Jarduerak igerilekuaren ordutegian eginen dira, 10:00etatik 20:00etara bitarte

Sanduzelaiko Aquavoxean, larunbatean, Iruñeko Udalak udal-instalazio horretan udarako antolatu dituen bi jolas- eta jai-jardunaldietako lehenengoa eginen da. Bertaratzen diren pertsona guztiek , haurrek zein adinekoek, musikarekin eta adin guztietarako askotariko jarduerekin gozatzea da jardunaldiaren xedea. Bigarren jolas- eta jai-jardunaldia abuztuaren 29an eginen da, larunbatarekin.
Bi jardunaldiak igerilekuaren ohiko ordutegian eginen dira, 10:00etatik 20:00etara bitarte Aquagym eskolak eginen dira gorputza musikaren erritmora mugitzeko; haurrendako jolas kooperatiboak eta tradizionalak; ginkanak; kirol-olinpiadak eta jauzi-lehiaketak; eskulan-lantegiak eta aurpegi-margoketa, eta karaokea abesti arrakastatsuenekin. Jarduerak doan dira eta jardunaldian parte hartzeko aski da instalazioan sartzeko sarrera ordaintzea.
Sanduzelaiko kirolguneak kanpoko hiru igerileku ditu: 625 pertsonendako estali gabeko olinpiar igerileku bat, 129 pertsonendako ludiko bat eta plisti-plasta aritzeko igerileku txiki bat 25 pertsonendako. Era berean, azpiegiturek erretegi-eremua, taberna-jatetxe bat eta urte osoan zabalik dagoen gimnasio bat barne hartzen dituzte. Gainera, instalazioek giltzarrapoz ixteko armairuak dituzte.
Lanegunetako eguneko sarrerek 2,90 euroko prezioa dute 2 eta 13 urte bitarteko adingabeendako eta 65 urtetik gorakoendako; 3,20 euro 14 eta 24 urte bitartekoendako, eta 4,60 euro 25 eta 64 urte bitartekoendako. Jaiegunetan prezioek gora egiten dute eta 14 eta 24 urte bitartekoek 4,10 euro ordaindu behar dituzte, eta 25etik 64ra bitartekoek, 5,70 euro.