Irailaren 7an –larunbatarekin–, Pim Pam Ville musika-jaialdiaren edizioak zortzi musika-proposamen eskainiko ditu Burgoen plazan, eklektikoak eta tokikoak zein nazioartekoak

Irailaren 7an –larunbatarekin–, Pim Pam Ville musika-jaialdiaren edizioak zortzi musika-proposamen eskainiko ditu Burgoen plazan, eklektikoak eta tokikoak zein nazioartekoak
Kontzertuak, 12:45etik gauerdira arte, doakoak dira, eta rock-, punk-, psicodelia-, garage- zein folk-joerak jarriko dituzte entzungai

Hirugarren urtez jarraian, Burgoen plazan eginen da Pim Pam Ville jaialdia. Irailaren 7an eginen da, ohi denez, Batasunaren Pribilegioaren kariaz antolatutako ekitaldietan. Zortzi kontzertuk osatuko dute musikalki eklektikoa den programa, rock-, punk-, psicodelia-, garage- zein folk-joerez, non nazioarteko taldeek –The Fleshtones, The Kids eta The Mani-Las, adibidez– zein tokikoek –Kokoshca eta Joseba Irazoki, adibidez– joko baitute. 

María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Pedro Marqués jaialdiko zuzendari artistikoak aurkeztu dute Pim Pam Villeren edizio berri hau, ia egun osoan zehar gauzatuko dena: 12:45ean hasiko dira emanaldiak, eta gauerdian bukatu, bazkaltzeko orduko atseden labur batez. Kontzertu guztietan sarrera doan eta libre da. Pim Pam Villek egunotako musika-eskaintza honela osatuko du: jendaurrean bestelako soinu, erritmo eta konposaketak jarriko dira entzungai, garaikideagoak.

Jaialdiari Milwakeeko (AEB) Nickel & Rosek emanen diote hasiera, Amerikako musika-mota guztietako kutsuez. Carl Nicholsek Afrikako mendebaldeko musikan zein blusean dauden osagaiak ekarriko ditu; Johanna Rosek, aldiz, bluegrass, folk eta jazz doinuak. Nickel & Rosek giza esperientzia harmonia leunez eta bihotz-malkoez bustitzen dute, arima hunkituz, amodioak, desamodioak eta galerak hizpide. Biok batera, musika tradizionalarekiko ikuspegi beretik eta arauak apurtu nahian, sortu dute soinu paregabea, Amerikako iragana eta etorkizuna hezurmamitzen dituena, eta orain, irailaren 7an, Burgoen plazan entzungai, 12:45etik aurrera.

Joseba Irazokiren txanda 14:00etan izanen da, rock-folk psikodeliko progresiboaz. Irazokik Zu al zara? albuma aurkeztuko du: Ibai Gogortza, Jaime Nieto eta Félix Buff adiskideekin rock-laukotea osatu zuen; orain Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen bigarren lana sortu da, abestiak, beste proiektuetan murgildurik, beta zuenean sortuta.

Arratsaldean, Detroiteko doinua eta tokiko proposamenak
Arratsaldeko 17:00etan Craig Brown Band-ek joko du, Iruñera Detroitik etorrita. Ahalegin handirik gabe eta umore handiz rock klasikoa, honky-skronk eta garage-rock estiloak biltzen dituen nahasketak jarraipena ematen dio Detroiteko doinua delakoari (Motown, MC5, Iggy & the Stooges, Bob Seger, Alice Cooper eta The White Stripes edo The Gories). Brown eta bere bandak lehen albuma –The Lucky Ones Forget’– editatu zuten Jack Whiten Third Man Records-en, Warren Defever-ek grabatuta, konposaketa klasikoez zein arrantza, beisbol eta edariari buruzko oharpen adarjotzaileez eta umoretsuez blai: oso hasiera birrintzailea. 

Jarraian, tokiko soinuak: lehenik, Jon Ulecia eta Cantina Bizarro, 18:15ean; Kokoshca, gero, 19:30ean. Ulecia anaiak musikari bikainez osatutako belaunaldi galdu batekoak dira; Los Bichosen Josetxo Esponda eta Gliter Souls eta Brillantina´s-en Roberto C. Meyer ere baziren belaunaldi horretakoak. Cantina Bizarrorekin, Striptease albumeko abestiak aurkeztuko dituzte, gordinak eta urratuak, baina rock and rolleko sustraietatik jitea hartuta. Kokoshcak, berriz, El Mal lana aurkeztuko du, non punk-rock musika egonkortzen baita. Disko berria aurrerapausoa da, egonkortasuna eta askonahia oinarri. Ardura hori albumean genero-nahasketa bikaina bihurtzen da, rock, psikodelia eta nolabaiteko espazio-folklorea uztartuta.
 
Nazioarteko jai-amaiera 
20:45ean, Filipinakeko The Mani-Las power-hirukotea igoko da agertokira, bi minutu eta erdiko abestiak ezaugarri dituela, erritmo ezin azkarragoan eta punk-jarreran, oso dantzagarriak, Mariana Pérez, Maika Makovski eta Olaia Bloom taldekideen ahots indartsuen doinuez eta koruez. Banda Maika eta Olaia, 2017an, Manilara bidaiatutakoan sortu zen; bidaiaren ondoren, SON Records-en He’s got the power singlea (The Exciters-en jatorrizkoa) grabatzea erabaki zuten, behin Marianarekin hirukotea osatuta.

Gaueko 22:00etan, The Kids agertuko dira Burgoen plazan, Belgikako punk- eta rock-taldea, Anberesekoa. 1976 Ludo Mariman Londresera joan eta zuzenean ikusi zuen Eddie and the Hot Rods. Anberesera itzulitakoan, The Kids taldea osatu eta aitzindariak bihurtu ziren Belgikako rockan, generoaren klasiko bat den hasiera-albuma sinatuta. Banda 1986an banandu eta 1996an berrelkartu zen, bigarren gaztetasunaz gozatzeko, gaurdaino dirauena, zuzeneko birrintzaileak eskainiz.

Azken kontzertua, 23:15ean, musikan eskarmentu handia duten beste musikari batzuek emanen dute, New Yorkeko The Fleshtones-ek; garai guztietako garage-banda onenetakotzat jotzen dena. Nortasun handiko Peter Zaremba eta Keith Streng gitarra-jotzailea buru zutela, New Yorkeko CBGB´s-n egin zuten estreinaldia, 1976ko maiatzaren 19an; hortaz, lau hamarkada baino gehiago eman dute taula gainean. Sasoi onean eta oso umore onez jarraitzen dute, Europarako bisita ugarietan erakutsi duten bezala. Zuzenekoak dibertsioa eta rock and rolla banatuko ditu neurri berean. 

 

PIM PAM VILLE MUSIKA-JAIALDIA. IRAILAK 7, LARUNBATA. BURGOEN PLAZA
  • 12:45. Nickel & Rose (Milwakee – Estatu Batuak)
  • 14:00. Joseba Irazoki eta Lagunak (Bera)
  • 17:00. Craig Brown Band (Detroit – Estatu Batuak)
  • 18:15. Jon Ulecia eta Cantina Bizarro (Iruña)
  • 19:30. Kokoschca (Iruña)
  • 20:45. The Mani-Las (Manila - Filipinak)
  • 22:00. The Kids (Anberes)
  • 23:45. The Fleshtones (New York – Estatu Batuak)