Iruña Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari da aurreko belaunaldiek gizarteari egindako ekarpenak gogora ekarrita

Iruña Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari da aurreko belaunaldiek gizarteari egindako ekarpenak gogora ekarrita
Iruñeko Udalak harrera egin die Adinekoen Udal Kontseiluko eta Adinekoen Sareko ordezkariei
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Nazio Batuen Erakundeak Adinekoen Nazioarteko Egun deklaratu zuen urriaren 1a, eta egun horren bezperan, Iruñeko Udalak ateak ireki dizkie hiria hobetu, eraldatu eta egun den hiria izatea ahalbidetu duten belaunaldi horiei. Garbiñe Bueno Zabalza Iruñeko alkateordeak, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotziak eta Udalbatzako kideek omenaldi-ekitaldia egin diete belaunaldi horiei. Bertan izan dira Adinekoen Udal Kontseiluko eta Adinekoen Sareko ordezkari batzuk.

Ekitaldi horren bidez, Udalak hainbeste gizon eta emakumeren eginkizuna eskertu nahi du; izan ere, pertsona horiek guztiek garai zailak bizi behar izan zituzten, eta orain gizartearen egitekoa da haien bizitzaren azken etapan laguntzea. Testuinguru horretan, Herritarren Aferen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsiko du, eta haren bitartez, Udalak berretsi eginen du “adinekoen eskubideen defentsarekin duen konpromisoa, betiere haien autonomia, duintasuna eta bizi-kalitatea bermatuta”. Hori horrela, Udala Iruñeko Adinekoen I. Plana lantzen ari da: 2029ra arte iraunen du, eta adinekoekin lotutako udal-ekintza guztiak biltzea du helburu. Herritarrek urriaren 3ra arte (ostirala) egiten ahal dituzte planarekin lotutako ekarpenak, Erabaki Iruña udal-webgunearen bidez.

Udalak bere gain hartu dituen funtsezko eginkizunen artean honako hauek daude: adinkeriari eta adinagatiko diskriminazioari aurre egitea eta adinekoei jarduerak eskaintzea haien autonomia eta gaitasun fisiko eta kognitiboak garatzeko aukera izan dezaten. Horren harira, sentsibilizazio-kanpainak garatzen eta ekintzak eta belaunaldien arteko topaketak sustatzen ari da gazteek eta adinekoek batera ikas dezaten. 

Adinekoen Sarearen bitartez egiten dira ekintza gehienak: Udalak babestutako egitasmoa da, eta auzo bakoitzean sare bat sortzea du helburu, adineko bakoitzaren ingurunean babesa eta zaintza eskaintzeko. Orain arte adinekoen hamaika sare jarri dira abian beste hainbeste auzotan, eta sare horien bidez jarduerak antolatzen dira, adinekoak aktibo eta beste pertsonekin harremanetan egon daitezen eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko xedez. 

Udala beste erakunde batzuekin elkarlanean ari da adinekoei laguntza emateko programak eta proiektuak aurrera ateratzeko. Iruñeko Udalak, La Caixa fundazioak eta Nafarroako Kutxa fundazioak sustatutako Beti norbaitekin programa da horietako bat: bakardade-egoeran dauden adinekoak ahaldundu nahi ditu eta konfiantzazko harremanak eskaini nahi dizkie. Programak esku-hartzea aurreikusten du aliantzak sortuz eta komunitatearen barruan sarean lan eginez; halaber, herritarrak sentsibilizatu nahi ditu egoera horiei aurre egiteko, adinekoen bakardade-sentimendua txikiagotuz. Programaren bi erabiltzailek, Rosi Torresek eta Pili Garcések, harrera-ekitaldian hartu dute hitza, eta programak haientzat zer ekarri duen azaldu dute. 

Hiru ospakizun-egun
Harrera-ekitaldiaz gain, Udalak urriaren 1ean (asteazkena) bazkaltzeko gonbita egin die adinekoen udal-etxebizitzen erabiltzaileei.

Azkenik, urriaren 2an, ostegunarekin, gospel-kontzertu bat antolatu da 18:30ean, Gozatu Gospel taldearen eskutik: Txantreako Salestarrak zentro komunitarioan izanen da, Beti norbaitekin programaren barruan. Sarrera librea da, toki guztiak bete arte. 

¿Te ha sido útil esta página?