Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren Topaketa Nazionala Iruñean eginen da, azaroaren 30ean. Topaketa horretan, Espainia osoko berrehun udal-ordezkarik baino gehiagok parte hartuko dute, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko tokiko ekintzei eta baldintza klimatiko berrietara egokitzeko neurriei buruz eztabaidatzeko. Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuarekin, Nasuvinsarekin eta Europa mailako Alkateen Itunaren egiturarekin berarekin batera antolatu du iaz Valentzian egin zen urteroko hitzordu hau. Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean eginen da topaketa.
Hitzorduan, Udalak klima-aldaketa ardatz hartuta egiten dituen ekintzetako batzuk azalduko ditu, esaterako Go Green Iruña estrategia, azken urteetan egindako jarduera publikoak biltzen dituena. Ezagutzera emanen dira, halaber, klima-aldaketaren arloko Nafarroako politikak, hala nola Klima Aldaketaren Bide Orria (KLINa), Life IP-Nadapta proiektua eta Udalaren beraren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Izan ere, Nafarroa Itunaren Lurralde Koordinatzailerik arrakastatsuenetako bat da, ia 200 udalerri gidatzen baititu Klima eta Energia Jasangarrirako Planak idatzi eta horiek praktikan jartzen. Topaketa nazional honetan tokiko ekintza klimatikoarekin lotutako Europako politiken azken berrikuntzen berri emanen da halaber, eta tokiko erakundeen zenbait esperientzia partekatuko dira.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Itziar Gómez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eginen dute Baluarten egun osoan zehar eginen den ekitaldiaren irekiera ofiziala. Georg Houben Europako Batzordeko Energia zuzendaritza nagusiko analista politikoa ere bertan izanen da, eta ekintza klimatikoaren arloko Europako politiken berrikuntzak aurkeztuko ditu, Miguel Morcillo Alkateen Itunaren Bulegoko kidearekin batera.
Bi mahai-inguru
Jardunaldiak bi mahai-inguru izanen ditu; bertan zenbait udaletako ordezkariek beren administrazioetan egiten ari diren ekintzak azalduko dituzte. Horrela, ‘Udalerrien papera energia-krisian’ izeneko mahaian, Terrasako, Kanaria Handiko eta Madrilgo arduradunek parte hartuko dute. Iruñeko Udalaren aldetik, Javier Zardoya Udaleko Energia Agentziako arduradunak parte hartuko du.
Bestalde, 'Klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokiak' izeneko mahai-inguruan, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Sevillako eta Bartzelonako udalen esperientziak azaldu eta eztabaidatuko dira. Azken urtean ezarri dituzten neurrietako batzuk aurkeztuko dituzte, horien artean, klima-aldaketa monitorizatzeko atari bat Nafarroaren kasuan, edo tenperatura altuen kin bizitzeko naturalizazioarekin eta bizikidetzarekin lotutako egokitzapen-proiektuak ezartzea Sevillako espazio publikoetan.
Topaketari amaiera emateko, parte hartzen duten eskualde eta udalerrien arteko solasaldi irekia eginen da, tokiko ekintza klimatikorako tresna berriak aztertzea xede hartuta.
Go Green Iruña
Iruñeko Udalak, 2020ko martxoan, ‘Go Green Iruña’ estrategia aurkeztu zuen, 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuen ildotik. Estrategia horrek hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduketa guztiak biltzen ditu, eta datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zehazten ditu. Estrategia hori Udalak 2019ko irailean Klima Larrialdia aitortu ondoren taxutu zen, Udalak udal-eraikin guztiak ia energia-kontsumorik gabeko irizpideekin bat eraikitzeko konpromisoa hartuta. Alkateen Itunaren eskutik, Iruñeak konpromisoa hartu du 2030ean isurpen kutsagarriak % 40 murrizteko 2005ekoekin alderatuta.
Go Green estrategiaren barruan, auzoetako zaurgarritasunak aztertu dira, Arrotxapean Energia Positiboko Auzoak kontzeptua lantzen hasi dira eta Mendillorriko energia-komunitatea abian jarri da, besteak beste.
Europako ekimena
Alkateen Ituna 2008an sortu zen, Europako Batzordearen eskutik, Europar Batasunaren klimaren eta energiaren arloko helburuak beren borondatez lortzeko eta gainditzeko konpromisoa hartu zuten tokiko gobernuak biltzeko asmoz. Hiru urte geroago, Ekialdeko Europara zabaldu zen, Bielorrusia, Ukraina, Moldavia, Armenia, Georgia eta Azerbaijanera, besteak beste. Jauzirik handiena 2017an eman zuen, Itunaren eskualde-bulegoak Ipar Amerikan, Latinoamerikan eta Kariben, Txinan eta Asiako hego-ekialdean, Indian eta Japonian zabaldu zirenean, Europan, Mediterraneoan eta Saharaz hegoaldeko Afrikan zeudenen osagarri. Gaur egun, tokiko ekintzen bidez klima zaintzen eta babesten parte hartzen duten hirien munduko mugimendurik handiena da. Izan ere,57 herrialdetan banatutako 7.000 tokiko eta eskualdeko agintarik baino gehiagok sinatu dute Alkateen Ituna.
Itun horren xedea da sinergiak sortzea, ingurumen-arloko eragileen esperientziak eta indarguneak aprobetxatzea, energia fosilen kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko bidean aurrera egiten jarraitzeko, mugikortasun jasangarri, ekonomia zirkular eta kontzientzia klimatikoranzko bidean, etxeetatik hasi eta enpresa eta administrazioetaraino. Alde horretatik, administrazioen arteko lankidetza funtsezko elementuetako bat da.