Irailaren 10ean, igandearekin, Espainiako Txirrindularitza Itzuliaren etapa bat Iruñean hasiko da, beste behin. Mendi ertaineko eta hirugarren kategoriako hiru portuko etapak 156 kilometro izanen ditu eta Lekunberrin amaituko da. 15. etapa Ziudadelako barrutiko Laguntza Atetik irtengo da eta zortzi kilometro neutralizatu pasatxo eginen ditu hirian barna, hiru burguak inguratuz Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena ospatzeko, eta txirrindulari tropela Orkoiengo biribilgunetik aterako da Iruñetik.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Javier Guillén Espainiako Txirrindularitza Itzuliko zuzendari nagusiak parte hartu dute gaur goizean Ziudadelako Arma Aretoan egin den txirrindularitza-itzuliaren hiriko etaparen aurkezpenean. Aurkezpenari hasiera emateko Espainiako Txirrindularitza Itzuliko aurreko edizioko laburpen-bideo bat proiektatu da. Itzuli hori Quick Step taldeko Remco Evenepoel belgiarrak irabazi zuen eta Movistar talde nafarreko Enric Mas eta UAE Emirateseko Juan Ayuso ere (hori ere Espainiakoa), igo ziren podiumera.
2012az geroztik laugarren aldiz etorriko da Itzulia Iruñera. 2012an Itzuliaren irteera ofiziala Iruñean egin zen eta lehenengo bi etapetako protagonismoa hartu zuen taldekako erlojupekoarekin eta lineako lehen etaparen irteerarekin. 2014an lasterketa Nafarroako hiriburura itzuli zen, Aralarko San Migelen amaitu zen etapa baten abiapuntu izan baitzen. 2020an, pandemia betean, Iruñeak Lekunberrin amaitu zen etapako hasierari eutsi nahi izan zion. Trazadurak 2023ko ediziokoaren zailtasuna zuen, baina ibilbide desberdina.
Alkateak nabarmendu duenez “aparteko albistea da Espainiako Txirrindularitza Itzulia bezalako gertakari ospetsu batek ematea amaiera Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren karietara aurreikusi diren ekitaldiei”. Javier Guillének eskerrak eman ditu Iruñeak eta Nafarroak Itzuliari ematen dioten laguntzagatik, prestasunagatik eta harrera onagatik. Ekitaldian izan dira, halaber, Gorka Bueno Izabako Kultura eta Kiroleko zinegotzia, Miguel Ángel Pozueta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Udaltzaingoaren, Foruzaingoaren, Polizia Nazioanalaren eta Guardia Zibilaren buruak eta Itzulia babesten duten entitateen eta enpresen ordezkariak.
Ibilbideak Iruñean eta Nafarroan
Iruñea eta Lekunberri arteko etapak Itzuliaren bigarren astea itxiko du, Piriniotatik igaro ondoren, eta txirrindularitzako itzuliaren egun erabakigarriei ekin aurreko bigarren atseden egunaren bezperan iritsiko da. Aurreikuspenen arabera sinadura-kontrola Bake plaza eta Yanguas y Miranda etorbidearen elkargunean kokatuko da, eta Armadaren etorbidea moztuko da, lasterketa Ziudadela barrutik abiatuko baita.
Txirrindulari tropelak Laguntza Atea zeharkatuz emanen ditu lehen pedalkadak barruti gotortutik Pio XII.aren etorbiderantz irteteko. Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua eta San Ignazio etorbidea igarota, txirrindulariak Labril aldapatik Arrotxaperantz joanen dira, Vergel eta Arga ibaia kaleetan barna Cuatrovientoseraino. Trenbidearen gaineko zubia igaro eta ezkerrerantz biratuko dute Santa Luzia pasealekutik Ofitas biribilguneraino. Lasterketak PA-30 eta NA-700 errepideak elkartzen diren biribilgunean utziko du Iruñeko udal-mugartea, ondoren Orkoienerako noranzkoa hartzeko. Etapa, gero, Artazu, Villatuerta eta Lakuntzatik igaroko da, besteak beste, eta hiru mendate izanen ditu, hirurak hirugarren kategoriakoak, Lizarraga 76. kilometroan eta Zuarrarrate (bi aldiz) 117. eta 148. kilometroetan, azken hori helmugatik 8 kilometrora.
Aurreko egunean, irailaren 9an, larunbatarekin, helduko da Itzulia Nafarroara, Larra-Belaguara, Piriniotan barna 161 km eginen dituen etapa batean; horietatik 50 Foru Komunitateko errepideetan barna eginen dira. Txirrindulariek Nafarroan Larrañeko mendateari (kategoria berezikoa) aurre egin beharko diote 114. kilometroan, bai eta Belaguakoari ere(lehen kategoriakoa). Azken horretan egonen da 14. etaparen helmuga.