Lehen Hezkuntzako ikasleek hiriko historiara modu atseginean ezagutzeko aukera izanen dute ‘Iruña ezagutu’ udal-programaren bitartez. Doako ekimen hori Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduei zuzenduta dago, Lehen Hezkuntzako ikasleei berariaz zuzenduta badago ere. Programak edukiak garatzen eta artearen eta historiaren esparruan gaitasunak eskuratzen laguntzen du, hezkuntza-curriculumaren ildoarekin bat.
Programa horrek hiriaren historia eta bilakaera ezagutzea errazten du, ondare historikoa ezagutzen eta tradizioak eta ohiturak identifikatzen lagunduz. Gainera, emakumeek hiriko espazioetan utzitako aztarnak eta Iruñeko historian eta kulturan bereziki esanguratsuak izan diren emakumeak ikusaraztea ahalbidetzen du. Horretarako, hiru orduko bisita eginen da Alde Zaharrean barna.
Ibilbidea "denbora-sareen" arabera antolatuta dago, hala, ibilbidean aurrera egitean, hiriko bilakaera historikoan kronologikoki aurrera egiten da. Ibilbidean zehar Iruñeko historiaren garai nagusien arteko trantsizioak nabarmentzen dira, eta trantsizio horiei bide eman zieten testuinguru historikoa eta mekanismo sozial, ekonomiko eta kulturalak azpimarratzen dira.
Jarduera ikasturtean zehar eginen da, eta ikastetxetik abiapuntura autobusez, doan, joateko aukera dago. Bisita zein hizkuntzatan egin aukeratu daiteke, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen baita. Udalak jarduera ‘Ezagutu Iruña’ material didaktikoarekin indartzen du: liburu bat, album bat, kromoak, txartelak eta webguneko lan-fitxak. Hala, ikasleek bisita egin aurretik, bitartean eta ondoren lan egiten dute, emaitza osatuagoak lortze aldera.
Ekainetik irailera bitarte erreserbatzen den ikasturteko Lehen Hezkuntzarako eskaintzaz gain, hiriko zein kanpoko beste hezkuntza-maila batzuetako taldeek bi orduko bisitak egiten ahal dituzte. Eskaintza horren barruan bederatzi ibilbide eskaintzen dira: ‘Jatorritik gaur egun arte’, ‘Donejakue bidea’, ‘Bizitza Arga ibaiaren ertzean’, ‘Harresien sekretuak’, ‘Erdi Aroko Iruña’, ‘ Ziudadela’, Iruña eta argien mendea’, ‘Modernismoa’ eta ‘Iruña Literarioa’. Bisita horiek hemen eskatzen ahal dira: https://reservascp.es/.
Joan den ikasturtean Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 1.613 ikaslek, 65 taldetan banatuta, parte hartu zuten programan. Ikasle horiek hiriko 27 ikastetxetakoak ziren. Halaber, beste hezkuntza-maila batzuetako 35 taldek (guztira 875 pertsona) parte hartu zuten.
‘IRUÑA EZAGUTU’
Hiru orduko bisita gidatuak Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleendako
- Doako jarduera, ikasturtean zehar egiteko. Erreserba egiteko epea: ekainetik irailera bitarte
- Bisitak ‘Ezagutu Iruña’ material-didaktikoarekin indartzen dira
Bi orduko ibilbideak interesa duen edozein ikasle-talderendako
- https://reservascp.es/ webgunean egin daiteke erreserba