‘Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak’ erakusketa aukera paregabea da gure garaiaren aurretiko I. mendeko Iruñean erromatarrek herrixka baskoian izan zuten eragina berraurkitzeko

‘Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak’ erakusketa aukera paregabea da gure garaiaren aurretiko I. mendeko Iruñean erromatarrek herrixka baskoian izan zuten eragina berraurkitzeko
Erakusketa larunbatean jarriko da ikusgai, irailaren 27ra arte, eta Civivox Pompeloko erakusketa-areto nagusiaren inaugurazioa izanen da, bertan eskala errealean birsortu baita Irulegiko eskua aurkitu zen etxea
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Pompelo Civivoxeko erakusketa-areto nagusia erakusketa horrekin abiatu da, Cneo Ponpeio Magnok Iruña erromatarra sortu zueneko 2.100. urteurrenaren ospakizunen barruan. Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketak ibilbide bat egiten du gure garaiaren aurretiko I. mende horretan barrena: bertan bizi zen herrixka baskoiaren tradizio eta ohiturak jartzen ditu ikusgai, baita bertara heltzen den eragin erromatarra ere. Erakusketak garai horretara eramaten ditu ikusleak, eta horretarako, hainbat pieza baliatzen ditu, horietako batzuk egun arte ezezagunak; besteak beste, Irulegiko aztarnategiarekin eta beste objektu eta berreraikitze batzuekin lotutako piezak.

Erakusketa honako hauek aurkeztu dute: Joseba Asiron Sáez Iruñeko alkateak, Maider Beloki Unzu Kulturako Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Javier Velaza Frías Bartzelonako Unibertsitateko Filologia Klasikoko katedradunak eta Mattin Aiestaran de la Sotilla arkeologo eta Irulegiko indusketaren zuzendariak; bihar (ostirala) inauguratuko da ofizialki, 18:00etan, eta larunbatean  jarriko da jendaurrean ikusgai. Irailaren 27ra arte bisitatzen ahalko da, astelehenetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan itxita egonen da. 

Aurkeztu ondoren, ibilbide labur bat egin da erakusketan barna, ikusgai jarriko diren piezarik esanguratsuenak bertatik bertara ikusteko, hala nola Irulegiko eskua aurkitu zen etxearen eskala errealeko berreraikitzea, erakusketaren erdian kokatua. Bisitan parte hartu dute, halaber, Joaquín Gorrochategui Churruca Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Indoeuropearreko katedradunak, Oihane Mendizabal Sandonís Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko arkeologoak eta Manolo Romero Pardo Aranguren ibarreko alkateak.

Erakusketa Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatu du, unibertsitate hauetako ikerlariekin lankidetzan: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa, Burgosko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Bordeleko Unibertsitatea. Hiri erromatarra fundatzearekin bat, Iruña hirigune gisa sartu zen historiografia klasikoaren historian. Aitzitik, Iruñearen erroak sakonagoak dira, eta baskoien ondarea, tradizioa eta kultura dituzte iturburu.

Ikusgai dauden piezetako batzuk Irulegiko aztarnategiko indusketa arkeologikoetan dute jatorria, eta orain arte ez dira sekula erakutsi. Gainera, erakusketarako berariaz laga diren beste pieza batzuk jarri dira ikusgai, museo eta entitate hauetakoak: San Telmo Museoa, Kataluniako Historiaren Museoa, Vitoria-Gasteizko Bibat Museoa, Gordailua - Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Atharratzeko eta Hazparneko Udalak eta Nafarroako Gobernua, besteak beste.

Iruñearen jatorria
Erakusketak Iruñearen historiaren mugarri erabakigarri bat irudikatzea du helburu: gure aroaren aurreko I. mendean herri baskoiak Erromatar Errepublikarekin bat egitea. Ordura arte, lurraldea herrixka gotortuetan antolatzen zen, Irulegikoa kasurako: nekazaritza, abeltzaintza eta metalurgiarako gune dinamikoa zen.

Erakusketa Sertorioren gerraren (gure aroaren aurreko 82-72. urteetan) testuinguru historikoan kokatzen da: herri erromatarraren arteko guda zibila izan zen, eta baskoien lurraldeari eragin zion. Hori dela eta, Irulegi herrixka baskoia bortizki suntsitu zuten, eta sute baten ondorioz desagertu zen, hainbat urtez induskatutako ebidentzia arkeologikoek frogatu moduan.

Gerra-material ugari aurkitu dira indusketetan, Irulegiko herritarrak gerran bizi zirela adierazten dutenak. Hain zuzen ere, objektu hauek daude ikusgai: sastakaia eta zorroa, habaila-jaurtigaiak, gezi-punta ugari etab. Banakako armak dira, eta soldadu erromatarrenak izaten ahal ziren, baina baita gudari baskoienak, gerra zibil horretan armada laguntzailearen parte baitziren. 

Gainera, herrixkaren egunez eguneko bizitzarekin lotutako piezak daude ikusgai, eta abeltzaintza, metalurgia, buztingintza eta idazketarekin lotutako jakintzak zituen komunitate horren errealitatera hurbiltzeko aukera ematen diote bisitariari. Ikusgai jarriko dira, besteak beste, brontzezko pitxer bat eta Burdin Aroko apaingarriak eta zeramika-piezak. Material hauek guztiak bi kulturen arteko uztarketa islatzen dute, herrixka baskoian bizi zirenen kultura indigenaren eta lurraldera iritsi zen kultura erromatarraren artekoa, hain zuzen ere. 

Berezko moneta eta idazketa
Erakusketan monetaren eta idazketaren garrantzia azpimarratzen da, gure aroaren aurretiko III. eta I. mendeen artean baskoiek eta mundu erromatarrak bat egin zuten denbora-tartean lurraldea eraldatu baitzuten. Sekia eta Iaka hiriek, esate baterako, zilarrezko eta brontzezko txanponak sortu zituzten, eta sinbolo gisa zaldikoak eta haien hizkuntzan idatzitako irudi-testuak zituzten. Txanpon horietako batzuk erakusketan daude ikusgai.

Idazketa iraultza teknologikoa izan zen, eta horri esker, herrixka baskoiak ‘baskoniko’ hizkuntzarako ikur-bilduma zuen, zeinak baskoieraz zeinu ezberdin batzuk erabiltzen baitzituen. Aurkikuntzarik zirraragarriena Irulegiko eskua da. Eskua Nafarroako Museoan dago ikusgai, eta erakusketak aurkikuntza horri buruzko azken ikerketak barne hartzen ditu.

Aldare eta hilarri erromatarrak
Ponpeio jeneralak Pompelo sortu zuen, eta, horrekin batera, hiri-eredu berria ezartzea bizkortu zuen: ‘globalizazioaren’ eragile nagusia izan zen, eta ekonomia, erlijioa eta hizkera eraldatu zituen, zuzenbide latinoa eta herritartasuna ematearen bidez tokiko eliteak eta administrazio erromatarra bateratuta. Latina bihurtu zen hizkuntza ofizial, eta horrek tokiko hizkuntza gehienak desagertzea ekarri zuen; aldiz, eusko-akitanierak bizirautea lortu zuen. 

Alor espiritualari dagokionez, gurtza berriak eta antzinako sinesmenak baketsuki bizi izan ziren elkarrekin. Aldare eta hilarri erromatarrak ere ikusgai daude erakusketan, bi kulturen uztartze-prozesu horren adierazle. Piezak beste entitate eta museo batzuek laga dituzte. Andrearriagako hileta-estela San Telmo Museokoa da; Helasseren aldarea, Vitoria- Gasteizko Bibat Museokoa; Herauscorritseren idazkuna, Atharratzeko Udalekoa; Hazparneko aldarea, eta, azkenik, Auzperriko Mugarriluzeko miliarriak daude. 

¿Te ha sido útil esta página?