Iruña Hiria Nazioarteko XIX. Poesia Saria antolatu dute: apirilaren 30ean bukatuko da lanak aurkezteko epea

Iruña Hiria Nazioarteko XIX. Poesia Saria antolatu dute: apirilaren 30ean bukatuko da lanak aurkezteko epea
Berrikuntza gisa, aurten, modalitate eta egile bakoitzeko obra bakar bat aurkezten ahalko da
Certamen


Apirilaren 30ean (asteazkena), 14:00etan, amaituko da Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko XIX. Poesia Sariaren ediziora lanak aurkezteko epea. Aurten ere, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateak izanen ditu lehiaketak. Aurtengo berrikuntza nagusia honako hau izanen da: lan bakar bat aurkezten ahalko da modalitate eta egile bakoitzeko. 

Aurkeztutako lanek guztiz argitaratu gabeak izan behar dute, aurretik ebatzitako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak, eta une honetan beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen ari ez direnak. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izanen dira aurkeztu. Poema-bildumen gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa. Modalitate bakoitzeko lan hoberenak 3.000 euroko sari bakarra izanen du. Sari ekonomikoa emateaz gain, lanak argitaratuko dizkiete irabazleei.  Sariaren epaia ekainean emanen da argitara. 

Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta. Poemak tarte bikoitzean idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Jatorrizko lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkezten ahalko dira. Azalean izenburua eta leloa jarriko dituzte. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilearen izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Lanarekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu.

Lanak aurkeztea
Lanak posta ziurtatu bidez edo posta elektroniko bidez aurkezten ahalko dira. Posta ziurtatuaren bidez aurkeztuz gero, Nafar Ateneora bidali beharko dira (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa); gutun-azalean honako hau adierazi behar da: “IRUÑA HIRIA Nazioarteko XIX. Poesia Sarirako”. 

Halaber, lanak posta elektroniko bidez bidaltzen ahalko dira honako helbidera: ateneo@ateneonavarro.es; bi fitxategi bidali beharko dira: batean lana erantsiko da, eta bestean, egileari buruzko datuak jarriko dira (izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa).  

Iazko lehiaketan, 453 olerki-bilduma aurkeztu ziren, 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz, 95 emakumezkok eta 336 gizonezkok sortuak. Nadia Fabo Andresen gaztelaniazko Pitx eta Joseba Esparza Gorraizen euskarazko Ttau eta biok izan ziren Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Sariaren irabazleak.


 

¿Te ha sido útil esta página?