Irailaren 30ean amaituko da Iruñeko Bertsopaperak lehiaketara lanak aurkezteko epea

Irailaren 30ean amaituko da Iruñeko Bertsopaperak lehiaketara lanak aurkezteko epea
Udalak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak bultzatuta, adinaren araberako hiru kategoria ditu
Cartel

 

Irailaren 30a izanen da azken eguna Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Iruñeko Bertsopaperak Lehiaketaren bigarren edizioan lanak aurkezteko. Nafarroako egileek zein nafar ez diren baina Foru Komunitatean bizi den pertsona orok parte hartu dezakete.

Literatur-lehiaketa honen xedea da bertsolaritza eta bertsopaperen modalitatea (bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak) bultzatu eta sustatzea. Aurreko urtean 24 testu aurkeztu ziren lehiaketaren lehenengo edizioan. A, B eta C kategoria bakoitzeko sariak Ekhi Rojo Rodríguezek, Beñat Astiz Isasik eta Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi zituzten, hurrenez hurren.

4.000 euro banatuko dituzten hiru sari kategoria bakoitzeko

Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Bertsoen doinua zehaztu beharko da. Parte-hartzaileen adinaren arabera hiru kategoria ezarri dira. A kategoria 2008an edo geroago jaiotakoei zuzentzen zaie, eta gutxienez bi bertso eta gehienez lau aurkeztu beharko dituzte. B kategoria 2004tik 2007ra bitarte jaiotakoei zuzentzen zaie. Lanek gutxienez 4 bertsokoak izan beharko dute, eta, gehienez, 8koak. Azkenik, C kategoria 2003an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lanek gutxienez 12 bertsokoak izan beharko dute, eta gehienez 16koak, eta horrez gain, nolabaiteko batasuna osatu beharko dute. A eta B kategorietan gehienez hiru lan aurkezten ahalko dira; C kategorian lan bakarra.

Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira. A kategoriakoak kultura-bonuak izanen dira, 150, 100 eta 50 eurokoak. B kategorian, saria diru-kopuru bat izanen da, 350 euro irabazlearendako, 200 euro bigarren postuarendako eta 150 hirugarrenarendako. C kategorian sariak biderkatu dira: 1.500 euro obra onenaren egilearendako, 1.000 euro bigarren sariarendako eta 500 hirugarren postuarendako. 4.000 euro batzen dituzten sariak banatzeko ekitaldia aurtengo udazkenean eginen da.

Nola izena eman parte hartzeko

Parte hartzeko, lanak aurkeztu eta formulario bat bete behar da www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetan. Bertsopaperak Lehiaketaren edizio honen epaimahaikideak Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak izendatu ditu, eta Amaia Telletxea, Mikel Beaumont eta Sustrai Colina izanen dira.

C kategorian lehen saria lortzen duenak baimena emanen die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteari emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, sariarekin batera emandako diru-ordainaz bestekorik jaso gabe. Lehenengo argitalpen edo ekoizpen hori egiteko salbu, saritutako lanak ustiatzeko eskubideak egile bakoitzarenak izanen dira.

¿Te ha sido útil esta página?