Iruña, berriz ere, Saborea España produktuen klubeko partaidea da

Iruña, berriz ere, Saborea España produktuen klubeko partaidea da
Osoko Bilkurak abenduaren 12an onetsi zuen klub honetan sartzeko eskatzea, aurrez Iruña 2012tik 2016ra bitarte kide izana zen

Iruñeko hiriak gastronomian oinarritutako turismoaren estatuko marka den Saborea España produktuen klubeko kide statusa berreskuratu du aurten Gaur Ana Elizalde Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta Luis Pujol Saborea Españako kudeatzaileak etapa berri honetan Iruñeak markarekin bat egitea izenpetu dute. Ez da Iruña klub honetako kidea den lehen aldia, 2012tik 2016ra ere izan baitzen. Osoko Bilkuraren aginduz itzuli da hiria lehen zuen tokira, joan den abenduaren 12an onetsi baitzuen Saborea Españan berriz sartzeko eskaera egitea.
 

Hori horrela, Iruñeak bat eginen du estatu mailako plataforma honen bidez turismoa eta gastronomia bultzatu nahi dituen Espainiako Udalen sare honekin, nazioarteko ikuspegiarekin bultzatu ere.  Saborea España produktuen klubak Espainiako 22 jomuga biltzen ditu, A Coruñatik Vinarósera, Madrildik Palmara.  León eta Oviedo izan dira sartzen azkenak, aurtengo urtarrilean. Nafarroan, Iruñeaz gain, Tutera ere partaide zen turistak esperientzia gastronomikoen bidez erakartzeko ekimen honetan. Hiria beste modu batez aurkezteko eta turismoaren urtaro-izaera gainditzeko modu bat da, askotariko produktu eta proposamen gastronomikoen eskaintza zabala urte osora hedatuz kalitatezko jomuga bihurtzeko.
 

Saborea España ekimena honako hauen eskutik sortu zen: Hostelería de España, FACYRE Espainiako sukaldari eta gozogileen elkarteen federazioa, Euro-Toques Europako sukaldarien erakundea, Asociación Española de Destinos para la Promoción del Turismo Gastronómico eta Paradores. TurEspañaren laguntza ere badu, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari atxikitako erakunde publikoarena, alegia, zeina marketinaz arduratzen baita Espainia mundu-mailako bidaien jomuga bihurtzeko.  Proiektu honetako partaide izateak bide ematen die atxikitako udalei sarean lan egiteko, beste erakunde batzuen proposamenak edo kudeatzeko moduak ezagutzeko eta marka global batek eskaintzen duen merkataritza-hedapenari probetxu ateratzeko.  Oraingoz, jada sortu da ‘Saborea España’ marka, estatuko eta nazioarteko aitortza duena, eta esperientzia turistikoen bidez bertako produktuen eta proposamen gastronomikoen posizionamenduari laguntzen diona. 
 

Turismo gastronomiko jasangarrirantz
 

Saborea Españak 2020rako egin dituen proposamenen artean jasota dago, berez, turismo-jomugetan markaren erabilpena finkatzea, hartara Nafarroako hiriburuko proposamenak Saborea Pamplona gisa bereiz daitezen (Tasting Pamplona, ingelesezko bertsioan), beste hiri batzuek euren berezko izendapena erabiltzen duten gisa berean.  Bestalde, ekimenaren beste proposamenetariko bat turismo gastronomikoan garapen jasangarria bultzatzea izanen da. Xedea da leku bakoitza jomuga jasangarri bilakatzea, besteak beste txirotasuna eta gosea desagerrarazten, kalitatezko hezkuntza bultzatzen, klimaren aldeko ekintzak gauzatzen kontzientziatua eta kezkatua, eta tokiko produktuen kontsumoa bultzatuko duena. Iruñeak teknikariendako prestakuntza-jardunaldi batzuetan parte hartuko du; bertan esperientziak eta praktika egokiak partekatuko ditu sareko beste kide batzuekin ibilbide gastronomikoak sortzeko Espainia osoan barna.
 

Saborea Españako ibilbide horiek izanen dira, hain zuen ere, 2020. urteko lehentasunak. Xedea da jomuga bakoitzeko ibilbideak eta parte hartuko duten jomugen kopurua handitzea, gero eta proposamen jatorragoen alde apustu eginez. ‘Rutas Saborea España’ markak bultzada handia jasoko du ibilbide bakoitza nabarmentzeko eta gastronomia-ekitaldi nagusienak indarrez hedatzeko eginen diren estatu mailako kanpaina, eskuorri eta materialen bidez. 
 

Rutas Saborea Españari turismo gastronomikoa sustatzeko giltzarri den beste jarduera bat gehitu behar zaio: Pintxoaren munduko eguna. Ekainaren 18an eginen da eta Iruñeak bat eginen du ekimenarekin. Bi proposamen handi horiek Saborea Españak estatuko gastronomia-jomugak ezagutarazteko Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian eta Portugalen egiten duen sustapen lanarekin osatuko dira, eta Iruña ere kanpainaren onuradun izanen da berriki sarean sartzearen ondorioz. 
 

Urte osoan zehar garatuko den kanpainaren barruan, nabarmentzekoa da Saborea Españak Madrid Fusionen jarritako standean aurkeztutako LOLA delakoa, zaporeari buruzko lehen adimen artifizialak izan duen eragin mediatikoa. Prototipo bat da, baina xedea da LOLA erabiltzaileen gustuen arabera  gomendio pertsonalak egiteko gai izatea. Oraingoz, adimen artifizialeko gailu hau datu-base bat sortzen ari da elkarrizketak abiapuntu hartuta, gustuei buruzko informazioak eta iritziak gurutzatuz mintzakideei gomendioak eman ahal izateko. LOLA gastronomia-turismoaren sustapenera bideratutako teknologia berrien aplikazioaren adibide bihurtu da.
 

NortFestival  eta FoodTrex Navarra
 

Gastronomia da zalantzarik gabe Nafarroak, oro har, eta bereziki Iruñeak, turistak erakartzeko duen aukera garrantzitsuenetako bat. Horregatik babesten ditu Iruñeko Udalak Iruñean egiten diren hainbat gastronomia ekimen.  Hain zuzen ere, gaur bertan inauguratu da Baluarten Nortfestival izenez bataiatu den Gastronomiara zuzendutako Diseinu eta Sormeneko lehen topaketa. Udala da ekimen honen babesle nagusia. Asmoa da diseinatzaileak, publizistak eta sortzaileak Nafarroako gastronomia sektoreko pertsona garrantzitsuenekin elkartzea, goranzko joera hartzen ari den Food Design diziplinaren inguruan. Topaketa honetan, zenbait hitzaldiz gainera, tipografia lantegi bat, masterclass bat eta dastaketa-uztartze bat eskainiko dira beste zenbait esperientzia gastronomikorekin batera.
 

Bestetik, hil honen 20an eta 21ean egitekoa den gastronomia-hitzorduak FoodTreX Navarra izena hartuko du. Gastronomia-turismoaren hirugarren nazioarteko kongresua da; Baluarten eginen da eta Navartur azokaren baitan antolatu da. Ekimen honek ere Iruñeko Udalaren babesa du.
 

Iruñeak gastronomia-turismoarekin duen lotura agerikoa da hirian egiten diren ekimenetan: Pintxoaren astea, aurten hogei eta bigarren edizioa duena; Kroketaren astea; Zainzuriaren eta Ardo Gorriaren astea; Nafarroako Azoka Ekologikoa; Turmalina Fest, ekainaren 6an sukaldaribururik onenak ekarriko dituena goi-sukaldaritza miniaturan lantzera; Septembeer jardunaldi gastronomikoak; Kazolatxoaren eta Nafarroako ardoen astea; Tokiko produktuen astea eta Eguberrietako ibilaldi gozoak, azken bi hauek Iruñeko Udalak antolatuak.

Videos

¿Te ha sido útil esta página?