
Datorren ostiralean, hilak 23, ‘Hiriaren egoerari buruzko eztabaida’ deritzon udal-politikari buruzko hamabigarren eztabaida orokorra eginen da Iruñeko Udalean. Saio berezia 09:30ean hasiko da, eta horixe izanen da gai-zerrendako gai bakarra. Hiriaren egoera orokorra eta etorkizuna ikuspegi zabal batetik aztertzen dituen eztabaida hau 2015ean onetsitako erregelamenduan jasota dago. Arauak honako hau ezartzen du: "Osoko Bilkurak eztabaida bat eginen du politika orokorrari buruz. Bilkura berezia izanen da, eta monografikoa, eta bertan ezin izanen da landu beste ezein gairik".
Ohikoa den moduan, saioa zuzenean jarraitzen ahalko da (streaming bidez) www.pamplona.es udal-webgunean, eta baita Iruñeko Udalaren Youtubeko kanalaren bidez ere (jatorrizko soinuarekin edo euskarazko parte-hartzeak gaztelaniara itzulita). Hiriaren egoerari buruzko eztabaidaren bideoa Udalaren webgunean bertan ikusten ahalko da saioa bukatutakoan, herritarren eskura egon dadin igoko baita.
2015ean onetsitako Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoaren 117. artikuluan arautzen dira saioaren nondik norakoak. Data horren aurretik ere hitzordua ohikoa zen; aurrekaria 90eko hamarkadan ezarri zen eta 2008an finkatu zen behin betiko. 2015ean onetsitako erregelamenduari esker urteroko eztabaida hori urterik urte egin izan da, hiru salbuespenekin. Arauaren arabera “Ez da halako eztabaidarik eginen Udal Hauteskundeak diren urteetan”; hori horrela, 2011n, 2015ean eta 2019an ez zen saiorik egin, eta ildo beretik, heldu den urtean ez da horrelako hitzordurik izanen, 2023an tokiko udalbatzak eratzeko hauteskundeak eginen baitira.
Hitz-txandak
Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoan jasota dago saioaren mekanika zein izanen den, 118. kapituluan hain zuzen ere, politika orokorreko eztabaidei buruzkoan. Alkatearen mintzaldiak emanen dio hasiera Osoko Bilkurari, denbora-mugarik gabe. Jarraian 30 minutuko etenaldia eginen da, eta ondoren, oposizioko taldeetako bozeramaileek hartuko dute hitza, 20 minutuz gehienez ere. Alkateak erantzuteko eskubidea du, denbora-mugarik gabe. Haren atzetik, saioari segida emanez, gobernuaren udal-taldeko bozeramaileak hartuko du hitza (gehienez ere 20 minutu).
Erregelamenduak dio alkateak ihardetsi ala ez, 10 minutuko beste txanda bat irekiko dela oposizioko taldeentzat. Ondoren, alkateak egoki baderitzo, berriro erantzuteko txanda erabiltzen ahalko du, denbora-mugarik gabe. Hala egin edo ez egin, gobernu-taldearen udal-taldeak berriz hartzen ahalko du hitza (gehienez ere 10 minutu).
Alkateak berriro erantzuteko txanda erabiltzen badu, talde guztietako bozeramaileek 3 minutuko txanda edukiko dute. Alkatearen azken mintzaldiarekin emanen zaio amaiera saioari.