Eskola baratze ekologikoen udal-programa berriro abiatuko da ostiralean, ikastetxeek izena emateko epea irekita. Martxoaren 24tik (ostirala) Udalak 2017 – 2018ko ikasturterako martxan jarritako ekimen horrekin bat egiteko interesa duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena. Momentuz, hamaika ikastetxek parte hartu dute jada programa horretan.
Udalak bere ildo estrategikoetan txertatu du Iruñeko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Udalaren haur-eskoletan eskola-baratzeak finkatzeko ekimena. Horregatik, hainbat baliabide eskaintzen dira, hala nola eskola-baratzeak curriculumean txertatzeko unitate didaktiko bat; eskola-baratzeak sortzeko babes logistiko eta ekonomikoa; baratzeak benetako ikaskuntza gune bihurtzeko irakasleendako prestakuntza eta ikasleendako lantegiak; prestakuntza bideoak; ikastetxeen arteko esperientzia-trukea eta familiendako prestakuntza. Ikastetxeek programan bi ikasturtez jarraian parte hartzeko konpromisoa hartzen dute.
Hezkuntza-proiektu honen helburua da ingurumen hezkuntzako haziak landatzea, norbanakoengan zein taldeetan aldaketak eragiteko gizarte jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Eskola-baratzeak, beste helburu batzuk ere bilatzen ditu, adibidez: askotariko ezagutzak ikasteko ikasgela bat eskaintzea; ikasketa esanguratsua erraztea eskola-baratzean izandako esperientzien eta bizipenen bitartez; esperientziak eta balioak partekatzea; hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatzea; eskolako patioak, bereziki, eta hiria, oro har, atseginago egitea eta naturalizatzea, eta elikadura osasungarria eta hurbilekoa sustatzea.
Programa hori Iruñeko Udalak 2016an Milango Itunari atxikitzean hartutako konpromisoaren eta 2030erako Iruñeko Hiri Agendaren (Udalaren Osoko Bilkurak onetsi zuenaren) parte da, eta Europako nahiz Espainiako Hiri Agendarekin eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta dago. Gainera, Udalak klima aldaketaren aurka borrokatzeko ekintzak ezartzeko duen Go Green Iruña Estrategiaren barruan dago.
Izena emateko fitxa
Izena emateko mezu elektronikoaren gaian honako hau adierazi beharko da: “Iruñeko Eskola Baratze Ekologikoen programa”. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira: izena emateko fitxa, Eskola Kontseiluaren onespenaren kopia,, klaustroaren onespenaren kopia eta proiektua bera, zeinean sartzen baitira lan-proposamena, hezkuntza-komunitate osoa barne hartzen duten proiektuetan aurrez izandako esperientzia, eta ingurumen-hezkuntzari lotutako proiektuetan aurrez izandako esperientzia. Proiektuak 5 orriko luzera izanen du, gehienez ere, bi aldeetatik idatzita, eta eranskin gisara igorriko da. Edozein zalantza argitzeko deitu 948 420 984 telefonora.
Hautaketa Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eginen du. Hurrenkera honetan, ikastetxe publikoek, itunduek eta pribatuek izanen dute lehentasuna (% 20). Horrez gain puntuak emanen dituzte hezkuntza-komunitate osoa aintzat hatzen duten proiektuek (% 10), ingurumen hezkuntzan izandako esperientziak (% 10), lan-proposamenak (curriculumean txertatzeak % 20, hezkuntza-komunitatea engaiatzeak % 15 eta ekintza-planak % 15) eta aurreko ikasturteetan proposamena aurkeztu izanak, nahiz eta hautatua ez suertatu (% 10). Deialdiaren oinarriak Ingurumen Hezkuntzako Udal webgunean kontsultatu daitezke.