Belosoko aldapako oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbidea prest dago dagoeneko, eta aurreikuspenen arabera, 50.000 lagun inguruk erabiliko dute. Iruñeko eta Burlatako Udalek gaur goizean ikusi dituzte lanak: 14 hilabete iraun dute, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmena oinarri hartuta. Herritarrek espaloi zabala izanen dute hemendik aurrera, baita 1.190 metro luze den bi noranzkoko bidegorri bat ere: galtzadatik bereizita dago, eta Belosoko aldapa eta Nafarroa Behereko etorbidea lotzen ditu. 4.847.800 euro inbertitu dituzte lanak egiteko (BEZa barne); inbertsioaren % 82 Next Generation EU funtsen bidez ordainduko dute, Europar Batasuneko Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak esleitu ditu funtsak, 4,082 milioi euro jo arte.
Lanen harrera-ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Joseba Asiron Iruñeko alkateak; Berta Arizkun González Burlatako alkateak; Óscar Chivite Cornago Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Alicia Echeverría Jaime Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Halaber, bertan izan dira zinegotziak, zuzendariak, teknikariak eta Osés Construcciones enpresaren arduradunak, enpresa horrek egin baititu lanak. Ibilbide berrian barna ibili dira guztiak, egindako lanak eta ibilbidearen eta erriparen diseinua hobetzeko hartutako neurriak bertatik bertara ikusteko.
Obra berezia, eta bi metro baino gehiagoko zabalerako hegala
Ibilbidearen diseinu berriari esker, ibilgailu motordunak Iruñera sartzeko erreien zabalera murriztu da, eta ondorioz, ibilgailu horiek abiadura murriztuko dute, zirkulazioa baretuz; bestalde, argi geratu da ibilbidean hegal bat eraiki behar dela. Bi metro zabal baino gehiagoko hegal hori ezpondaren egungo euste-hormaren gainean dago, eta funtsezkoa izan da espaloia eta bidegorria handitzeko. Lanei esker, modu orekatuagoan erabiltzen ahal da ibilbidea, eta hala, ibilerraztasuna eta bizikleten erabilera hobetzen dira, oinezkoak ibiltzeko bidea eta txirrindulariena bereizten da, eta ondorioz, joan-etorriak seguruagoak izanen dira. Horiek horrela, oinezkoendako 3,60 metroko espaloi bat eta 3 metroko bidegorri bat sortu dira, oinezkoendako plataformatik eta ibilgailu motordunen erreitik metro bat bereizita.
Proiektua 4.033.332,93 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) esleitu zen eta hura gauzatzeko epea lau hilabetekoa da. Aitzitik, 2024ko martxoan, lanak hasi zituztenean, aurreikusten ez ziren hobekuntza batzuk egin behar izan dituzte, 814.521,55 euroan (BEZa barne). Ondorioz, azken aurrekontua 4.847.800 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea bi hilabete luzatu dute. Guztizko zenbatekotik 633.246,73 euro hiru aldeek sinatutako hitzarmenaren bidez finantzatzen ahal dira.
Hobekuntzak: zuhaitzak, berdeguneak eta begiratokiak birjarri eta hobetu dituzte
Amaya Kirol Kluberako eta Eurostars hotelerako sarbideak hobetu dituzte, bai eta igotzeko bi erreiak txukun jarri ere; lan horiek ez zeuden aurreikusita jatorrizko proiektuan.
Baina horiek ez dira izan hobekuntza bakarrak. Obra eraldatzen joan da beharrak atzeman ahala, eta horiei erantzuteko proposamenak egin dituzte prozesuan zehar, ingurua atseginagoa eta seguruagoa izateko. Horiek horrela, enpresa adjudikaziodunak hobekuntza batzuk egitea proposatu zuen, kostu erantsirik gabe; proposamen horietako bat hauxe izan da: ibilbidean hiru begiratoki panoramiko eraikitzea, atsedengune moduan. Begiratokiak leku hauetan eraikitzea proposatu zuten: aldaparen hasieran, hau da, Belosobeitiren parean, aldaparen erdian eta Media Luna parkearen bukaeran.
Halaber, beste hobekuntza hau proposatu zuten: Belosoko aldapako 17 zuhaitz birlandatzea eta erriparen ingurumena hobetzea. Lanak bukatu ondoren, oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbideak 112 zuhaitz handi eta ertain ditu. Zuhaitz-bide hori oinezkoendako espaloiaren eta bidegorriaren arteko pantaila da, eta gainera, bide publikoko landareen egoera hobetzen du. Igarobide jasangarriaren lanetan 119 zuhaitz kendu zituzten, eta horietatik 17 ibaiaren ondoko Udalaren landa batean birlandatu zituzten. Hain zuzen ere, Belosoko aldapan 112 zuhaitz landatzeari esker, aurretik zeuden zuhaitz guztiak berreskuratu dituzte. Zuhaitz-bide horren ondoko begiratokietan landareak eta loreak landatu dituzte. Gainera, berreskuratze-lanak egin dituzte Erripako gune batzuetan eta ibaiaren ondoko udalaren landako eremuan zuhaitzak landatuta.
Jatorrizko barandan zegoen hiriko armarria berreskuratu dute
Iruñeko udalak kudeatu ditu lanak, eta beharrezko hobekuntza batzuk atzeman zituen: besteak beste, bidegorriaren eta gasolindegi zaharreko espaloiaren trazadura aldatzea eta argiteria publikoa indarrean den araudira egokitzea. Hobekuntza guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin adostu ziren.
Gainera, baranda zaharretan zegoen lehoiaren armarria berreskuratu dute, eta baranda berrietan txertatu dute. Hala, baranda zaharretan zeuden lehoi guztiak berreskuratu dituzte, eta 95 txertatu dituzte baranda berrietan: 14 metrotik behin jarri dituzte armarriak, begiratokietan izan ezik, horietan 7 metrotik behin jarriko baitute armarria. Halaber, berdez pintatu dute baranda, Iruñeko jatorrizko kolore bereizgarria baita.
Horrez gain, beste lan hauek egin dituzte: abiadura-murriztaileak (kuxin berlindarrak) jarri dituzte Amaya Kirol Elkartera eta hotelera sartzeko errepideetan, eta bidegorriak eta galtzada mugatzeko elementuak aldatu dituzte. Bi lan horien helburua da bi bidegurutze horietan ikusgaitasuna hobetzea, eta bidegorriaren eta bi eraikinetara sartzeko erreien zirkulazioa baretzea.
Elkarlana eta herritarrei esker ona erakustea
Joseba Asiron Iruñeko alkateak instituzioen arteko elkarlana eta Next Generation EU Europako funtsen ekarpena nabarmendu ditu; izan ere funtsezkoak izan dira proiektua gauzatu ahal izateko eta hiriko gune hori oinezkoendako eta txirrindulariendako atseginagoa izan dadin. Halaber, herritarrei eskerrak eman dizkie, lanak egin bitartean erakutsitako gizabide eta pazientziarengatik; izan ere, lanek zirkulazioan eragina izan dute, eta ondorioz, bide alternatiboak erabili behar izan dituzte iruindarrek. “Gaur hobe lotzen gaituen eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen azpiegitura bat inauguratzen dugu, Beloso gune enblematikoa hobetzen duena.” “Ziur baikaude arduraz lan egiteak eta interes orokorrean pentsatzeak beti merezi duela”, laburbildu du alkateak.
Berta Arizkun González Burlatako alkateak, berriz, “bizilagunek lanak egin bitartean gure kaleetan izandako gehiegizko trafikoa jasateko izan duten pazientzia” aitortu eta eskertu du. Halaber, hauxe azpimarratu du: “obra horri esker, oinezkoen eta txirrindularien irisgarritasunean aurrera egiten du Burlatak, eta Aretako zubian egin berri diren obren osagarriak dira, Udal honek Maria Azkarate kalean bidegorri bat eraikiko baitu lan horiei jarraipena emateko.” “Lanek aukera ematen dute udalerri erresilienteagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa sortzeko eta mugarriak ezartzeko Udal honek 2030 Agendarako dituen helburuetan”, amaitu du.
Óscar Chivite Cornago Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak gogorarazi du Belosoko bidegorria “ Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetan finantzatutako txirrindulariendako azpiegitura garrantzitsuena dela”. Halaber, nabarmendu du inbertsioa “Nafarroako Gobernuak politikak nola kudeatzen dituen ulertzeko modu bat dela” eta gogorarazi du “beti defendatu dugu proiektu hau batu egiten duen ekimen bat dela”. “Administrazio guztien artean, narriaturik zegoen ibilbide bat oinezkoendako bide atsegin bihurtu dugu. Iruñeak balio handiagoa duen gune bat du orain”, defendatu du; Amaitzeko, eskerrak eman dizkie herritarrei haien “ jarrera eredugarriarengatik”.
Azkenik, Alicia Echeverría Jaime Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak adierazi du bidegorria gobernu zentralak bultzatutako mugikortasun jasangarriko politika berriaren parte dela, Europar Batasuneko Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Alicia Echeverríaren hitzetan, paradigma aldaketa bat, “angelu guztietatik txirrindula erabiltzea sustatzen duena”. Adierazi du horretarako “erabiltzaileen artean konfiantza sortu behar dugula, eta horretarako funtsezkoa dela bizikletek hirigunetan zirkulatzeko azpiegitura eta gune aproposak eta seguruak behar direla”. Gainera, Nafarroako instituzioek Europako funtsak “egoki kudeatu dituztela” balioetsi du.