
Iaz, Iruñeko Udaltzaingoak sei salaketa helarazi zituen epaitegietara ustezko gorroto delituak zirela-eta, eta hirian jazotako gorroto delitu baten berri izan zuen. Salaketak homofobiagatik, irainengatik eta biktimen sexuagatiko erasoak zirela-eta izan ziren nagusiki. Gaur goizeko Lehendakaritza Batzordean jakinarazi dituzte urteroko “Iruña gorrotoaren aurrean” programaren inguruko txostenaren datuak.
Iruñeko Udaltzaingoak eta hamabi elkartek baino gehiagok jarri zuten martxan “Iruña gorrotoaren aurrean” proiektua, 2021ean, bai gertakari arrazista eta xenofoboak eta bai gorroto diskurtso eta delituak identifikatu, borrokatu eta haiei aurrea hartzeko. Iaz aurkeztutako sei salaketek jarrera homofoboekin dute zerikusia: aisialdirako guneetan izandako irainak eta adierazpen homofoboak, LGTBI banderak erre izana, bizilagunen komunitate batean izandako jazarpen homofobo eta xenofoboa, pertsona batek jasandako adierazpen homofoboak eta zauri arinak, eta homosexualak ibili ohi diren inguru batean auto bati kalteak egin izana.
Gainera, gaur goizean aurkeztutako urteroko txostenean zirkulazio arazo baten ondorioz sortutako eztabaida batean jazo zen gorroto jokabide bat ere badago jasota. Istripua izan zuten bi ibilgailuetako bateko gidaria oldartu egin zitzaion beste ibilgailuko gidariari, eta haren jatorriarekin lotutako irainak esan zizkion.
Bilerak, prestakuntza eta eztabaidaguneak
Salaketak eta gertakariak alde batera utzita, Iruñeko Udaltzaingoak hainbat ekitaldi eta prestakuntza saiotan hartu du parte gorroto delituak eta arrazagatiko diskriminazioa lantzeko. Iazko otsailean, hedapenerako eta prestakuntzarako jardunaldi bat egin zen Udaltzaingoaren egoitzan hainbat zerbitzu ezagutarazteko: Migrazioen arloko orientazioko eta informazioko zerbitzua (atzerritartasunaren arloko kudeaketarako leihatila bakarra, oso erabilgarria bide publikoari lotutako esku-hartzeei eta galderei irtenbidea emateko ), Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako zerbitzua edo AXAZ (arrazismoaren eta xenofobiaren biktimak artatzeko gunea, gertakariak penalak izan zein ez), eta Atzerritartasunaren arloan arreta eta aholkularitza emateko zerbitzua.
AXAZen eta Nafarroako polizien lan-mahaien barruan, lau bilera egin zituzten hiruhileko bakoitzean arrazismoarekin eta xenofobiarekin lotutako egoerak lantzeko. Bilera horietan, AXAZen bulegoko ordezkariek, Polizia Nazionaleko kideek, Guardia Zibilaren ordezkariek, eta Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideek hartu zuten parte. . Hainbat gai landu zituzten: estatistikarekin lotutako kontuak, jasotako kexak, egindako jarduerak eta polizien arteko koordinazioarekin eta jarduketa-protokoloekin lotutako gaiak.
Martxoan, Udaltzaingoa “Iruña arrazakeriaren aurka. Desafioak, erronka eta arriskuak” eztabaidaguneak antolatutako hitzaldi batean izan zen. Azkenik, azaroan Udaltzaingoak bide-segurtasunaren inguruko beste prestakuntza saio bat eman zien SEI zerbitzuko ikasleei: familiak berrelkartzeko eta migrazio-doluko prozesuetan laguntzeko Nafarroako zerbitzua da SEI.