Las pDatozen asteetan amaituko da epea Iruñeko Udalak antolatzen dituen bi lehiaketatan euskarazko lanak aurkezteko. Irailaren 30 da epemuga Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketarako, hau da, bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoen literatura-lehiaketarako. Urriaren 16a da azken eguna egile berriendako euskarazko Literatur Lehiaketarako lanak aurkezteko, aurten poesia eta narrazio modalitateekin.
Parte-hartzaileek haien lana eta datuak aurkeztu beharko dituzte www.pamplonaescultura.es webgunean, horretarako haren hasiera-orritik eskuratu daitekeen formulario bat betez. Gune horretan bertan bi lehiaketen oinarriak osorik kontsultatu daitezke. Nafarroan jaio edo Nafarroan bizi diren egileek hartzen ahal dute parte. Lanek gai librekoak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaragabeak.
Halaber, lanak Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo indarra duten legeek aurreikusitako edozein bideren bitartez aurkezten ahalko dira. Horretarako, lanaren kopia bat sartu beharko da gutun-azal itxi batean. Gutun-azalaren kanpoko aldean lehiaketaren izena, obrarena eta modalitatea idatzi behar dira. Barnean, bigarren gutun-azal bat sartu behar da, itxita, kanpoan lanaren izena idatzita, eta barnean, egilearen datu pertsonalak jasotzen dituen orri bat.
Hiru kategoria eta bederatzi sari Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketan
Iruñeko Udalak Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin elkarlanean sustatutako Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketak hiru kategoria ditu, eta horietako bakoitzean, hiru sari. Bertsoen doinua zehaztu beharko da.
C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lan bakarra aurkezten ahal dute, gutxienez 12 bertsokoa, eta gehienez 20koa. Lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoek hartzen ahal dute parte (biak barne), eta gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte, 4 eta 8 bertso artekoak. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategoria 2007an edo ondoren jaiotakoei zuzentzen zaie. 2 bertso gutxienez eta 4 gehienez idatzi beharko dituzte. Lehen saria 150 euroko kultura-bonua izanen da; bigarrena, 100 eurokoa, eta hirugarrena, 50 eurokoa. Gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte.
9.000 euro saritan Egile berriendako euskarazko literatur-lehiaketan
Egile berriendako euskarazko literatur-lehiaketaren XXX. edizio honetan poesia-lanak edo narrazioak aurkez daitezke. Poesiaren kasuan, lanek 200 bertso izan beharko dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez, 15 orrialde.
Lehiaketak hiru sari banatuko ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, epaimahaiak 250 euroko lau aipamen eman ahalko ditu, lanak zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Udalak sariak argitara emanez gero, horiek gainontzeko saridunekin batera agertuko dira.
Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin dute berriro parte hartu modalitate horretan.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Irailaren 30ean amaituko da epea Bertsopaper-lehiaketara lanak aurkezteko, eta urriaren 16an, poesia eta narraziokoa; biak ala biak, euskaraz