Ireki da Iruña eta Orkoien lotzen dituen oinezko eta bizikletentzako pasabidea, herri batetik bestera segurtasunez igarotzea bermatzen duena

Ireki da Iruña eta Orkoien lotzen dituen oinezko eta bizikletentzako pasabidea, herri batetik bestera segurtasunez igarotzea bermatzen duena
Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Iruñeko eta Orkoiengo alkateak egon dira 750.000 euroko aurrekontua izan duten lanak bisitatzen
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

 

Jada irekita dago Iruña eta Orkoien lotzen dituen oinezko eta bizikletentzako pasabidea. Horrela, udalerri batetik bestera ibiltzen diren pertsonen segurtasuna bermatzen da, ez baitute PA-30 errepidea gurutzatu behar. Proiektua gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak eta bi Udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten. Gaur goizean bisitatu dituzte lanak Iruñeko alkate Enrique Mayak, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak, Orkoiengo alkate Carlos Arrónizek eta Iruñeko nahiz Orkoiengo udal-taldeetako zenbait ordezkarik.

Lankidetza-hitzarmenarekin bat, “Iruña eta Orkoienen artean, PA-30 errepidearen gaineko oinezkoendako pasabidea, bide segurtasunari loturiko azpiegitura” proiektuaren lanak egiteko hasierako aurrekontu aurreikusia 751.193 eurokoa izan da (BEZa barne), eta desjabetzea, lanak eta horien zuzendaritza barne hartu ditu.

Hiru administrazioen artean egin da inbertsioa: Nafarroako Gobernuak % 59,8 jarri du (450.000 euro), Iruñeko Udalak % 22,6 (171.193 euro), eta Orkoiengo udalerriak % 17,6 (130.000 euro). Lanen amaierako kostua 532.204 euro izan da (BEZa barne), eta 4 hilabetean egin dira. Jarduketa osorik Iruñeko udal-mugartean egin bada ere, oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzen ditu hiriburuaren eta Orkoienen artean. Bi udalerrietako biztanleak dira azpiegituraren interesdun nagusiak.

32,5 metro luze den pasabidea

Pasabidea PA-30 errepideko 20,8 kilometro-puntuan dago, hiltegi zaharra zegoen gunetik hurbil, berriki urbanizatu den toki batean. Oinezkoek eta bizikletek zeharkatu dezakete. Orain arte, Iruña eta Orkoienen artean oinez edo bizikletaz ibiltzen zirenek NA-700 (Iruña-Lizarra, Etxauritik) errepideko aldeetan zeuden espaloiak erabiltzen zituzten, eta PA-30 errepidea (Ipar Ingurabidea) gurutzatzen zuten. Errepide horrek bi zirkulazio-errei ditu, eta, beraz, arrisku handia du hala ibilgailuen nola oinezkoen bide segurtasunari dagokionez.

Pasabidearen metalezko egitura 32,5 metro luze da. Hiri-argiteriako instalazioak led-motako luminariak ditu. Pasabideari eman zaion luzerari esker, etorkizunean PA-30 errepidea bitan banatzeko aukera dago.

Oinezkoendako bidexka irisgarri bat sortu da

Lanen barruan, 430 metro luze eta 3 metro zabal den oinezkoendako bidexka bat egin da, bi aldeetan dauden espaloiekin bat egiteko. Hormigoi-lauzek eta baldosak –Orkoiengo espaloian daudenen antzekoak– dituen zati txiki batek osatzen du zoladura. Oinezkoendako bidexkaren luzetarako gehieneko malda % 6 da, esparru publiko urbanizatuetako irisgarritasunari buruzko oinarrizko baldintzak ezartzen dituzten legeekin bat.

Era berean, hiru eskailera-tarte sortu dira, oinezkoendako bidexkan egin beharreko ibilbidea murrizteko xedez. Tarte bat iparraldeko zonaldean egin da, eta, bestea, hegoaldeko zonaldean. 2 metroko zabalera dute, eta lurrei eusteko albo-hormatxoak dituzte. Altzairu herdoilgaitzezko eskubanda bat paratu da. Argiteria led-motakoa da, eta albo-hormatxoetan sartuta dago.

Mantentze-lanak Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren esku

Lanak Nafarroako Gobernuak agindu eta hiru erakundeek onetsitako eraikuntza-proiektuarekin bat garatu dira. Iruñeko Udalak, Hirigintza Gerentziaren bitartez, lizitatu eta kontratatu ditu eraikuntza-lanak eta horien zuzendaritza fakultatiboa. Lurralde Kohesiorako Departamentuak lanak egin ahal izateko behar ziren lursailak okupatzeko desjabetze-izapideak egin zituen; hori eginda, Iruñeko Udala izendatu zuen desjabetutako lursailen onuradun, guztiak Iruñeko udal-mugartean baitaude.

Hitzarmenarekin bat, pasabidearen egituraren, errepideak hartzen duen gunearen eta jabari publikoko eremuen titularra Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa da. Desjabetutako lursailetan dauden hiri-osagai eta -altzariak Iruñeko Udalarenak dira, eta hemendik aurrera Inguruko sarbideak eta pasabidearen igarolekua mantentzeko lanak (garbiketa, argiteria, altzarien margoketa eta lorezaintza, adibidez) Iruñeko Udalaren jabetzakoak dira. Pasabidearen egitura, zimenduak eta euskarriak zaintzea Nafarroako Gobernuaren egitekoa izanen da.

¿Te ha sido útil esta página?