Bihar, irailaren 6arekin hasiko da Nafarroako Komikiaren XV. Azoka, komikia sustatzeko ekitaldia, TIZA elkarteak antolatua, eta, beste erakunde batzuen artean, Iruñeko Udalak modu egonkorrean babesten duena. Ekitaldiak jende orori zuzendutako hamarnaka ekitaldi eskaintzen ditu (mahai-inguruak, lantegiak, bisita gidatuak, zuzeneko sorkuntza, topaketak artistekin, aleak sinatzea, erakusleiho ilustratuak, autoedizio-azoka eta bigarren eskukoa, errelatoretza grafikoko ariketak hitzaldi guztietan...). Horiez gain, ingurunea baliatuz, hogeita hamar artista baino gehiagoren sorkuntzak biltzen dituzten doako bi argitalpen aurkeztuko dira.
Oraingo honetan, bi erakusketa eginen dira Kondestablen: Picasso protagonista, 170 pieza baino gehiagoko ibilbide aparta, eta Kafkaren metamorfosia, Stéphane Levallois artista frantziarrarena. Horrez gain, Udalaren zentro horrek honako hauek ere hartuko ditu: lantegiak, elkarrizketak egileekin, zuzeneko esku-hartzeak, topaketak artistekin eta nanoikuskizun bat, guztira 11 jarduera osatu arte.
Gaur goizean aurkeztu dute Nafarroako Komikiaren XV. Azoka Iñigo Gomez Eguíluz Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Javier Perez de Zabalza aretoko zuzendari eta Tiza Elkarteko kideak, Asier Mensuro erakusketen komisarioak, Fernando Urra Nafarroako Kutxa Fundazioko Komunikazio arduradunak eta Marcos Ahechu Albeniz Bankoa-Abancako Iruñeko bulegoko zuzendariak.
Funtsezko artista XX. mendeko abangoardian eta modernitatearen ikono
2023an 50 urte bete ziren Pablo Picasso hil zenetik (Malaga 1881- Mougins, Frantzia, 1973). Urte horretakoa da Picasso protagonista proposamena, haren ibilbidea Espainiako 41 egileren artean hainbat euskarritan egindako 170 pieza baino gehiagotan islatzen duena, horietako asko erakusketarako propio sortuak. Sortzaileek, komikia baliatuz, Picassoren mitoari eta mitoa iruditeria kolektiboan txertatzeari buruzko gogoeta egiten dute.
Paper gaineko istoriotxo klasikoetatik hasi eta formatu esperimentalagoetara doazen formekin aurkezten dira lanak, besteak beste, tamaina handiko lanak, instalazioak edota mahai joko bat simulatzen duten komikiak Erakusketa honetan parte hartzen dutenen artean, Paco Roca, Eneko, Ángel de la Calle, Javier Olivares, María Herreros, Tony Fernández Pons, Laura Pérez Vernetti, Idigoras y Pachi, David Rubín, Jacobo Serrano, Sagar Forniés, Cynthia Alfonso, Max, Belatz nafarra, eta gure komikigile bikainen abar luze bat. Horiekin batera, atzerriko bi egile ospetsu: Ricardo Liniers argentinarra eta Stéphane Levallois frantziarra. Santiago de Compostela, Pontevedra eta A Coruñatik igaro ondoren iritsiko da erakusketa Iruñera.
Bihar, irailak 6 (ostirala), 19:00etan, erakusketa ikusteko bisita gidatua antolatu da, Asier Mensuro erakusketaren komisarioaren eta beste artista batzuen eskutik.
Stéphane Levallois, munstrokeriaren maisua
Modernitatearen funtsezko idazleetako bat da Franz Kafka (Praga, Txekiar Errepublika, 1883-Kierling, Austria, 1924), eta genero fantastikoaren egile handienetako bat. Kafkaren metamorfosia erakusketan Stéphane Levalloisek, XXI. mendeko Hollywoodeko munstrokeriaren maisuak, bere eleberriari buruz egindako lana biltzen du.
XX. mendearen zati handi batean nagusi izan ziren faxismoak gogora ekarri eta XXI. mendekoei buruz galdetzen duen Levallois kontakizunaren logika iraultzera ausartzen da, eta labezomorro antropomorfoak bizi diren mundu batetik abiatuta, horietako bat gizaki bihurtzen du. Vilhelm Hammershøiren mihiseak dira lan horren inspirazio iturriak. Egileak egindako tratamendu grafikoari dagokionez, perspektiba eta akuarelaren teknika ezin hobeki menderatzen dituela nabarmentzen da, benetako protagonismoa argiak hartzen duen atmosfera eta giroak sortzeko.
Erakusketez bestelako jarduerak Kondestablen
Irailaren 6tik 27ra, Nafarroako Komikiaren XV. Azokari lotuta, hainbat jarduera eginen dira Kondestablen. Programazioak honako hauek biltzen ditu: Sagar Forniésen zuzeneko esku-hartze bat, Josefina Altunaren topaketa bat, Las lámparas llegaron sin novedades argitalpenaren aurkezpena eta Riki Blanco eta Candela Sierraren nanoikuskizuna irailaren 18an.
Baina hiru lantegi ere eginen dira (Artea superbotereekin eta Erakutsi zure botereak, Obeya aretoaren eskutik, eta Arpilleras, Bea Lemaren eskutik) edo Cristina Navarlazen Oxímoron erakusketaren bisita gidatua. Horiez gain, J.J. Chasek, Riki Blancok eta Charlie Christensenek solasaldiak eginen dituzte.
KOMIKIAREN AZOKAKO JARDUERAK KONDESTABLEN
ERAKUSKETA
Picasso protagonista. Hainbat egile
- 1. eta 2. aretoak. Kondestablearen jauregia. Irailak 6 – azaroak 3
Kafkaren metamorfosia Stéphane Levallois
- Beheko solairuko atondoa. Kondestablearen jauregia. Irailak 6 – 29
JARDUERAK
Irailak 6, ostirala. 17:00.
- ZUZENEKO ESKU-HARTZEA
- Sagar Forniés
- Kondestable Civivoxa. Areto nobleak
Irailak 7, larunbata. 10:00etatik 12:00etara
- LANTEGIA
- Artea superbotereekin, Obeya aretoaren eskutik
- Gazte eta helduentzat. Leku-kopuru mugatua. Izena emateko idatzi tizacomic@gmail.com helbidera
Irailak 11, asteazkena. 11:00.
- ARGITALPENAREN AURKEZPENA
- Las lámparas llegaron sin novedad
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 14, larunbata. 09:30etik 12:00etara
- LANTEGIA
- Arpilleras, Bea Lemaren eskutik
- Helduentzat. Leku-kopuru mugatua. Izena emateko, idatzi tizacomic@gmail.com helbidera
- Kondestable Civivoxa. 2. solairua
Irailak 14, larunbata. 18:30.
- JENDAURREKO ELKARRIZKETA
- J. J. Chas. Javier Pérez de Zabalzak bideratua
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 17, asteartea. 19:30.
- TOPAKETA
- Josefina Altuna. Mikel Edortarekin, Alberto Rodríguezek bideratua
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 18, asteazkena. 19:00etatik 19:30era.
- NANOIKUSKIZUNA
- Riki Blanco eta Candela Sierra
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 18, asteazkena. 19:30.
- JENDAURREKO ELKARRIZKETA
- Riki Blanco. Joseba Beramendi «Exprai»-k bideratua
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 20, ostirala. 18:30.
- JENDAURREKO ELKARRIZKETA
- Charlie Christensen. Javier Pérez de Zabalzak bideratua
- Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
Irailak 21, larunbata. 10:00etatik 12:00etara
- LANTEGIA
- Erakutsi zure botereak, Obeya aretoaren eskutik
- Haurrentzat. Leku guztiak agortu dira
- Kondestable Civivoxa. 2. solairua
Irailak 27, ostirala. 19:00
- BISITA GIDATUA ERAKUSKETARA
- Cristina Navarlaz Oxímoron
- Kondestable Civivoxa. Areto gotikoa.