Hautesle Erroldaren Bulegoak bidalitako datuen arabera, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako Iruñeko hautesleak guztira 151.472 izanen dira. Datu horien ikusita, Iruñean 270 mahai jartzea aurreikusi da 23 hauteslekutan, hau da, apirileko kopuru bera. Oraingo hauteskunde hauetarako erabili diren datuak dira hiriko erroldan 2019ko ekainaren 27an zirenak.
Herritarrek irailaren 30etik aurrera kontsultatzen ahalko dute erroldan sartuta dauden, botoa eman ahal izateko. Iruñeko Udalak, hauteskunde-araudia betez, astelehenean irekiko du kontsulta-prozedura, eta bi bide izanen dira: telefonoz, 010era deituta, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 9:30etik 13:30era; eta dagokion aplikazioan sartuta (www.pamplona.es) webguneko hasiera-orritik. Azkeneko hauteskundeetan bezala, erroldako zerrendak ez dira jendaurrean paratuko; horregatik, bide horietakoren bat erabili beharko da erroldako datuak kontsultatzeko eta, behar izanez gero, aldaketak egin daitezela eskatzeko.
Aste honetan iragarritako hauteskundeetan hautesle izan ahalko dira Espainiako nazionalitatea duten adinez nagusiko guztiak. Hauteskunde-egunean ezin izanen dutela bozkatu aurreikusi eta botoa postaz eman nahi dutenek urriaren 31 baino lehen egin beharko dute eskaera edozein posta-bulegotan.
Telefono bidezko kontsulta eta digitala
Aurreikusitakoaren arabera, kontsultatzeko epea irailaren 30etik urriaren 7ra izanen da. Edozein kontsulta egiteko beharrezkoa da NANa eta lehen abizena ematea. Astelehenetik aurrera, honako informazio hau egonen da eskuragarri: hautesleen identifikazio-datuak, botoa ematera zein hauteslekutara joan behar duten, hautesbarrutia, hauteskunde-atala eta mahaia.
Erroldako datuen arabera, hauteskunde horietarako guztira 151.472 hautesle daude Iruñean, eta horientzat 270 hauteskunde-mahai izanen dira. Horrek esan nahi du aurtengo apirilean egindako Hauteskunde Orokorretan baino 388 hautesle gehiago dagoela. Ordukoan kontsulta egiteko zortzi eguneko epea martxoaren 18an amaitu zen eta 2.389 kontsulta egin ziren, horietatik % 92,6 Internet bidez.
Hautesle guztien artetik aterako dira, Osoko Bilkura Berezian eginen den zozketa-informatiko bidez –urriaren 19tik 23ra bitarteko datan–, azaroaren 10ean hauteskunde-egunean ariko diren 270 mahaiburuak eta 540 mahaikideak, eta horien ordezkoak. Urriaren 23tik aurrera kontsultatzen ahalko da, baita ere, mahaiko kide izatea tokatu den, eta zer kargutan, prozedura horren beraren bitartez.
Datorren astean hasiko dira hautetsontziak garbitzen
Bestalde, urriaren 1ean, Arrotxapeko udal-aretoetan hasiko dira prestatzen azaroaren 10eko hauteskundeetarako behar diren elementu fisikoak. Iruñeko Udaleko Gizarteratzeko eta Lanera bideratzeko Programaren bitartez hautatutako lau lagunen talde batek prest utziko ditu, berriz ere, hauteskundeetarako behar diren 589 hautetsontziak. Datozen asteetan muntatu, garbitu eta zigilatu beharko dituzte. Ondoren, hauteslekuetako informazio-panelen garbiketa-, konponketa- eta antolakuntza-lanekin hasiko dira, botoaren pribatutasuna bermatzen duten 150 kabinak prestatzeko eta egun horretan beharrezkoak izanen diren 100 laguntza-mahaiak prestatzeko lanak ere.
Hauteskunde-eguna iritsi ahala emakume batek eta hiru gizonek osatutako talde horrek laguntza emanen du, halaber, material guztia garraiatzen eta muntatzen, eta hauteskundearen ondorengo orduetan laguntza emanen du elementu horiek biltzen. Kontratatutako langileak Gizarte Zerbitzuetako udal-programen erabiltzaileak dira, eta enplegagarritasun zaileko sektoreen tipologian daude sartuta. Azaroaren 30era arte izanen dute kontratua peoi gisa, jardunaldi osoan eta jarraituan.
Horretaz gain, azaroaren 10aren aurreko bi egunetan eta hauteskundeen hurrengo egunean, Udalak Gizarte Enplegurako programetako beste 20 lagun eskainiko ditu hauteskunde-egunean laguntza lanetan aritzeko.
HAUTESLE ERROLDAREN KONTSULTA
Bideak
- Telefonoz: 010 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.
- Interneten: www.pamplona.es webgunean
2019ko Hauteskunde Orokorrak
Iruñeari dagozkion datuak, Estatistikako Institutu Nazionalak bidalitako erroldaren arabera:
- Hautesle kopurua Iruñean 151.472
- Hautesleku kopurua 23
- Hauteskunde-mahai kopurua 270