Abuztuan berriz ere eginen dira Iruñean pilotaren inguruko doako bisita gidatuak. Urte osoan zehar eskaini dira bi eduki desberdin dituzten bisitak. Alde batetik, Ibilbideak euskal pilotaren historian barna Iruñean eta, bestetik, Jorge Oteiza eta pilota bisitak. Biak astero eginen dira abuztuan: gai bakoitzeko bisita bat astero, ostegun eta larunbatetan. Interesa dutenek VisitPamplona turismoko udal-webgunean . ematen ahal dute izena.
Jorge Oteiza eta pilota bisita izanen da asteko lehenengo hitzordua: ostegunean, 19:00etan. Ibilbideak ordu eta erdi inguru iraunen du eta pilotari buruzko ikuspegi berritzailea eskainiko du, arteari lotua, Jorge Oteiza eskultore, poeta, entsegugile eta XX. mendeko arteen munduko pertsonarik garrantzitsuenetako bat zenaren eskutik. Udalak antolatutako, eta, Eneko Aritza kolektiboak eta Destino Navarra taldeak koordinatutako ibilbidean hiriko txokoetan ikusgai dauden Oteizaren eskulturak berraurkituko dira.
Bisita Gayarre antzokiaren paretik abiatuko da, Karlos III.aren etorbidearen hasieran dagoen Unitate hirukoitz eta arina eskulturaren aurrean. Artelana 1998an instalatu zen eta 1950ean egindako lanaren hedapen bat da, burdinez egina. Funtsezko lana da, artistak irudiak zizelkatzeari utzi eta espazioa lantzen hasi zen unea markatzen baitu. Espaziorantz eta hutsunerantz egindako espezializazio horretan, Oteizaren lanak pilotalekuaren, kutxaren, hiru pareten, hutsunearen eta airearen kontzeptuekin bat egiten du, bai eta zehatza ez dena eta ukitu ezin dena irudikatzearekin ere. Hori dela eta, bisita Labrit pilotalekuan ere geldituko da.
Hortik, bisita Nafarroako Parlamenturantz abiatuko da, eta, bertan, 8. apostolu-burua (1953) ikusteko aukera izanen dute. Bisitari esker, parte hartzaileek artistaren kontzeptuetan sakontzeko aukera izanen dute, hala nola espazioa libre uztearen eta figurazio tradizionalarekiko hausturaren kontzeptuetan. Ibilbidea Ziudadelan amaituko da, bertan Gudari Odiseo (1958) lana dago ikusgai: Oteizaren artelan konplexuenetako bat da.
Bisita abuztuaren 13an, 20an eta 27an eginen da, 19:00etan. Irailetik aurrera, bisita bat eginen da hilero, larunbatetan, 11:30ean, irailaren 5ean, urriaren 10ean, azaroaren 14an eta abenduaren 5ean.
Euskal pilotaren historia
Bestalde, abuztuaren 8an, larunbatarekin, Ibilbideak euskal pilotaren historian barna Iruñean bisitak egiten hasiko dira berriro: pelotazaletasunaren iragana eta oraina igertzen diren oinezko ibilbide murgiltzailea, hiriko txokoetan barna. Santiago Lesmes historialariak gidatuko ditu bisitak eta alderdi kultural eta soziologikoak eta, Iruñearekin zerikusia duten pilotari buruzko pasarteak ere kontatuko ditu. Bisitak euskaraz eta gazteleraz eginen dira eta bi ordu inguruko iraupena izanen dute.
Honako toki hauek bisitatuko dira: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Mañuetako pilotalekua, Gazteluko plaza, Jito Alai pilotalekua eta Labrit pilotalekua. Ibilbidean zehar pilota-jokoaren hainbat alderdi azalduko dira, besteak beste: jokoa kaleetan eta plazetan historian barna, emakume pilotariak eta pilota-modalitateak. Arreta berezia jarriko zaie apustuei –askotarikoak ziren– eta artekariek duten rolari. Horrekin guztiarekin, bisitan parte hartzen duten pertsonei euskal-pilotak mendeetan zehar izan duen garrantzi kulturala, emozionala, ondarezkoa, urbanistikoa eta soziala sentiarazi nahi zaie, baita emakume pilotarien ikusgaitasunari eta pilotak duen mugaz gaindiko izaerari buruz sakondu ere.
Hitzordua abuztuko larunbat guztietan, 11:00etan, izanen da. Eta, ondoren, irailaren 26an; urriaren 9an eta 31an, eta azaroaren 27an ere eginen da. Ordutegi zehatzak ezagutzeko eta izen-emateak egiteko (doan) turismoko udal-webgunera jotzen ahal da.
Bisitak 2023-2029 aldirako Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoaren parte dira. Hain zuzen ere, euskal pilotari buruzko ibilbideak HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen dira, eta Europako NextGeneration funtsek finantzatzen dituzte, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna dira.
