Iruña Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak bultzatutako tresna digital berrian sartu da; bertan, aterpetxeetan dauden toki libreei buruzko informazioa ematen da

Iruña Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak bultzatutako tresna digital berrian sartu da; bertan, aterpetxeetan dauden toki libreei buruzko informazioa ematen da
Iruñeko alkateak, Logroñokoak eta Nafarroa, Aragoi eta Gaztela eta Leongo Turismoko zuzendari nagusiek parte hartu dute aurkezpenean

Iruñeko Udalaren Jesús eta María erromesen aterpetxe-turistikoa tresna digital berrian sartu da, datorren irailaren 10etik aurrera Donejakue Bideko aterpetxeetan geratzen diren leku libreei buruzko informazioa denbora errealean emanen duen horretan. ‘ALBERGUES LoT’ du izena, eta Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak bultzatu du, Galiziako Aterpetxe Pribatuen Elkartearekin (Agaiber) elkarlanean. Tresna erkidegoen arteko lankidetzaren adibidea da, erromesei lurraldeen arteko zerbitzuak eskaintze aldera. Hasierako sarean Frantziako Donejakue Bideko 70 aterpetxe daude.

Kondestablearen jauregian egin den aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Enrique Maya Iruñeko alkate eta Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko lehendakariordea, Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismoko zuzendari nagusia, María Estrella Torrecilla Gaztela eta Leongo Juntako Turismoko zuzendari nagusia eta Pablo Hermoso de Mendoza Logroñoko alkate eta Donejakue Bideko Udalerrien elkarteko lehendakaria.

Okupazioa ezagutzea lehentasunezkoa osasun-segurtasuneko neurriak betetzeko
Hala, tresna digitalari esker, erromesek aukera izanen dute jakiteko toki horretan ohe librerik dagoen edo atzean utzitako herriren batera edo bideko hurrengora joan behar duten. Halaber, atera aurretik jakingo dute Bideak une horretan duen okupazio-maila, haien esperientzia hobeto antola dezaten. ‘ALBERGUES LoT’ tresna ‘Bidea’ app-aren bidez kontsultatzen ahalko da, baita hura txertatu nahi duten autonomia-erkidego edo toki-erakundeen aplikazio zein webguneetan ere.

Hasiera batean, asmoa zen proiektua 2021ean abiatzea, Urte Santu Xacobeoa baita, baina aurreratu eta aurten abiatzea erabaki da osasun-krisia dela-eta. Hain zuzen, krisiaren ondorioz segurtasun-neurri berriak ezarri dira, hala nola edukierak murriztea eta segurtasun-distantziak gordetzea. Gaur egun erromesaldia egiteko modua aldatu da, eta erromesak zaintzeko protokolo berriak sortu dira. Okupazio-maila jakitea lehentasunezkoa bihurtu da ezarritako araudia betetzeko eta erromesek ibilbidea segurtasun handiagoz egin dezaten. Tresna berriari esker, erromesek bidaiaren zati zehatz bati buruzko informazio gehiago eskuratu eta horrela erosotasun eta konfiantza handiagoa izanen dute.

Aterpetxeetako neurri berrien adibideak
Tresna kaleratu aurretik, Donejakue Bideko Udalerrien Elkartea lanean aritu da, azken hilabeteotan, Nafarroatik Santiagorako ibilbidea egitea ahalbidetzen duen aterpetxe seguruen sarea osatzeko. Adibidez, Jesús eta María erromesen aterpetxe turistikoaren kasuan, espazioa egoera berrira egokitu da, eta orain aurrez ohea erreserbatu behar da, nahitaez, 948222644 telefonora deituta. Gainera, edukiera murriztu da, garbiketa-neurriak indartu dira, eta sukaldearen erabilera eten, besteak beste.

112 leku ditu, baina edukiera % 50era murriztu da segurtasun-tartea bermatzeko. Hainbat osasun-neurri aplikatuko dira: Turismo-aterpetxeendako Turismo Kalitatearen Institutuak ezarritako protokoloan jasotakoak, Donejakue Bideko Udalerrien Elkartearen gomendioak eta ASPACEren prebentzio-zerbitzukoak (enpresa horrek kudeatzen du gunea).

104 udalerrik osatutako elkartea
Donejakue Bidearen Udalerrien Elkarteak Frantziako Bidea edo ibilbide tradizionala osoaren garapena sustatzen du. 2015ean eratu zen, eta Iruña 2018an sartu zen. 104 udalerrik osatzen dute. Horien artean daude, besteak beste, penintsulara sartzeko bi ateak, Luzaide-Orreaga eta Canfranc, hainbat hiriburu, hala nola Logroño, Leon eta Burgos, eta beste zenbait hiri: Ponferrada, Astorga, Naiara, Lizarra, Gares, Jaca, Santo Domingo de la Calzada eta Carrión de los Condes. Frantziako Bidea osatzen duten udalerri guztien bi heren baino gehiago dira.

Elkarteak xede du Donejakue Bideak zeharkatzen dituen udalerri guztien artean lankidetza-harremanak ezartzea, Donejakue Bidea babestu eta sustatze aldera. Horrez gain, guztien intereseko proiektuak sustatzen ditu, tresna berri hau, kasurako. Sektore pribatuarekin harremanak sustatzeko asmoz, enpresen foro bat abiatu du Astorgan. Halaber, batzorde zientifiko bat eratu dute, Logroñon, elkartearen ekintzak egokitzeko Donejakue Bideko jarduketek eskatzen duten zehaztasun akademiko, zientifiko eta kulturalera. Era berean, erakundeen arteko mahai tekniko bat abiatu dute lurralde ezberdinetako administrazio autonomiko, probintzial zein tokikoetako teknikariak biltzeko xedez.

 

¿Te ha sido útil esta página?