Iruñean 65 urtetik gorakoak biztanleriaren % 22 dira. Horien ia bostena bakarrik bizi da. Bakardade-sentimendua eta hori konfinamenduan larriagotu izana arintzeko, eta orain osasun-segurtasuneko arauek eragin duten isolamendu sozialagatik, Iruñeko Udalak, La Caixa Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak modu egonkorrean mantenduko dute 'Beti Norbaitekin' programa.
Urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Eguna da. Egun hauetan, hiriaren espazio publikoak atez bete dira. ‘Iruña ate joka’ sentsibilizazio-kanpaina da, eta ideia hau du oinarri: atalase horretaraino hurbiltzea lehen urratsa da aukeratu ez den bakardade-egoeran bizi diren adinekoei laguntzeko, eta, horrela, ikusezintasun egoeren aurka borrokatzeko. Enrique Maya Iruñeko alkateak, Marc Simón ‘La Caixa’ Fundazioko zuzendariorde nagusiak eta Javier Fernández Valdivielso Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak parte hartu dute gaur kontzientziazio-ekimen horren inguruko prentsaurreko batean; ekimenak xede du bakardade-egoerak antzematen laguntzea eta esparru horretan lan egiten duten entitateen lana balioestea.
Kanpainak makina bat ate erakusten ditu espazio publikoan dauden kartel eta elementu estatikoen bidez, bakarrik bizi diren adinekoek bizi dituzten askotariko egoerak eta uneak gogorarazi nahi dizkigutenak. Ekintza horrek erreferentziazko webgune bat dauka, eta baita horri lotutako ikus-entzunezko piezak ere. Horri buruz hausnartzea da egoera horiek ikusezin ez bihurtzeko lehen urratsa.
Halaber, egun horren inguruan aurreikusten da ‘Zertaz erretiratuko gara? Noiz erretiratuko gara?’ mahai-ingurua egitea (irailaren 29an, Civicanen, 18:00etan) eta baita Mariachiren musika-emanaldia ere, urriaren 1ean bertan, Martzillako Monasterioa plazan, 18:00etan; sarrera librea izanen da, edukiera mugatua, eta adinekoek izanen dute lehentasuna. Euria eginez gero, emanaldia San Juan de la Cadena ikastetxe publikoko patioan eginen da (Antso Azkarraren etorbidea, 75).
Beti norbaitekin: lelo bat eta helburu bat
‘Beti Norbaitekin’ programak Udalaren eta La Caixa Fundazioaren arteko hitzarmenaren bidez funtzionatzen du dagoeneko duela urtebete, eta Donibaneko Adinekoen Itunaren barruan dago; asmoa da ekimen hori beste auzoetara zabaltzea. Programa Donibanen hasi zen, zehazki, gainzahartze handiena duen auzoan –biztanleriaren % 12a 80 urtetik gorakoa da–, baina Iruñean, 10.500 adineko inguru bizi dira bakarrik haien etxeetan, gehienak (lautik hiru) emakumeak.
Iruña da programa ezarri den 14 hirietako bat, honako udalerri eta entitate hauekin batera: Palma, Jerez, Tárrega, Tortosa, Lleida, Santa Coloma de Gramenet eta Girona. Ahalegin honen bidez irtenbide berritzaile bat eman nahi zaio aukeratu gabeko bakardade-egoeren prebentzioari eta eta horiei aurre egiteko moduari, praktikatik, ezagutza sortzetik eta ebidentzia zientifikotik abiatuta, horrela pertsonak eta komunitateak ahaldunduz, loturen eta pertsonen arteko laguntza-sareen bidez. ‘Beti Norbaitekin’ programak, azken finean, xede du adinekoak laguntzea eta indargune pertsonalak indartzea, adinekoek beren bakardade propioa kudeatu ahal izateko; horrez gain, sare komunitario sendoak eraiki nahi ditu, elkarri laguntzeko harremanak sustatzeko eta herritarrak horren guztiaren inguruan sentsibilizatzeko.
Pandemian areagotutako egoera
Azken urtean programa honek Espainian 660 pertsona baino gehiagori eman die arreta 200 boluntario baino gehiagoren bitartez. "La Caixa" Fundazioaren adineko pertsonen programan parte hartzen duten pertsonei zuzendutako eta konfinamenduan egindako online inkesta baten arabera, bakardadearen prebalentzia % 54,04 zen, 2018an 'Beti Norbaitekin' programaren esparruan egindako inkestan hautemandako prebalentziarekin alderatuta gora egin duen kopurua (zeinak aurreikusten baitzuen % 39,8 bakardade emozionala eta % 29,1 bakardade soziala).
Halaber, entitateak egindako azken ikerlanak erakutsi du inkestatutakoen % 34k pandemian pentsamendu negatiboak izan eta tristura, antsietatea eta egonezina sentitu dituela.