Irabazi-asmorik gabeko hirurogeita bi elkartek lortu dute lizentzia Iruñeko hamaika zentro komunitarioetan erabiltzaile egonkor gisa jarduerak egiteko

Irabazi-asmorik gabeko hirurogeita bi elkartek lortu dute lizentzia Iruñeko hamaika zentro komunitarioetan erabiltzaile egonkor gisa jarduerak egiteko
Elkarteek Udalarekin hitzarmenak sinatuko dituzte erabilera-baimenak arautze aldera lau urteko epe luzagarrirako

 

 

Iruñeko Udalak deialdi publikoa eta konkurrentzia librekoa egin zuen iaz urte hasieran, elkarte eta kolektiboei hiriko hamaika zentro komunitarioetako guneen erabilpena esleitzeko. Deialdia jada ebatzita dago eta irabazi-asmorik gabeko 62 elkartek edukiko dute entitate egonkorreko izaera beren jarduerak egin ahal izateko. Hurrengo pausua izanen da Iruñeko Udalarekin sinatzea Zentro Komunitarioak erabiltzeko baimenak arautzen dituzten hitzarmenak, luzagarri diren lau urteko indarraldikoak.

Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Gizarte Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Conchi Mateo Komunitate Ekintzako, Lankidetzako eta Kiroleko zuzendariak azaldu dute Zentro Komunitarioetako guneak lagatzeko prozedura, duela urtebete abiatutakoa eta orain ebazten dena, egoera Zentro Komunitarioen Ordenantzak ezartzen duenarekin bat arautzeko. Egun, aurreko legegintzaldian entitate erabiltzaile gisara Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuten elkarteek eta kolektiboek erabiltzen dituzte zentroak, bai eta horiek puntualki erabiltzen dituzten taldeek ere. Hitzarmenak publikotasun, lehia libre, berdintasun eta gardentasuneko prozedurarik gabe egin ziren.

Zentro Komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzak, 2019an indarra hartu zuenak, zehazten du Udalak bermatuko duela “Zentro Komunitarioak gune irekiak eta pluralak izatea, komunitatearen parte-hartzerako, herritarren sustapenerako eta gizarte-inklusio zein elkarreraginerako”. Hori horrela, deialdia egin zen Zentro Komunitarioak egonkortasunez erabiltzeko lizentziak emateko. Hartara, abiatutako prozedurak entitate eta herritar guztiei bermatzen zien gune horien erabilera aukera-berdintasunean.

Gauzak horrela, 62 elkarte horiekin ebatzi da deialdia, eta elkarteek, Udalarekin sinatu beharreko hitzarmenaren faltan, erabilera-lizentzia eskuratu dute eskatu zuten Zentro Komunitarioa entitate egonkor gisara erabiltzeko. Alde Zaharreko Zentro Komunitarioak edukiko ditu entitate erabiltzaile egonkor gehien, 16 elkarteri eman baitzaie erabiltzeko baimena. Ermitagañako eta Txantreako zentroek 8na entitate erabiltzaile egonkor edukiko dituzte; Sanduzelaikoak, 7, eta Mendillorrikoak, 6. Azpilagañakoak 5 elkarte egonkor edukiko ditu, Milagrosako eta Buztintxurikoei hiruna elkarte esleitu zaizkie, eta Arrotxapeko, Lezkairuko eta Etxabakoizkoei, bina.  Deialdia baldintzak betetzen zituzten irabazi-asmorik gabeko entitate mota guztiei zabalik zegoen, eta entitate esleipendunak hiriko ehun asoziatiboaren aniztasunaren isla dira. Era askotakoak dira: auzotarren elkarteak eta kolektiboak, erraldoien eta buruhandien konpartsak, kirolarekin lotutakoak, laguntza eta lankidetzakoak, gazteriakoak eta haurtzarokoak...

Lizentziak emateko prozesua

Zentro komunitarioak entitate egonkor gisara erabiltzeko lizentziak emateko prozesua 2020ko urtarrilaren 8an abiatu zen, interesaturik zeuden entitate guztiei zabalduta zegoen eta bertan gardentasuna, baliabide publikoak eskuratzeko berdintasuna eta aldeen berme juridikoak bermatzen ziren. Koronabirusaren pandemia iritsi zenean deialdi publikoen administrazio-epeak eten egin ziren, berriz ere ekainaren 1ean berrabiatzeko, eta prozedura honen kasuan, ekainaren 18ra arte luzatu ziren epeak. Guztira 70 eskaera jaso ziren, eta horietako 62ri aldeko ebazpena eman zaie. Hiru entitatek uko egin diote eskaerari; bik ez zuten betetzen dagokien erregistroan izena emanda egoteko betekizuna, eta beste bik ez zuten bete deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentazioa.

Lizitazioa amaitu zenetik, Udalak harreman arina eduki du Zentro Komunitarioekin eta entitate erabiltzaileekin, elkarteen eta kolektibo erabiltzaileen egoeraren berri edukitze aldera, batez ere osasun-krisialdi honetan. Informazio-bilera batzuk egin dira abiatutako prozedurarekin eta funtzionamenduarekin lotutako alderdi batzuei heltzeko, behin hitzarmenak sinatu eta Zentro Komunitarioen Udal Ordenantzarekin bat egoera arautzen denean. Entitateek egindako ekarpen eta iradokizun batzuk jaso dira, eta Udala horiek aztertzen ari da, dagozkion hitzarmenak sinatzeari begira eta erabilera-arauak prestatzeko, beti ere indarreko araudiarekin bat, txosten juridikoan jasota eta herritarren eskuragarri.

Zentro Komunitarioak

Zentro Komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzak honela definitzen ditu: “udal-titulartasuneko ondasunak dira, jabari eta zerbitzu publikokoak izan daitezke edo ondarekoak, Iruñeko auzoetan daude eta elkarte-bizitza zein herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea dute xede. Udal-titulartasuneko lokalak dira, auzotarrek erabiltzekoak, irekiak, balioaniztunak eta inklusiboak, auzo bakoitzeko lokal batean edo batzuetan dute egoitza eta Iruña zentro komunitarioen sare batez hornitzen dute”.

Zentro Komunitarioetan egin beharreko jarduerek irekiak eta irabazi-asmorik gabeak izan behar dute. Honako jarduera mota hauek izan daitezke: auzokoak, hezkuntzakoak, prestakuntzakoak, kulturalak, aisialdi eta denbora librekoak, eremuko pertsonen eta kolektiboen arteko berdintasunezko elkarbizitzaren aldekoak, horien aniztasunaren ezagutzatik eta aitortzatik elkarreragitekoak eta, batez ere, eremuko pertsonen eta kolektiboen artean loturak sendotzekoak eta topaketak sustatzekoak”.

Deialdi publikoan zehaztutako erabilera egonkorrez gain, posible da, baita ere, unean-unean erabiltzea. Erabilera eskatu beharra dago, ez besterik, eta bertan adierazi zer jarduera egin nahi den eta noiz. Noizbehinkako lagapen horiek jarduera puntualak egiteko izanen dira eta zentro bakoitzaren Kudeaketa Batzordeak zehaztuko ditu. Aipatu batzorde hori honako hauek osatuko dute: Udalaren bi ordezkari edo gehiago, gaia kudeatzen duen alorrak izendatuak (egun, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorra) eta, parekidetasunez, zentroa egonkortasunez erabiltzeko hitzarmenak sinatu dituzten bi kolektibo edo entitate edo gehiago.

 

Lizentziak zentro komunitarioak entitate erabiltzaile egonkor gisara erabiltzeko

  • ARROTXAPEA
    • Rotxapea Batean
    • Mendialdea auzotarren elkartea
  • AZPILAGAÑA
    • Festa-batzordea
    • Gartxot konpartsa
    • ANELA
    • Salay Bolivia Europa Nafarroako filiala
    • Yoar
  • ERMITAGAÑA
    • Osasun Osoko lantegia
    • Alaiz kolektiboa
    • La Historia en Guerra
    • ANFAS
    • Hazialdea
    • Dendari Izar Skaut Taldea
    • Ermitagañako auzo-elkartea
    • Ermitaldea
  • LEZKAIRU
    • Lezkairu kultur elkartea
    • Lezkairuko auzo-elkartea
  • SANDUZELAI
    • Adardunak
    • Sanduzelaiko auzo-elkartea
    • Auzotik Auzoarentzat elkartea
    • Umetxea Sanduzelai
    • Sanduzelaiko Berdintasunaren Aldeko Batzordea
    • Gaztaroa
    • Sanduzelaiko Erraldoien Konpartsa
  • MILAGROSA
    • Arrosadiko kultur koordinakundea
    • Munduko Medikuak
    • Yoar
  • TXANTREA
    • Cenma
    • Ropero Solidario
    • Txantrea Mendi Taldea
    • Zarrabete Gaiteroak
    • Alaikapela gospel korua
    • Arga Txantrea auzotarren elkartea
    • Beti Gazte
    • Siñarzubi
  • ALDE ZAHARRA
    • Sasoia
    • Plazara Iruña elkartea
    • Iruñea Abesbatza
    • Mugarik Gabe Nafarroa
    • Trikokatu
    • Asocolon
    • Iruña Taldea
    • Pamplona Orain elkartea
    • Nafarroako ondarearen defentsarako plataforma
    • Orreaga Fundazioa
    • Pompaelo kultur eta sanferminetako elkartea
    • AZ Ekimena-Alde Zaharra elkartea
    • Piparrika
    • Aldezar
    • Iruinkokoa
    • Alde Zaharreko Erraldoien elkartea
  • BUZTINTXURI
    • Buztintxuriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa
    • Buztintxuriko auzo-elkartea
    • Buztintxureando
  • ETXABAKOITZ
    • Etxabakoizko auzo-elkartea
    • Etxabakoitz Bizirik
  • MENDILLORRI
    • Mendillorri kirol elkartea
    • Bideberri haur- eta gazte-elkartea
    • Eluntze Dantza Taldea
    • Gaztelumendi Mendillorriko erraldoien elkartea
    • Mendillorriko Jai Batzordea
    • Animalien askatasuna Nafarroa
¿Te ha sido útil esta página?