrena. Erromatarren garaiko brontzezko estatua togadun bat ere badute ikusgai, eta halako gutxi daude gaur egun munduan, eta Goyak San Adriango markesari eginiko erretratua ere ikusten ahal da, besteak beste. Beste museo batzuk ere badira Iruñean, hala nola Nafarroako Unibertsitatekoa, eta Oteiza Museoa hiritik hurbil.
Ziudadela ere gune garrantzitsua da, arte garaikideari eskainitako erakusketen eremua. Hainbat diziplinatako artisten lanak jarri ohi dituzte ikusgai, bai ibilbide luzea egina duten egileen lana eta bai hasieran daudenena ikusarazteko. Labea, Arma Aretoa, Bolborategia eta Mistoen eraikina erabili ohi ditu Udalak arte eta kultura garaikidea sustatzeko, baina baita Ziudadelako barrutia bera eta inguruko lorategiak ere.
Artea ez ezik, Donejakue bidea ere funtsezkoa izan da hiriaren bilakaeran. Donejakue bideko lehen hiria da Iruña, eta ezinbestean gelditu behar hirian beraz. Maskorrarekin adierazitako bideari jarraikiz, erromesek Iruñearen sekretuak jakiten ahal dituzte, Magdalenako zubitik hasi eta Taconeraraino. Gainera, Ultreia interpretazio-zentroan, harrera egin eta beharrezko informazio guztia ematen diete.
Gidaren 4.000 ale inprimatu dituzte orotara, eta hirian egiten diren kongresuetara eta ekitaldietara etortzen direnei banatuko dizkiete nagusiki. Nolanahi ere, online ere deskargatzen ahal da. Lau hizkuntzatan argitaratu dute, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Gidaz gain, Zer ikusi eta zer egin sakelako liburuxka ere atera dute: Iruñeko gune turistikoen ordutegiak, bisita gidatuak egiteko aukerak eta Iruñetik abiatuta kanpora egiten ahal diren egun bateko bisitak bildu dituzte. Bisitari motaren arabera antolatu dute informazioa, eta beraz, haurrekin egiten ahal diren jarduerak, merkatuak, eta parkeetan eta naturan egiten ahal diren jarduerak bereizi dituzte, besteak beste. Halaber, turismoaren ikuspegitik pisurik handiena duten jaialdien berri ere eman dute. Gidarekin egin duten bezala, liburuxka horren 45.000 ale inprimatu dituzte euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Horietatik 30.000 ale hoteletan eta ostatuetan banatuko dituzte, eta beste 15.000 aleak, Turismo Bulegoan.
Jolasak eta ginkanak familian turismoa egiteko
Haurrek ere turismoa egiten goza dezaten, Iruñeko Udalak heziketa-jolas bat sortu du, Iruñea ikustea abentura bikaina izan dadin. Marco Topo izena jarri diote jolasari, eta jardueren eta erronken bidez hiriko ondarea modu dibertigarri eta entretenigarrian erakusteko tresna bat da.
5 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako pentsatua da jolasa, eta Espainiako Estatuko 120 hiritan dago erabilgarri. Jolasaren ardatza ginkana digital bat da, baina paperean ere jolasten ahal da. Plano turistiko bat eta zenbait itsasgarri ditu, lortutako guztia islatu ahal izateko. Iruñeko Marco Topo jolasean bi ibilbide daude: bata Alde Zaharrean eta bestea Taconera-Ziudadela artean. Gainera, jolasean bi pertsonaia dira protagonista, Marco eta Marta, eta Iruñeko jantzi tradizionalak dituzte soinean.
Jolasaren atal bakoitzean sariak eta lorpenak daude, motibazioa bizi-bizi mantentzeko. Atal bakoitzak 12 proba ditu, hain zuzen ere. Lorpen bakoitzaren truke itsasgarri bat eskuratzen da, mapan itsasteko. Abentura amaitzean, diploma bat bidaltzen zaie bisitariei posta elektroniko bidez.
Jolas hori ere lau hizkuntzatan dago eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Online deskargatzen ahal da jolasaren liburuxka, baina hobe da jolasa eta dagozkion itsasgarriak Turismo Bulegoan hartzea.