Irailaren 12ra arte zabalik egonen da gazte-gaztetatik zientzia eta teknologia sustatzen dituen Bizilabe gazteendako aisialdi programan izena emateko bigarren epea

Irailaren 12ra arte zabalik egonen da gazte-gaztetatik zientzia eta teknologia sustatzen dituen Bizilabe gazteendako aisialdi programan izena emateko bigarren epea
Saioak Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan eginen dira, 2025eko irailetik 2026ko ekainera bitarte; astelehenetan euskaraz eta asteartetan, gaztelaniaz
Fitxategi
bizilabe.pdf871.64 KB
bizikabe

 

Iruñeko Udalak Elhuyarrek sustatutako Bizilabe zientzia eta teknologia sustatzen dituen gazteendako aisia-programan izena emateko bigarren epea ireki du. Programa lehen mailako 5. eta 6. mailako ikasleei eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 2. mailetakoei zuzenduta dago. Izena emateko epea irailaren 12an amaituko da eta webgunean horretarako jarritako estekaren bidez egin behar da. Argibide gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Bizilaberen webgunea.

Bigarren epe hori adinaren baldintza (10-14 urte) bete eta interesa duen edonori zuzenduta dago, hala ere, lehentasuna izanen dute hirian erroldatuta daudenek edo Iruñeko ikastetxeren batean ikasten dutenek. Onartuen zerrenda irailaren 15ean jakinaraziko da. Talde bakoitzeko 15 gazte baino gehiago badaude, zozketa eginen da genero aniztasunari buruzko irizpideak kontuan hartuta eta 40/60ko ordezkapenari eutsita. Jarduera egiteko nahitaezkoa izanen da adin tarte bakoitzeko eta hizkuntza bakoitzeko 10 gaztek gutxienez izena ematea.

Zientzia eta teknologiako lantegiak 2025eko irailetik 2026ko ekainera bitarte eginen dira Ingurumen Hezkuntzako Museoko instalazioetan, Arrotxapean. Saioak astelehen eta astearte arratsaldetan eginen dira, 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Lehenengo saioa Lehen Hezkuntzako ikasleendako da eta bigarrena Bigarren Hezkuntzakoendako.

Ohiko kuota 30,6 eurokoa da izena emateko unean 12 urtetik behera dutenendako eta 35,7 eurokoa 12 urtetik gorakoendako. % 20ko deskontua egiten da bi seme-alaben izena emanez gero, eta hiru seme-alaba edo gehiagok izena emanez gero % 30ekoa. Kuota horiek dagoeneko deskontatuta dagoen % 95eko diru laguntza barne hartzen dute. Kuota gutxitzea eskatzeko, ziurtagiria aurkeztu behar da lantegiaren lehenengo saioan.

Bizilabe programak gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea du helburu, eta modu irisgarrian lortu nahi du helburu hori, egoera sozioekonomikoaren eta generoaren araberako aukera-berdintasuna bermatuta. Programak metodologia praktikoa darabil, eta mentoretzak eskainiko dira; gainera, sektoreko enpresek baliozkotuko dute programa. Parte-hartzaileak ikertzaile eta asmatzaile gisa arituko dira programetan, zientzia eta teknologiako adituek lagunduta. Ikasturtean zehar sektoreko profesionalen bisitak jasoko dituzte, baita tokiko enpresa eta proiektuetara irteerak egin ere.

Eskolaz kanpoko jarduera zientifiko-teknologikoek eragin oso positiboa dute haur eta nerabeen alfabetatze zientifikoan, kontzeptu zientifikoen ulermena garatzearekin batera pentsamendu kritikoa sustatzen eta estereotipoak gainditzen laguntzen baitiete.  

 

ASMATU ETA ESPERIMENTATU BIZILABEN! URTEKO PROGRAMA

  • Argibideak eta izen-emateak:
    o    Bizilaberen webgunean, bizilabe-iruna@elhuyar.eus helbide elektronikoan eta 747413981 telefonoan
    o    Tokia: Ingurumen Hezkuntzako Museoa (Errotazar k. z.g.)  
    o    Datak: 2025eko irailetik 2026ko ekainera
     
  • Saioak: astelehenetan, euskaraz, eta asteartetan, gaztelaniaz
    o    17:00 – 18:30 Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak
    o    18:30 – 20:00 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 2. mailak
     
  • Kuotak: 
    o    Izena emateko unean 12 urtetik behera dituztenek: 30,60 euro ikasturteko
    o    Izena emateko unean 12 urtetik gora dituztenek: 35,70 euro ikasturteko
    o    % 20ko deskontua bi adingabek izena emanez gero eta % 30ekoa hiruk edo gehiagok emanez gero
¿Te ha sido útil esta página?