
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak ondutako programaren bigarren emanaldia eginen dute datorren asteazkenean, hilak 12, Kondestable Civivoxean. Bi film labur emanen dituzte: Iratxe Fresnedaren Errotatiba, eta Mikele Landaren Noizko Basoa. 19:00etan hasiko da, areto nagusian, eta sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte. Bi filmak eman ondoren, zuzendariek solasaldi bat eginen dute ikus-entzuleekin.
Errotatiba film laburra memoriaren hauskortasunari eta gizakiak hura babesteko sortzen dituen lekuei buruzko hausnarketa bat da. Gizakiak desagertu egiten dira, bizi izan ziren eraikinak bezalaxe, lan egin zuten eta zoriontsu izan ziren tokiak bezalaxe. Aurpegi horiek, bizitza horiek, oroimen idatziaren parte izan ziren noizbait, baina oroimena desagertzearekin batera galduko dira, ezer ez baita betiko. Urak dakarrena, urak eramaten du berriz, azaldu du Iratxe Fresneda zinemagileak.
Noizko basoa film laburrak, bestalde, berriz hasten den baso baten istorioa kontatzen du. Herri batek inoiz ikusi ez duen paisaia bat ekartzen du gogora. Eskuek, aitzurrek eta botek lur lehorra astintzen dute noizbait Ullan bizi izan ziren zuhaitzak lurrazalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta ahanzturan galdutako mintzaira bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da hemen? Posible al da baso bat landatzea? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herria?, galdera horiek jarri ditu mahai gainean Mikele Landak.
Egileak
Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, 1974) zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakasle euskalduna da. 2016an, Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkeztu zuen Donostiako 64. Zinemaldian: Mirentxu Loiarte zinemagile iruindarraren bizipenak eta obra ditu hizpide. Ikus-entzunezkoetan doktorea da, eta 2004tik, baita Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio eta Publizitate Departamentuko irakaslea ere.
Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa eta Zientzia Politikoko departamentuak beka bat eman zion egindako doktore-tesiagatik: Emakumearen estereotipoak Lars von Trier-en zinema-lanetan. Medea. Breaking the waves, The idiots. Dancer in the Dark. Dogville. Irakasle bisitaria izan da Nevadako Unibertsitatean, Renon (AEB), eta Lund Unibertsitateko Film Studies departamentuan, Suedian. Eskolak ematen ditu EHUren Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrean, eta RIVIC sareko kidea da (gaztelaniaz, Red Interdisciplinar sobre las Verdades de la Imagen Hispánica Contemporánea). Euskadi Irratiko (EITB) hainbat kultur-programaren zuzendaria eta gidoilaria da, Gara eta Bilbao egunkarietako kolaboratzailea ere bai, eta gaur egun, elkarlanean aritzen da komunikabideekin, zinemagileekin eta zinemarekin zerikusia duten hainbat organismorekin.
Mikele Landak (Bilbo, 1995) Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen EHUn eta Suediako Karlstad Unibertsitateko zinema fakultatean. Geroago, Madrilgo TAI eskolan espezializatu zen dokumentalak, zinema esperimentala eta bideoartea egiten. 2021-2022ko ikasturtean gradu ondoko ikasketak egin zituen Elias Querejeta Zine Eskolan. Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zuen bere lehen lana, Heldu, 2018an, eta 2019ko Euskal Zine Bileran zuzendaririk onenaren saria eskuratu zuen. Ordutik, ikus-entzunezko hainbat proiektu egin ditu zenbait elkarterekin elkarlanean: hala nola Mali, 10 urtetan, OSALDErekin batera Malin filmatu, ekoitzi eta zuzendutako filma. Zinemagile ez ezik, kazetari ere aritu izan da EiTBn eta Berria egunkarian, besteak beste. Zinebi eta Punto de Vista jaialdietan eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri du bere azken lana, Noizko basoa. Lehen film luzea egiten ari da orain buru-belarri Noka Mentoring eta Elkarrekin Sortzen programei esker: Egun Senda du izenburu.
Iruñeko Udala eta Nafar Ateneoa elkarlanean
Iruñeko Udala elkarlanean aritzen da Nafar Ateneoarekin hilean ekitaldi bat antolatzeko, hirian euskarazko kultur-eskaintza sustatze aldera. 2024-2025eko ikasturtearen bigarren hiruhilekorako, Nafar Ateneoak neguko kultur-ziklo bat antolatu du: urtarriletik martxora bitartean izanen da, eta euskaraz sortutako ikus-entzunezkoak emanen dituzte; dokumentala edo filma ikusi ondoren, solasaldi bat eginen dute zuzendariekin edo obran parte hartu dutenekin. Hiru saio izanen ditu zikloak, eta lau ikus-entzunezko erakutsiko dituzte: bi film luze eta bi film labur. Programaren helburua da adierazpen artistikoa sustatzea eta euskarazko ikus-entzunezkoen kultura zabaltzea. Urtarrilaren 21ean hasi zen zikloa: Jose Luis Erdoziaren Ai, hau pena nik dokumentala eman zuten.
EUSKARAZKO EMANALDIEN ZIKLOA. HURRENGO EMANALDIAK
Otsaila:
Noizko Basoa, Mikele Landa
Errotatiba, Iratxe Fresneda
Martxoa:
Gartxot, Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta