
Umorea baliabide nagusi duen Irriziklo euskarazko antzerki programaren beste edizio bat abiatuko da otsailaren 25ean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Lau ikuskizunetarako sarrerak salgai daude jada San Agustin kaleko 3. zenbakiko txarteldegietan eta www.laescueladeteatro.com/eus Eskolako webgunean. Saio bakoitzak 5 euroko prezioa du, eta 16 euroko abonua eskuratzen ahal da ziklo osorako.
Saio guztiak asteazkenetan izanen dira, 19:00etan. Inprofestakzioa izanen da lehenengoa, otsailaren 25ean (asteazkena); unean bertan sortutako antzerkia, Inprolabel konpainiako bost antzezleren eskutik: Xabier Flamarike, Garazi San Martin, Jaione Urtasun, Xabier Artieda eta Lorena Arangoa. Inprobisazioa da ikuskizun horren gakoa, eta antzerkia, komedia fisikoa, clown-a eta musika uztartzen ditu.
Bigarren proposamena martxoaren 4an (asteazkenarekin) taularatuko da: Las Katastrofen taldearen Beste bat antzezlana. Bi emakumek, Hatxek eta Zetak (Leire Olara eta Aratxo Angulo aktoreak), kirolik zailenean duten gaitasuna erakutsiko dute. Federaziorik ere ez du kirolak: gauza borobilak bezala aldapa batean behera pirritan joatea, noraezean jaitsiz, oreka eta abiadura mantentzeko teknika baliatuz. Ikusle ororendako umore absurdo eta filosofikoko ikuskizuna dakar konpainiak.
Hurrengo asteazkenean, martxoak 11, bi bakarrizketaren txanda izanen da: Tartean Teatroa konpainiaren Txizatoki bat eszenatokian eta Hamalau piezak. Lehenengo lana Patxo Telleriak sortu eta interpretatuko du, eta Marcel Duchampen arteari buruzko gogoetaren ildoari heltzen dio. Duchampek duela ehun urte txizatoki bat jarri zuen ikusgai museo batean, eta Telleriak txizatokia agertokian jarriko du, ekintza sinboliko eta iraultzaile gisa, antzerkiaren kontzeptua kolokan jartzeko. Bigarren bakarrizketa Lutxo Egiarena da, eta Mikel Martinezek interpretatuko du: notario bat eraikin bateko hamalaugarren solairura doa bezero batek deituta, bertako terrazan ‘English suizidio’ bat gertatu baita.
Zikloari amaiera emateko, martxoaren 18an (asteazkena) Magma Mia konpainiaren Jo! lanaren txanda izanen da. Sorkun eta Grego(Anduriña Zurututza eta Beatriz Egizabal aktoreak), aspaldiko lagunak dira, eta denbora luzez elkar ikusi gabe egon ondoren, ezustean topo egiten dute. Kirolaren eta egoera absurdo bezain samurren bidez, protagonistek euren bizi-istorioetan oinarritutako ‘ikerketa antropologiko’ berezi bat egiten dute.
IRRIZIKLO 2026. OTSAILAK 25 – MARTXOAK 18
Nafarroako Antzerki Eskola. 19:00
Sarrerak leihatilan edo https://www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean: 5 euro / Abonua: 16 euro
Otsailak 25, asteazkena:
Inprofestakzioa (60’). Inprolabel
Martxoak 4, asteazkena:
Beste bat (60’). Las Katastrofen
Martxoak 11, asteazkena:
Txizatoki bat eszenatokian & Hamalau (55’). Tartean Teatroa
Martxoak 18, asteazkena:
Jo! (60’). Magma mia