Beloso aldapatik Iruña-Burlata lotura berritzeko oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbidearen lanek aurrera egiteak hiri erdigunerantz doan zirkulazioaren gaineko eragin nabarmenak izanen ditu. Apirilaren 8tik (astelehena) aurrera, 17 zuhaitz birlandatzeko lanak amaitu ondoren, seinaleztapena jarriko da, eta apirilaren 15etik aurrera, erdibitzailea egokitzeko lanak eginen dira. Erdibitzailea metro erdiko zabalerara murriztuko da 900 metroko luzeran, eta Burlatarako noranzkoan zintarria mantenduko da. Egun horretatik aurrera (apirilak 15) lehenengo trafiko-mozketak eginen dira.
Aurreikuspenen arabera, lan horiek bost aste inguruko iraupena izanen dute eta gero espaloian bertan eginen diren jarduketekin luzatuko dira (12 hilabete guztira). Lanek zirkulazioa oztopatuko dute bi puntu nagusitan: Beloso aldapan bertan, erdialderantz igotzeko errei bakar batekin geratuko dena, eta, beharrezko neurriak hartzen ez badira, Labriteko aldapan ere, Txantrea eta Magdalena zeharkatzen dituzten ibilbide alternatiboek bat egiteko arriskua baitute. Hori saihesteko, Udaltzaingoak ibilbide alternatibo batzuk diseinatu ditu, bi puntuetan sortzen ahal diren "botila-lepoak" saihesteko. Horrela adierazi dute gaur prentsaurrekoan Borja Izaguirre Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotziak eta Joxe Abaurrea Hirigintzako zinegotziak, Alexia Canto Mugikortasun Zerbitzuko arduradunarekin eta José Rey Udaltzaingoko Trafiko-ardunarekin batera.
Lau alternatiba erdigunera sartzeko Belosotik eta Labritetik pasa gabe
Iruñeko Udalak diseinatu duen Trafikoko Planaren barruan, hiru ibilbide alternatibo identifikatu dira iparraldeko auzoetatik erdigunera Belosoko aldapa eta Labriteko aldapa saihestuta sartzeko Lehenengoak Txantrean eta Orvinan eragina du. Udaltzaingoak gomendatzen du San Kristobal kaletik edo Donejakue Bidearen parkeko bide berritik jarraitzea, Labriteko aldapa igo gabe, Vergel eta Arga Ibaiaren kaleetarantz, Oblatuen zubira arte. Handik, Erreginaren aldapatik edo Donibanetik erdigunera sartzen ahalko da.
Proposatutako bigarren ibilbideak Arrotxapeari eragiten dio. Iruñera sartzeko Arga Ibaiaren kalea, Oblatuen zubia, Biurdana eta Erreginaren aldapa Donibaneraino igarotzea gomendatzen da. Txantrea eta Orvinakoekin elkartuko diren barneko ibilbideak dira, eta beraz, puntako orduetan auto-ilarak sor litezke. Hala ere, Udaltzaingoak uste du proposatutako bideek ongi xurgatuko dutela aurreikusitako zirkulazioren gorakada (egunean 5.000 kotxe gehiagoko goren uneak).
Hirugarren alternatibak Iruñera A-15etik eta Buztintxuritik heltzen diren ibilgailuei eraginen die. Ipar Ingurabidera joan ordez, Nafarroa etorbidetik Donibanerantz sartzea gomendatzen da, La Olivako Monasterioaren kaletik. Gipuzkoako etorbidetik sartzen direnek, Biurdanaratz biratu beharko dute, Erreginaren aldapan barna La Olivako Monasteriora heltzeko.
Hiru ibilbide horiek laugarren batekin osatuko dira. Ekialdetik erdigunera Sarrigurengo errepidetik sartzea gomendatzen da. Errepide hori, halaber, alternatiba bideragarri gisa eskainiko da Atarrabiatik edo Uhartetik Iruñera Aretako loturaren bidez iristen ahal den trafikorako. Belosoko aldapan irekita egonen den errei bakarretik sartzea, batez ere, garraio publikoarendako (4. linea) eta Burlatatik datozen ibilgailuendako izanen litzateke.
Ingurabidea moztuta eta garraio publikoa erabiltzea Beloson trafikoa % 50ean murrizteko
Gaurko agerraldian, Abaurreak eta Izagirrek Trafikoko Planaren barruan Bizkarmendia kalea –Burlatan, Iruñeko noranzkoan, ingurabide gisa erabiltzen dena– moztea aurreikusten dela azaldu dute. Hala, bide horretako biribilguneak apirilaren 15etik (astelehena) aurrera baliogabetuko dira, bizilagunen sarbideetarako salbu, eta Ezkabako tuneletatik datorren trafikoa ezin izanen da bide horretatik sartu eta soilik joaten ahalko da Ipar Ingurabiderantz (Iruñera Txantreako, Antsoaingo edo Artikako kanpoko biribilguneetatik sartzeko) edo Atarrabiako etorbiderantz (Txantrea eta Orvinarako diseinatutako ibilbide alternatiboarekin bat egiteko) edo Atarrabiarantz (erdigunera Aretatik eta Sarrigurengo etorbidetik sartzeko).
Lanak garraio jasangarria aldarrikatzeko aukera gisa baliatu nahi dira, 2030 Agendaren helburuen ildoan, garraio publikoaren, bizikletaren eta beste garraiobide alternatiboen erabilera bultzatuz. "Une egokia da garraiobide jasangarriak erabiltzeko kanpainak indartzeko eta hori planteatzen ari zen jendea ibilgailu pribatua uztera eta beste garraiobide batzuk aukeratzera animatzeko", animatu du Abaurreak.
José Rey Udaltzaingoko trafiko-arduradunak prentsaurrekoan azaldu duen bezala, Belosoko egungo zirkulazioa 11.600 ibilgailu ingurukoa da eta 881 ibilgailuko intentsitatekoa puntako orduetan. Bide hori kolapsatzea saihesteko, helburua fluxu horiek erdira murriztea litzateke, 6.000 ibilgailu ingurura gehienez ere. “Lortu behar dugu”, azpimarratu du.
Seinaleztapen-eraztun bikoitza, argibide-liburuxka eta 012 arreta telefonoa
Ibilbide alternatiboak kartel eta seinaleekin indartuko dira zirkulazioa errazteko. Zehazki, bi seinaleztapen-eraztun diseinatu dira, bat Ipar Ingurabide osoan zehar eta Burlatako Bizakarmendia kalean (kanpoko eraztuna), eta beste bar Txantreako eta Magdalenako sarbideetan Labriteko aldapan egon litezkeen arazoez ohartarazteko (barneko eraztuna). Apirilaren 2an, seinaleen zati bat agerian egonen da, Belosori dagokionez, eta apirilaren 8tik aurrera (astelehena) denak agerian egonen dira, egun horretatik aurrera, Aste Santuko jaien ondoren, eraginik handienak hasiko direla aurreikusten baita.
Kanpoko eraztunaren barruan, Ezkabako tunelak baino lehen, desbideratzeei buruzko informazio-kartelak jarri dira, PA-30 errepidetik Uharterantz desbideratzeko gomendioarekin, eta Berriozarretik etorrita erdigunera sartzeko aukera ematen duten biribilgune guztietan (Gipuzkoako etorbidean, Artikako errepidean, Antsoaingo errepidean eta Canteras kalean). Barneko eraztunean seinaleak jarriko dira Atarrabiako etorbidean, San Kristobal kalean eta Magdalena kalearen eta Irubide parkearen arteko biribilgunean, Vergel zubiaren aurretik.
Seinaleztapen-sistema bikoitzaz gain, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Komunikazio Plan bat diseinatu du. Plana hiru ardatzetan egituratzen da: informazioa emateko zerbitzu iraunkorra, 012 telefonoaren bidez; informazio-kanpaina komunikabideetan eta sare sozialetan, eta, azkenik, obrek ukitutako Udal guztietan (Iruña, Burlata, Atarrabia, Antsoain eta Uharte) eskainiko den argibide-liburuxkaren edizioa, banaketa eta postontzi-banaketa. "Jakin badakigu lehen egunak seguruenik oso zailak izanen direla trafiko-fluxuak ibilbide berrietan egonkortu arte, baina, gure ustez, ezinbestekoa da herritarrekin komunikazio-kanal iraunkorrak mantentzea, eraginak minimizatzeko, bai eta etengabeko informazioa eskaintzea ere, norbere kanalen eta komunikabideen bitartez", azaldu du Borja Izaguirrek.
Informazio hori herritarrendako eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren eta Udaltzaingoaren webguneetan (www.pamplona.es/eu eta https://policiamunicipal.pamplona.es/eu), bai eta Udalaren sare sozialetako profil nagusietan ere: Facebook, X, WhatsApp, Instagram eta Threads. Udalak agindutako liburuxka modu masiboan postontzietan banatzearekin batera, irratian, komunikabide digitaletan eta prentsa idatzian eginen diren jakinarazpenek osatuko dute kanpaina.
Tarteka eginen diren urtebeteko obrak
Iruña-Burlata oinezkoendako eta ziklistendako lotura berriaren lanak Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan daude, eta pixkanaka eginen dira, Burlatarekiko mugan dagoen biribilgunetik hasita. Erdibitzaileko obrek aurrera egin ahala, trafikoa moztuta duen tartea luzatuko da. Horrek ez du eraginik izanen Burlatarako noranzkoko erreian, baina eragin nabarmena izanen du iparraldetik Iruñera sartzen den trafikoan, batez ere Aste Santuaren ondoren, oporretatik itzultzean.
Obren garapenaren arabera, trafikoaren gaineko eraginak mantenduko dira. Espaloiko zuhaitzak birlandatu ondoren, apirilaren 15ean, astelehenarekin, erdibitzaileko lanak hasiko dira, aurreikuspenen arabera 4 eta 5 aste bitarte iraunen dutenak. Denbora tarte horretan, erdibitzailetik hurbilen dagoen Iruñera igotzeko erreia partzialki moztuta egonen da.
Lan horiek amaitu ondoren, hegala, espaloia eta bidegorria eraikitzeko obrak abiatuko dira, maiatzaren amaieran, eta 10-11 hilabete iraunen dute, gutxi gorabehera. Oinezkoak ibili ahal izateko espazio bat prestatzea aurreikusi da, zabalera mugatua izanen duena, eta, beraz, bizikletak galtzadatik desbideratu beharko dira. Alexia Canto Udaleko mugikortasun-arduradunak azaldu duenez, lan horiek lau zatitan banatuko dira: lehenengoa, Burlatako biribilgunearen eta Alma hotelerako sarbidearen artean, bi hilabeteko iraupenarekin; bigarrena, hotelerako sarbidearen eta Amaya kirol-hirirako sarbidearen artean, bi hilabete eta erdiz; hirugarren zatia, Amayako sarbidetik hiru erreiko tartera, lau hilabete eta erdiko iraupenarekin, eta, azkenik, hiru erreiko tartetik Seminarioaren aurreko gasolindegira, hilabete eta erdiz.
Zuhaitz-errei berria, ale berriekin, abendurako prest
Oinezkoendako eta ziklistendako ibilbide berriaren lanak 2025eko apirilean amaituko dira, aurreikusitako kronogramaren arabera. Ordurako, kendutako zuhaitz guztiak berriz jarrita egonen dira. Zuhaitzak landatzeko lanak aurtengo azarotik abendura bitarte eginen dira, proiektuan eskatzen diren ingurumen irizpideak betetze aldera.
Landaketa horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du, ale batzuk ekologiaren eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarriagoak diren beste espezie batzuengatik ordeztuko baitira. Xedea hurrengo laurogei edo ehun urteetan iraunen duen zuhaitz-lerrokadura bat sortzea da; hori dela eta, honako espezieak landatzea proposatu da: Ginkgo biloba, Acer freemanii october glory, Tilia cordata greenspire eta Liriodendron tulipifera, udal-teknikarien irizpideei jarraiki.
JARDUKETAK BELOSON
17 zuhaitz birlandatzea
- Martxoak 18 - apirilak 2
Seinaleak jartzea, erdibitzailea aldatzea eta behin-behineko argiztapena
- Seinaleak jartzea: apirilak 8. Aurreikusitako epea: Astebete
- Erdibitzailea aldatzea: apirilak 15. Aurreikusitako epea: hilabete eta hilabete eta erdi bitarte
Hegala, espaloia eta bidegorria eraikitzea
- Hasiera: maiatzaren amaiera. Gauzatzeko epea: 10-11 hilabete
- Lau tartetan eginen da:
- 1. tartea: Burlatako biribilgunea – Hotelerako sarbidea (2 hilabete)
- 2. tartea: Hotelerako sarbidea – Amaya Kirol Hirirako sarbidea (2,5 hilabete)
- 3. tartea: Amayarako sarbidea – Hiru erreiko tartea (4,5 hilabete)
- 4. tartea: Hiri erreiko tartea – Cepsa gasolindegia (1,5 hilabete)
Amaiera-data: 2025eko apirila