Iruña, 25 urtez Hiri Hezitzaile

Iruña, 25 urtez Hiri Hezitzaile
Udalak 40 programa baino gehiago garatu ditu herritarrak "hezteko": segurtasuna, enplegagarritasuna, irakurketa, artea, IKTak edo jasangarritasuna

Duela 25 urte Iruña Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteari atxiki zitzaion, hura baita ekimen honen entitate sustatzailea, non 36 herrialdetako 500 hirik baino gehiagok parte hartzen duten. Hiri hezitzaileen karta Astelehenean, hilak 30, Hiri hezitzaileen nazioarteko eguna ospatuko da, eta hura egun seinalatua da, 2020. urte honetan 30 urte eginen dituelako. Gaur arratsaldean, hiriko Osoko Bilkurak, adierazpen instituzional baten bidez, Udalaren konpromisoa berrituko du hala Elkartearekin nola Kartarekin. Kartak, izan ere, herritarren prestakuntza integrala lortzeko osagaiak aitortzen dizkio hiriari, sistema konplexua baita hiria, eta aldi berean hezkuntzarako eragile iraunkorra, plurala eta poliedrikoa, hezkuntza-faktoreak eta gizarte-eraldaketakoak sustatzeko gauza.

Hirian bizi diren guztiek dute eskubidea hark eskaintzen dituen prestakuntza, olgeta eta garapen pertsonaleko aukerez askatasunean eta berdintasunean gozatzeko, betiere kontuan harturik herritar gazteenak, hau da, haurrak, nerabeak eta gazteak direla hezkuntza-etapa kritiko batean daudenak. Etorkizuneko heldu horiek eskubideak, beharrak, kezkak eta helburuak dituzte, eta Iruñeko Udalak bat egin nahi du haiekin haien garapenean, hezkuntza xedezko edukiei zeharkako lanaren bidez helduta.

Gaur goizean, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Jose Manuel Santana alorreko zuzendariak azaldu dute zer ibilbide egin duen Udal-konpromisoa Hiri Hezitzaileekin izeneko ekimenak azken 25 urteetan, eta labur eman dute udal-jardunaren programen, jarduketa-ildoen eta babesaren berri.

40 programa ari dira garatzen aldi berean; horietako batzuk hiriak Kartari egindako atxikipena bezain antzinakoak, eta gehien-gehienak, doakoak. Programetako asko zuzenean hiriko ikastetxeei zuzenduta daude, eta beste batzuk, ordea, eskola-muga eta -adinez haratago doaz. Den-denak egokitu dira, hala behar, gehiago edo gutxiago, COVID-19ak aurten eragindako inguruabar berezietara, ikastetxeek, ikasleek eta haien familiek ere egin duten bezala.

‘Iruña, hiri hezitzailea’ programaren ekimenek bertako biztanleen garapena bilatzen dute hiri seguru eta adeitsu batean, eta hiria egituratzeko lanetan helduek ez ezik, haurrek eta nerabeek ere parte hartzea. Hori ahalbidetzeko, haien trebetasunak, artistikoak zein teknologikoak, babesten ditu, hiriko ondarea ulertzeko bidea emanez, partaidetzako jarduera sustatzaileak eta berdintzaileak bultzatuz, gizarte-arazoekiko haien konpromisoa indartuz eta aztura egokiak sustatuz osasuna eta ingurunea zaintzeko.

Baliabide horiek guztiak www.pamplona.es webgunean jasota egon eta ohiko bideetatik hedatzen badira ere, 25. urteurren honen karietara proposatu da ‘Iruña, hiri hezitzaileren baliabide-gida’ egitea, eta hura heldu den ikasturtean eskuragarri jartzea ikastetxeentzat, adingabeekin eta nerabeekin lanean ari diren elkarte eta entitateentzat eta herritarrentzat oro har.

Autozaintzak: segurtasuna eta osasuna

Hirian barna segurtasun-baldintzetan mugitzen jakitea oinarria da hiriaren hezkuntza-ahalmen guztiez jabetzeko eta aukerak aprobetxatzeko. Hori horrela, 1990. urteaz geroztik, Udaltzaingoa ikastetxeetara bertaratzen da bide-segurtasuna irakastera, bai oinezko eta familia-ibilgailuetako ohiko bidaiari gisara, bai garraio kolektiboaren erabiltzaile eta hiriko ziklista gisara. Lan horren guztiaren osagarri Mugikortasuneko Alorraren ‘Bizieskola’ programa dugu: ikasgelei eta 1.000tik gora ikasleri helarazten die nola mugitu bizikletan hirian barna, modu zuzenean eta seguruan; izan ere, Mugikortasuneko Ordenantza berriak zehaztapen garbiak eman baititu gai honen gainean 14 urtetik beherakoentzat.
Baina, mugikortasun seguruaren aldeko agenteen prebentzio lanez haratago, Udaltzaingoak beste zenbait gai azaltzen ditu ikastetxeetan, ikasleen adinetara egokiturik, hala nola toxikoak kontsumitzeko arriskuak, teknologia berrien eta sare sozialen erabilera okerren arazoak, eskola-jazarpena, genero-indarkeria, jokamolde seguruak aisialdiko guneetan, onlineko jokoak eta apustuak, etxabeak, eta bestelako jokamolde arriskutsuak. Hori dena, 11 prestakuntza-hitzaldi jasotzen dituen edukien eskaintza batean bilduta. 

Osasun arloko jarduketak ere proposatzen dira, esaterako sukaldaritza osasungarri eta sasoiko sukaldaritza lantegiak, aldian-aldian Udal Merkatuetan. Edo prebentzio-kanpainak, sexu-jokabide arriskutsuak eta substantzia toxikoen kontsumoak, batez ere festetan, prebenitzekoak. Kanpainok Gazteriaren Unitateak abiatzen ditu, gai horiei lotutako hiritar-entitateekin elkarlanean. Eta kirola eginez gorputza zaintzeko, Udalak diruz laguntzen ditu Kirol Eskolak, kirol afizionatua eta Areto Futboleko Eskola Liga, udal-igerilekuetan eskola-igeriketako kanpaina federazioarekin batera antolatzeaz gain.

Informazioa eduki eta parte-hartzen ikastea

Duela jada 22 urtetik hona korrespontsal berriemaile gazteak bitartekari-lanetan ari dira Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazio Bulegoaren eta ikastetxeetako beren ikaskideen artean, aurten ia 40 entitate eta 80 “berriemaile” hartuko dituen programa baten barruan. Halaber, Gaztediaren Etxeak adin horretako gazteek hiriko bizitzan parte-hartzea bultzatzen du, guneak jarduerez blaitzen dituzten gazte-elkarteen bidez, haien eskura jarrita kezkatzen dituzten gaien gaineko aholkularitza espezializatuak eta baliabide-gidak, bidaiak eta aisialdi zein denbora libreko jarduerak planifikatu ditzaten. 

Haurrak eta nerabeak ere ditugu hiriko partaidetza-prozesuen protagonista, Haurtzaro eta Nerabezaroko I. Udal-planean kasu, zeinak “Toma Parte-Parte Hartu” proiektuaren bidez egituratzen baitu bere esku-hartzearen parte bat.

Bitartean, beste batzuk gizarte-eraldaketaren eragile aktibo bilakatzen dira, gizarte berdinzaleago eta inklusiboagoaren alde. Udalak ikastetxeetan sustatzen dituen ikaskuntza-zerbitzuko programetan parte hartzen dute, ingurunea hobetzeko eta hiriaren benetako arazoei irtenbideak emateko, edo atzerritarrei lotutako estereotipoak desmuntatzeko Zurrumurruen kontrako taldean parte hartuz. Halaber, genero-berdintasunaren aldeko jardueretan ere parte hartzen dute.

Hiria egituratzean ere hartzen da kontuan gazteenen iritzia, horra hor esaterako Gaztediaren Etxeko programazioaren eskaintza, Mendillorriko Aintziraren parkeko ingurumen-seinaleen zirkuitua –auzoko ikastetxeen partaidetzako prozesu baten bidez zehaztua– eta oinezkoen pasabideak ikastetxeen inguruetan ikusgarriago izan daitezen egindako esku-hartzea.

Guneak eta jarduerak, gazteen gaitasunak babesteko eta haien gustu artistikoak handitzeko

Ikasturte orotan, Udala ahalegintzen da adingabeen ahalmenak garatzeko gaitasun sorta handi samar batean: literatura eta irakurzaletasuna bultzatzen ditu “Irakur dezagun” eta “Lecxit” programen bidez, Biblioteka publikoen Sareak irakurzaletasuna sustatzeko abiatutako jarduerez eta eskoletako “Bertsolaritza” programaz. Eta gauza bera egiten du, duela 30 urtetik hona, idazketa-kalitatea zaintzeko zenbait ekimen erabiliz, hala nola eskoletako eta gazte mailako literatur lehiaketak, jatorrizko lanen argitalpenak zein haurrendako euskarazko antzerki-testuen lehiaketa. Eta berrikiago, Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumaren funtsak ikastetxeetara eramanez, “ibiltari” programaren bidez eta Ziudadelako erakusketak zabalduz adin orotako ikasleei, bisita hitzartuen bidez.

Hori dena, gorputz-adierazpena ezertan baztertu gabe. Izan ere, duela 25 urte baino gehiagotik egiten dira “Antzerki lantegiak”, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan, Nafarroako Antzerki Eskolarekin elkarlanean. Azkenik, maila aparteko musikariak –Pablo Sarasate eta Javier Colina, kasu– eta pintoreak –Ciga, Aquerreta, Royo zein Manterola– eman dituen gure hirian ezin ziren faltan izan Joaquín Maya Udaleko Musika Eskola edo Catalina de Oscáriz Arte Eskola moduko baliabideak.

Teknologia berriak eta etorkizun profesionalerako gaikuntza

Teknologia berrien erabilera egokia eta mundu digitala, ikaskuntza- eta komunikazio-tresna den aldetik, herritarrek berdintasunean eskuratzea beti egon da Iruñeko Udalaren jomugan. Hor kokatu behar dira, hain zuzen, EMATIC zentroak emakumeei berariaz zuzentzen dizkien baliabideak, Gaztediaren Etxeko doako lantegiak edo Etxean bertan robotika- eta 3Dko inprimaketa-lantegi bat sortzea. Eremu honetan abiatutako azken ekimena boluntariotza digitaleko zerbitzuaren sorrera da, COVID garaian hezkuntza online jasotzeko edo beharra duten ikasleak ordenagailu eramangarriez hornitzeko sortua, betiere La Caixa Fundazioarekin eta ANIMSA-Sociedad de Informática Municipal sozietatearekin elkarlanean arituta.

Etorkizun profesionalari begira, Udalak urtero laguntzen ditu ekintzaile gazteen proiektuak, dirulaguntzen bidez eta Gaztediaren Etxeko bi aholkularitza-zerbitzu espezializaturekin: “Aholkularitza ikasketa, irtenbide profesional, aisia eta denbora librerako” eta “Gazte-ekintzailetzarako aholkularitza”. Halaber, prestakuntzari berariaz zuzendutako jarduketak egiten dira, gazteen enplegurako, Lantegi Eskoletan, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, bai eta finantzaketa propioko prestakuntza-ekimenak ere. Langabetuei zuzendutako ikastaroak ere eskaintzen dira, egoera hori bereziki larria baita gazteengan; gizarteratzeko behar bereziak dituzten gazteen enplegagarritasuna ere hobetzen saiatzen da, eta ahalegin hori kartzelara ere hedatzen da gazteak zein helduak gaitzeko.

Natur ingurunea eta ondare historikoaren zein naturalaren balorea ezagutzea

Hiriko ikastetxe batzuetako patio eta parkeetan udal-lantegien bidez jarri ziren habia-kutxak parte txiki bat baino ez dira ikasleak jasangarritasunaren barruan hezteko baliabideen artean. Horra hor, besteak beste, Ikastetxe fotovoltaikoen sarearen ahalegin didaktikoa zein Ingurumen Hezkuntzako Museoak ikasleei zuzentzen dizkien berariazko programak, dela museoan dela ikastetxeetan egiteko, “Maleta ibiltariak” edo “Baratzea eskolan” izenburuko materialekin. Baina ez dute ikasleek bakarrik ingurunea zaindu behar; izan ere, Museoak helduendako hezkuntza-jarduerak ere programatzen ditu “Iruña berdea da” programaren bidez, non askotako edukiak jasotzen baititu, hala nola inguruneko sendabelarrak, “Arga ibaiaren sekretuak familiartean”, “Arantzadiko meandroa”, banakako ekintzak klima-aldaketaren kontra edo “Hegaztiak eta herritarren zientzia” programa.

Herritarrek natur ondarea ezagutu eta balioesteko lan egiteaz gain, Udalak ezagutza historikoa ere hedatzearen alde egiten du (“Iruña ezagutu” eta ikasleen bisitak zein programak Udal Artxiboan); halaber, informazioa ematen du hiriko eraikin esanguratsuenei buruz (bisita gidatuak Udaletxera) edo kultur ondareari buruz, Gotorlekuen Interpretazio Zentroan barnako ibilbideen bitartez edo Donejakue Bidearen inguruko jarduerak eginez (Ultreia zentroa).

Pertsonekin eta pertsonentzat heztea

Azkenik, aipatu beharra dago Udala bereziki ahalegintzen dela familiak beren seme-alaben hezkuntzaren protagonistak izan daitezen –betiere horretarako laguntza emanez ohar daitezen zer konplexua izan daitekeen txikienak hezteko zeregina–, bai eta herritarrek aktiboki parte har dezaten hiriaren bizitzan. Horretarako, bi ekintza zehatz abiatu ditu: “Gurasotasun positiboa” programa, non estrategiak, tresnak eta topalekuak eskaintzen baitira hezierak familietan sortzen dituen zalantzak eta une zailak gainditzeko, eta herritarren partaidetzarako prestakuntza-programa, non estrategia eta tresna praktikoak eskaintzen baitira bizitza asoziatiboa eta partaidetza hobetzeko hirian sor daitezkeen interes orokorreko gaietan.