‘Iruña, Ekintzaile’ programaren edizio berriak ekonomia berdearekin zerikusia duten negozio-ideiak sortzeko eta garatzeko prestakuntza du xede

‘Iruña, Ekintzaile’ programaren edizio berriak ekonomia berdearekin zerikusia duten negozio-ideiak sortzeko eta garatzeko prestakuntza du xede
Iruñeko Udalak eta CEINek sustatutako programan izena emateko epea zabalik dago apirilaren 23ra bitarte

 

 

Iruñeko Udalak eta CEINek sustatutako ‘Iruña, Ekintzaile’ programa martxan jarriko da aurten ere, negozio-ideiak antzeman eta garatzeko gogoz diren pertsonei babesa eta prestakuntza emateko. Edizio honek ardatz hartuko du ekonomia berdea esaten zaion horri lotutako enpresa-proiektuen garapena, honako esparru hauetan: energia, mugikortasuna, birziklatzea, eraginkortasuna, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra., besteak beste.

Prestakuntza horretan interesa dutenek doan eman dezakete izena apirilaren 23ra arte, Iruñeko Udalaren (www.pamplona.es) eta CEINen (www.cein.es) webguneetan eskuragarri dagoen formulario baten bidez, eta informazioa jasoko dute programaren garapenari buruz. Parte-hartzea eskatzen dutenen artean, gehienez 20 pertsona hautatuko dira eta horiek 300 orduko prestakuntza-programa batean arituko dira. Programa hori maiatza eta ekaina bitarte eginen da, onlineko saioen, aholkularitza-saioen eta banakako eta taldeko lan-saioen bidez.

Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkari Ana Elizaldek eta CEINeko kontseilari ordezkari Pilar Irigoienek gaur goizean ‘Iruña, Ekintzaile. Ekonomia Berdea’ programa aurkeztu dute, zeinean hautatutako parte-hartzaileek ekintzailetza-proiektu bat sortzen eta egituratzen ikasiko baitute, hura enpresa berria bilakatu dadin. Horretarako, ekintzailetzan eta ekonomia berdean ekiteko aukeretan adituak diren CEINeko adituen laguntza izanen dute, baita mentoreena ere, proiektuei feedback-a emateko.

Programaren garapenean, berariazko prestakuntza izanen dute ekintzailetzan, Learning by doing (eginez ikastea) eta Lean metodologien bidez haien ideiak zehaztu eta konfiguratzeko eta horiek enpresa-proiektu bihurtzeko, ekintzailetzarako gaitasunak garatuz. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: sormena eta berrikuntza, ekiteko baliabideak identifikatzea, balio-proposamena, marketing-a, finantzaketa eta salmentak.

Eskola magistralak online

Onlineko hiru master classen bidez, ‘Iruña, Ekintzaile’ programak adituen eskutik interesdunei ideiak eta inspirazioa emanen die ekonomia berdeak negozio berriak sortzeko eskaintzen dituen aukerei buruz, bai eta arlo horretan ekin dutenen esperientziak ere. Onlineko saio horiek eskuragarri egonen dira Iruñeko Udalaren eta CEINen webguneetan. Apirilaren 6, 16 eta 23an izanen dira, hau da, izena emateko epean, beraz gaian interesa duten pertsona guztiei zuzenduta daude, prestakuntza egiteko hautatua izan ala ez.

Apirilaren 6an, asteartearekin, ESADEko irakasle eta Center for Innovation in Cities – ESADEko zuzendari Esteve Almirallek emanen die hasiera maisu-eskolei, hiria ekintzaileendako aukera-plataforma gisa hizpide duen saioarekin. Europako Living Labs Sareen sortzaileetako bat da (400 Living Labs baino gehiago ditu mundu osoan), eta Europako inpaktu handiko zenbait proiektu koordinatu ditu, hala nola Open Cities eta Commons for Europe.

Apirilaren 16an, ostiralarekin, Ekologia eta Garapena Fundazioaren (ECODES) kofundatzaile eta zuzendari Victor Viñualesen txanda izanen da, eta ‘Hacer las paces con la naturaleza: oportunidades sostenibles y verde’ saioa emanen du. Halaber, Munduko Itunaren Espainiako Sareko lehendakariordea da, Biodiversidad Fundazioaren Aholku Batzordeko kidea, Finantza Arduratsu eta Jasangarrien Zentroko Adituen Kontseiluko kidea eta Espainiako Garapen Jasangarrirako Kontseiluko batzordekidea, beste kargu batzuen artean.

Azkenik, apirilaren 23an, InnoEnergyko kosortzaile eta Berrikuntza zuzendari Elena Bouk cleantech sektoreko ekintzailetzaren estrategia eta arrakasta kasuen inguruan hitz eginen du. InnoEnergiko berrikuntza-sistema diseinatu du, eta maila globalean kudeatzen du. 26 herrialdetan lanak eta cleantech eta energia jasangarriko 250 start-up baino gehiagoko inbertsio zorroa ditu.

¿Te ha sido útil esta página?