Iruña aurrera doa Convention Bureau sarea osatzeko bidean eta MICE sektorearen Enpresa Laguntzaileen Programarekin bat egiteko aukera jarri du abian

Iruña aurrera doa Convention Bureau sarea osatzeko bidean eta MICE sektorearen Enpresa Laguntzaileen Programarekin bat egiteko aukera jarri du abian
Programak xede du lankidetza publiko-pribatua indartzea eta biltzar eta ekitaldi profesionalen turismoarekin lotutako enpresen eta erakundeen sare bat eratzea
Turismo

 

Iruñeko Udalak erakarpen-kanpaina bat jarri du martxan enpresek eta entitateek Iruña Convention Bureau sarearen Enpresa Laguntzaileen Programarekin bat egiteko; programa hiria biltzarren, bileren, pizgarrien eta ekitaldi profesionalen (MICE) helmuga gisa sustatzera dago bideratuta. Ekimen horren bidez, Udalak MICE sektoreari lotutako enpresa-ehuna aktibatu eta egituratu nahi du, Iruñeak turismo-segmentu horretan duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzen laguntzen duen estrategia partekatu batean engaiatu dadin.

Iruña Convention Bureau sarea otsailean aurkeztu zen eta turismoaren inguruan egiten diren ahalegin publiko eta pribatuak bateratzeko gai den organo bihurtzea du xede. Izan ere, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sendotzea da haren helburuetako bat, baita hirian eta haren enpresa-sarean eragin positiboa izanen duten ekitaldiak erakartzen laguntzea ere. Proiektu honen funtsezko zutabeetako bat Enpresa Laguntzaileen Programa izanen da, helmugaren garapenean eta sustapenean aktiboki parte hartu nahi duten MICE sektoreari lotutako enpresa eta erakundeek osatutako sarea. 

Programak lankidetza- eta networking-aukerak eskuratzea eta prestakuntza-jardueretan parte hartzea ahalbidetuko du. Lehen fase honetan, enpresek doan egiten ahalko dute bat Enpresa Laguntzaileen Programarekin. Parte hartzeko baldintzak aurrerago berrikusten ahalko dira Iruña Convention Bureau sarearen kudeaketa-ereduaren bilakaeraren arabera. Parte hartzeko interesa duten enpresek atxikitzeko inprimaki baten bidez aurkeztu beharko dute eskaera, eskatutako agiriekin batera. Eskaera aurkeztutakoan, Iruña Convention Bureau sareak agiriak berrikusiko ditu atxikitzea baliozkotzeko. 

Programa MICE turismoari lotutako enpresa-ekosistema guztiari dago zabalik, honako hauek barne hartuta: ekitaldiak egiteko egoitzak eta espazioak, ostatuak, ostalaritza- eta catering-enpresak, ikus-entzunezko zerbitzuak, zerbitzu teknologikoak eta muntaketakoak, garraioa eta logistika, ekitaldietarako laguntza-zerbitzuak, biltzarren eta ekitaldien antolakuntzan eta helmugako zerbitzu eta esperientzien kudeaketa integralean espezializatutako enpresak, baita enpresaburuen elkarteak eta sektoreari lotutako beste erakunde batzuk ere.

Udalak otsailean jakinarazi zuen bezala, eredu horrek berezko kudeaketa-egitura bateranzko bilakaera izaten ahalko du etorkizunean, helmugako beharretara eta Iruñean MICE sektorea garatzera egokituta. Hainbat formula planteatu dira, besteak beste, merkataritza-sozietate publiko bat sortzea; sozietate horren behin betiko egituraketa dagokion administrazio-prozesuaren garapenaren araberakoa izanen da. Bitartean, Enpresa Laguntzaileen Programari esker, enpresa-ehunaren artikulazioan aurrera eginen da, eta lankidetza publiko-pribatuko dinamika egonkorra finkatuko da.

Hala, Iruñeko Udala Convention Bureau sarearen kapital sozialaren bazkide titularra izanen da, eta egitasmoaren finantziazio gehiena publikoa izanen da, nahiz eta beste diru-sarrera batzuk ere izaten ahalko dituen, hala nola zerbitzu espezializatuak ematea, babesletzak eta berariazko programak garatzea. 

 

¿Te ha sido útil esta página?