Iruña bere Eguzki Mapa garatzen ari da, hiriak energia berriztagarria sortzeko duen potentziala identifikatzeko

Iruña bere Eguzki Mapa garatzen ari da, hiriak energia berriztagarria sortzeko duen potentziala identifikatzeko
2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren barruan, hiriko estalki bakoitzak energia berriztagarria (fotovoltaikoa eta termikoa) sortzeko duen potentziala ebaluatuko da
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udala Eguzki Maparen garapenean ari da lanean, hiriak energia sortzeko duen potentziala identifikatu ahal izateko aukera ematen duen ekimenena. Hori 2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren barruan egonen da (ETEyCC2030), eta balioko du hiriko estalki bakoitzak energia berriztagarria (fotovoltaikoa eta termikoa) sortzeko duen potentziala ebaluatzeko. ETEyCC2030aren garapenaren lehen hilabete hauetan zehazten ari dira hala hiriaren egungo egoera – energia-eskariari, berotegi-efektuko gasen isurpenari eta klima-zaurgarritasunari dagokienez– nola hurrengo urteetarako ezarri beharreko helburuak.
 

Helburu horiek definitzeko beharrezkoa da hiriaren egungo egoera eta horren etorkizuneko agertokiak ezagutzea. Ildo horretan, Udalak Iruñeko Eguzki Mapa garatzeari ekin dio, Smart Cities Institutuko kide diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen eskutik. Lanak bi ekintza-ildo izanen ditu: hiriak duen eguzki-potentziala ebaluatzea eta Iruñean muturreko tenperatura duten puntuen analisirako hurbilpena egitea.
 

Eguzki-potentziala ebaluatzea
 

ETEyCC2030 estrategia osatzeko eta energia berriztagarrien ekoizpen banatuari lotutako ekintza-ildoak diseinatu ahal izateko, Iruñeko Udalak funtsezkotzat jotzen du horrek hirian duen potentziala ezagutzea, eta hori ekimen berri honen bidez lortuko du.
 

Eguzki Maparen abiapuntuetako bat da eguzki-energiak lurralde honetan potentzial handia duela, bai eta gaitasuna ere teknologia fotovoltaikoaren bidez energia elektriko bihurtzeko edo eguzki-energia termikoaren bidez energia termiko bihurtzeko. Horietako lehenengoa energia elektrikoa sortzeko iturririk merkeenetako bat da gaur egun, eta bere moldakortasunak eta energia hornidurarako puntuetan bertan sortzeko aukerak potentzial handien duen energia berriztagarrietako bat bilakatzen dute.
 

Bestea, urtero hiriak jasotzen duen eguzki-energia bertako eskaria baino askoz ere handiagoa da (pertsonek, negoziek, industriek eta garraioek batera behar dutena kontuan hartuta),baina dena ez da erabilgarria. Hori dela eta, energia elektriko zein termiko erabilgarria sortzeko benetako ahalmena zehaztuko duen lehen lana garatzen ari da.
 

Ikerketak 2x2 metroko analisi-laukia hartzen du erreferentziatzat, eta estalkien inklinazioa eta jasotzen duen itzala hartzen ditu kontuan. Horrela, benetako datua emanen da instalatu aurreko puntuan. Paneleko metro karratu bakoitzetik aterako den aurreikusitako energia kalkulatzeko kontuan hartzen dira merkataritza-panel ereduek dituzten ezaugarri teknikoak.
 

Eguzki Maparen amaierako emaitza hiriko herritarren, industrien eta enpresen eskura jarriko da. Horrela, hiriko estalki eta gune bakoitzaren ahalmena identifikatu ahalko da, horren arabera erabakiak hartu ahal izateko energia berriztagarria sortzearen inguruan. Ikerketak osatuko ditu Iruñeko Udalak egindako ahaleginak hirian energia berriztagarriak garatzeko, eta horien funtsezko hazkundea sustatuko du.
 

Muturreko tenperatura duten eremu publikoak identifikatzea, egokitzeko
 

Aldi berean, Udala eguzki edo hotz gehiegiren ondorioz oso erosoak ez diren eremu publikoak identifikatzen ari da, egokitzeko eta erosoagoak bihurtzeko, kontuan hartuz, gehien bat, klima-aldaketaren ondorioz tenperaturak igoko direla eta hiriko egoera metereologikoa aldatuko dela.
 

Ikerketaren zati hori herritarren laguntzaz eginen da. Horretarako, gune bat ireki da ERABAKI parte-hartzeko udal-plataforman, eta bertan hiriko gune horiek identifikatu dituzten pertsonei aukera emanen zaie horiek deskribatzeko eta kokatzeko. Jasotako ekarpenak, identifikatu eta aztertu ondoren, neurketarako metodo analitikoa ezartzeko oinarri gisa eta etorkizunean hobetzeko proposamenak egiteko erabiliko dira. Horrela, Iruñean bero-irlaren efektua ageri den ezarri ahalko da.
 

Hona hemen efektu hori zer den: hiriko tenperatura ezberdina da, batez ere gauez, inguruko eremuekin, aldiriekin eta ondoko landa-eremuekin alderatuta. Fenomeno hori hainbat faktoreri egozten zaizkio: hiria eraikitzeko erabilitako materialak, egunez hartzen duten beroa polikiago askatzen baitute gauez, beroa askatzen dituzten kllimatizazio eta ibilgailu era horien moduko elementuak, zein zorupeko infiltrazio eta hezetasuna eraldatzen duen azaleraren iragazgaiztea.
 

Iruñean ez dago egiaztatuta bero-irlaren efektua sumatzen denik; hala ere, zenbait zonaldetan horretarako baldintzak eman litezke, erabilitako obra-materialengatik, eguzki-erradiaziorekiko eta haize nagusiekiko esposizioagatik edo iragazgaitasunagatik. Eremu horiek, herritarrek erabiltzen dituztenez, oso egokiak ez diren baldintza termikoak izan ditzakete, besteekin alderatuta hotzagoak edo epelagoak baitira. Ikerketaren xedea da horiek identifikatzea, eta, hala, kontsulta honen bidez jakitea, adibidez, zer haur-parke, eskolatako patio, pasagune edo egonleku ez diren eroso arrazoi horregatik.

¿Te ha sido útil esta página?