Irulegin biltegiratzeko zeramikazko aztarna batean aurkitutako idazkun bat baskoierazko lehen zenbakiaren lekukoa izaten ahal da

Irulegin biltegiratzeko zeramikazko aztarna batean aurkitutako idazkun bat baskoierazko lehen zenbakiaren lekukoa izaten ahal da
‘Abaŕ’ idazkuna ontziaren edukierari buruzkoa bada, beste proba bat eransten dio baskoieraren, iberiarraren eta euskara historikoaren edo euskararen arteko harremanei buruz
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

2017az geroztik Irulegin egiten ari diren indusketei esker, aztarna material ugari berreskuratu dira, horien artean baskoierazko zenbaki baten lekuko izan litekeen idazkun bat. Aurkikuntza zeramikazko zati baten gainean inprimatuta dago, eta garrantzia handia du baskoieraren eta iberieraren arteko loturari buruz jakiteko, baita bi hizkuntza horiek euskara historikoarekin (antzina erabiltzen zena eta berrosatutakoa) eta egun erabiltzen denarekin duten loturari buruz jakiteko ere.

Aztarna gaur (osteguna) aurkeztu da, eta bi puskatan zatituta aurkitu zen: in situ edo herrixkaren ingurumarietan egindako biltegiratze-ontzi baten ertz bati dagokio. Ikur-bilduma paleohispanikoan idatzi zen testua, baskoieraz segur aski: a[ba]ŕ edo abaŕ agertzen da idatzita, eta edukierari egin lekioke erreferentzia. Interpretazio hori zuzena baldin bada, idazkuna baskoierazko zenbaki baten lehen testigantza izanen litzateke; gainera, haren formak guztiz eginen luke bat berriki egin diren ikerketek iberierazko 10 zenbakiari egotzi dioten formarekin, eta, aldi berean, iberierazko zenbaki hori eta euskarazko (h)amar (10) zenbakia bat datozela zehaztu da.

Zati horiekin batera, inskribatutako bigarren pieza bat aurkitu da indusketan, erabilera pertsonaleko inportazio-ontzi bat: margotutako edo berniz beltzeko Campaniar zeramikazkoa da, italiar jatorrizkoa, eta “basi” du idatzita, izen laburgarri bati egindako erreferentzia posiblea – agian ontziaren jabeari eta etxeari dagokio testua–. Aztarnetako bat Irulegiko eskua aurkitu zen etxearen barnean topatu zen; bestea, etxe horren kanpoaldean, eta biek bat egiten dute aurrez aurkitutako aztarnekin: Irulegiko eskuaren brontze epigrafikoa, txanponen testuak eta herrixkan aurkitutako stylusa. Hala, aztarna horiek guztiek berretsi egiten dute Irulegiko herrixkan idazketa lantzen zela egunerokoan. 

Bi piezak Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketan daude ikusgai, bertan aurkikuntzak aurkeztu dira gaur, eta honako hauek parte hartu dute ekitaldian: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak; Mattin Aiestaran de la Sotilla Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendariak; Javier Velaza Frías ikertzaile eta epigrafian adituak, zeina Bartzelonako Unibertsitatean katedraduna baita; eta Manolo Romero Pardo Aranguren ibarreko alkateak.

Aurkikuntzen azterlan epigrafiko eta linguistikoa Javier Velaza Fríasek eta Joan Ferrerek (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Joaquín Gorrochateguik (Euskal Herriko Unibertsitatea) egin dute eta Palaeohispanica aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko da. 

Irulegi herrixka baskoia Sertorioren gerran eraso eta suntsitu zuten eta bertako ikerketa arkeologikoa duela bederatzi urte dago abian Aranguren Ibarreko Udalaren ekimenez, Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren laguntzarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatzen du, hainbat unibertsitaterekin lankidetzan, Mattin Aiestaran arkeologoaren zuzendaritzapean. 

Orain arte 75 metro karratu inguruko azalerako hiru etxebizitza induskatu dira eta askotariko aztarna materialak berreskuratu dituzte bertan, hala nola armak, zeramikazko ontziak, txanponak, animalien hezurrak, errotak eta abar. Material horien artean, gaur (osteguna) jendaurrean aurkeztu dituzten idazkunak dituzten zeramika-pusketak daude. 

Erakusketa irailaren 27ra arte egonen da zabalik
Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketa irailaren 27ra arte egonen da ikusgai, doan, Pompelo Civivoxeko sotoan dagoen erakusketa-aretoan, astelehenetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Erakusketa Iruñeko Udalak antolatu du Pompeloren sorreraren 2.100 urteurrenaren karietara, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatu du, unibertsitate hauetako ikerlariekin lankidetzan: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa, Burgosko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Bordeleko Unibertsitatea.

Gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak bisita gidatuak antolatzen ditu bai Irulegiko aztarnategira bai Pompeloko erakusketara uda osoan zehar, irailaren 12ra arte. Informazio gehiago nahi izanez gero, https://www.aranzadi.eus/eu/irulegi-bixitatu webgunean kontsultatzen ahal da.

¿Te ha sido útil esta página?