Iruña Espainiako bosgarren hiria da auto elektrikoak kargatzeko leku-kopuruari dagokionez, eta Madril, Bartzelona, Bilbo eta Valentzia bakarrik ditu aurretik

Iruña Espainiako bosgarren hiria da auto elektrikoak kargatzeko leku-kopuruari dagokionez, eta Madril, Bartzelona, Bilbo eta Valentzia bakarrik ditu aurretik
Iruñean azken urte erdian egindako karga-kopurua % 250 igo da aurreko aldiarekin alderatuta
recargo coches

 

Iruñean badira ibilgailu elektrikoendako 46 kargagune hirian barna banatuta eta beti puntu estrategikoetan jarrita haien erabilera errazteko. Datu horren arabera, Nafarroako hiriburua kargagune gehien dituen Espainiako bosgarren hiria da, eta bakarrik biztanle askoz gehiago dituzten hiriak ditu aurretik, hala nola Madril, Bartzelona, Bilbo eta Valentzia. Halaber, erabilera esponentzialki handitzen ari da azken hilabeteetan, eta horren froga da azken urte erdian aurreko aldian baino % 250 karga gehiago erregistratu direla. Iruñeko Udalak ‘Go Green Iruña’ estrategiaren bidez mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustua esparru horretan ere gauzatzen da, ‘ECO’ edo zero isurpeneko ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzen duten neurri ekonomikoetan; izan ere, ibilgailu horien jabeek hobariak dituzte zergetan eta ez dute eremu urdina ordaindu behar.

Iruñean ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituren erabilerari lotutako datuek argi uzten dute herritarrak pixkanaka ari direla sistema horren aldeko apustua egiten. Goranzko joera hori geroz eta nabariagoa da hilabetez hilabete, 342 erabiltzailek baitute jada erabilera-txartela erregistratuta, eta denbora-tarte horretan altak % 142 gehiago izan dira aurreko aldiarekin alderatuta. Halaber, azken urte erdian ia 1.800 karga egin dira.

Iruñean ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen azpiegiturak hiru aukera-mota eskaintzen ditu. Kargagune erdi azkarrak, azkarrak eta bi horien arteko nahasketa bat dira. Bateria betetzeko denbora ordubetetik beherakoa da aukerarik azkarrenetan, eta ia sei ordukoa karga-abiadura txikiagoko aukeretan. Iruñeak ibilgailuak kargatzeko dituen lekuak puntu sinpleetan eskaintzen dira, kargagune bakarrekoak –gutxienez bi aparkaleku-plazarekin– edo bikoitzak, non bi karga-zutoin berdin egon daitezkeen (azkarrak edo erdi azkarrak) edo bi horien arteko nahasketa bat, ibilgailuak kargatzeko 4 lekurekin.

Hiriburuan barna banatuta dauden karga-zutoin gehienak ‘Vilalta’ enpresak jarri ditu martxan, jabari publikoko administrazio-emakida baten bidez. Sisteman alta ematea nahiz kargen kontratazioa eta ordainketa enpresa emakidadunak erabiltzaileen eskura jarri duen aplikazio baten bidez (Pamplona EVCharge) eginen dira. App horri esker kargaguneen okupazioa kontsultatu, kargatzeko erreserbak aurrez egin eta intzidentzien berri eman daiteke, eta 24 orduko arreta zerbitzua du.

Onura ekonomikoak isurpen baxuko ibilgailuak sustatzeko

Iruñeko Udalak onurak eskaintzen dizkie ‘ECO’ edo zero isurpeneko ibilgailu elektrikoen jabeei. Lehenengoek % 25eko hobaria dute trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, eta bigarrenek % 50ekoa. Halaber, zero isurpeneko ibilgailu elektrikoek ez dituzte Iruñeko eremu urdineko tasak ordaindu behar. Abantaila horren onuradun izateko, eta Aparkatze Mugatuko Eremuetan eta Erreserbatutako Aparkatze Guneetan ordainketarik egin behar ez izateko, jabeek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ematen duen bereizgarri ofiziala eduki behar dute.

Etiketa hori duten ibilgailuen kopuruaren bilakaerak oso argi uzten du ibilgailu elektrikoen kopuruak gora egin duela Iruñean. 2011n, erregistratuko ibilgailuak lau besterik ez ziren, eta sei urte geroago kopurua hirukoiztu egin zen; 2018az geroztik (30 ibilgailuk zuten bereizgarria), kopuru hori esponentzialki handitu da, iazko 284ra iritsi arte.

Iruña, zero isurpeneko mugikortasunaren aldeko apustua egiten duen hiria

Ibilgailu elektrikoen eta zero isurpeneko ibilgailuen aldeko hautua ‘Go Green Iruña’ estrategiaren barruan Iruñeko Udalak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustuaren parte da. Hiriaren adibidea azpimarratu egin dute ostegun honetan Nafarroa Arenan egin den profesionalendako Ecomovers jardunaldian. Zehazki, Alejandro Astibia Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zuzendariak ‘Mugikortasun berdea bultzatzea’ panelean (Sodenak gidatua) aurkeztu ditu arlo horretan Udalaren aldetik egiten ari diren pausuak.

Merkatuan erabilera profesionala bermatzeko fidagarritasun nahikoa duten lehen ibilgailu elektrikoak agertu zirenetik, Iruñeko Udalak mota horretako auto eta furgoneten unitateak bere flotan sartzearen aldeko apustua egin du. 2010ean dagoeneko abian jarri zen Iruñean ibilgailu elektrikoa sartzeko plana (PIVEP), eta hiriko lehen bost kargaguneak martxan jarri ziren. Gaur egun, Udalak baditu ‘zero isurpeneko’ hamar ibilgailu, elektrizitatearen bidez bakarrik dabiltzanak, eta erosketa-politikan, erosketa edo aldaketa bakoitzean, beti baloratzen dira konponbide-mota horiek.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?