
Iruñeko Udalak deialdia egin du irabazi-asmorik gabeko gizarte eta kultur entitateek lagapen iraunkorrak eskatu ahal izateko datorren ikasturterako; hala, jarduerak egiten ahalko dituzte Civivox sareko zentroetan. Eskaerak irailaren 4ra arte aurkezten ahalko dira hiriko zazpi civivoxetako edozeinetan, hau da, Kondestable Civivoxean, Zabalgunekoan, Iturramakoan, Juslarrochan, Mendillorrikoan, Milagrosa-Arrosadikoan eta Sanduzelaikoan. Espazioen lagapen iraunkorrak 2025eko urritik 2026ko ekainera arte iraunen du.
Espazioen lagapen iraunkorra eskatzen duten elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte: eskaera egiten den datan legearekin bat eraturik egotea, egoitza soziala eta zerga-egoitza Iruñean edukitzea, Udalaren Elkarteen Erregistroan sartuta egotea eta herritarren parte-hartzea sustatzen duten jarduera kultural eta artistikoak antolatzea. 2024-2025eko ikasturtean ehun bat elkartek eskatu dute espazio horien lagapen iraunkorra, eta 15.000 lagun inguruk Civivox sareak eskaintzen dituen baliabideak baliatu dituzte jarduerak egiteko.
Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: eskabidearen inprimakia, behar bezala beteta; IFKaren kopia; estatutuak; indarrean den egiaztagiria, entitatearen Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideak ziurtatzeko; Iruñeko Udaleko Elkarteen Zentroan erregistratuta egotearen ziurtagiria eta Civivox sarean garatu nahi duten jardueraren eta/edo jardueren dosier xehatua.
Deialdira aurkezten den lehen aldia izanez gero, jatorrizko agirien fotokopiak aurkeztu beharko dira. Aurreko edizioetan parte hartu edo espazioen lagapen puntuala eskatu bada, dokumentazioa eguneratu behar izatekotan bakarrik aurkeztu beharko da. Eskaeraren kudeaketa eskuordetzen bada, entitatearen presidenteak egiaztagiri bat emanen du, izapide hori egiteko gaitasuna egiaztatzen duena.
Espazioen lagapenarekin lotutako erabilera-arauak
Eskaera aurkezteko unean, jardueraren arduradunak nortzuk diren adierazi beharko da; izan ere, arduradun horiek izanen dira entitatearen ordezkariak eta guneen erabileraren eta jardueren erantzuleak. Hain zuzen ere, arduradun horrek erabilera-arauen berri emanen die lagatako espazioen erabiltzaileei. Beti errespetatuko da gehienez baimendutako edukiera espazioa lagako den areto bakoitzean.
Halaber, aretoaren banaketa errespetatuko da altzarien antolaketari dagokionez. Bestelako banaketarik behar izanez gero, zentroa kudeatzen duten langileen oniritzia beharko da. Jarduera bukatu eta gero, elkartea arduratuko da altzariak lehen zeuden tokian uzteaz. Ezin izanen da dirua bildu edo trukatu, eta soilik ekoizpen kulturalekin lotutako aurkezpenetan eskainitako liburuak eta diskoak saltzen ahalko dira.
Zentroko argibideei kasu eginen zaie, hau da, kartelei, seinaleei eta beste argibide mota batzuei. Espazioen erabilerari eta aipatu neurrien betetzeari buruz izan daitezkeen kasu partikular guztiak zentroa kudeatzen duten langileekin adostu beharko dira espazioa laga aurretik, eta horien oniritzia eduki beharko da. Debekaturik dago zentroan jan, edan eta erretzea.
Arauak ez dira baztertzaileak, eta zentro bakoitzeko zuzendariek beharrezkotzat jotzen dituzten beste gai batzuekin osatzen ahal dira. Ezarritako arauak betetzen ez badira, Iruñeko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu.
CIVIVOX SAREKO ZENTROEN ORDUTEGIA
Ekaina eta iraila
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, Civivox sareko edozein zentrotan.
Uztaila
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, Kondestable Civivoxean, Iturramakoan, Juslarrochan, Mendillorrikoan eta Sanduzelaikoan. Kondestable Civivoxean, 17:00etatik 22:00etara.
Zabalguneko eta Milagrosa-Arrosadiko Civivoxak itxita egonen dira uztailean.
Halaber, uztailaren 5etik 14ra, zentro guztiak itxita egonen dira.
Abuztua
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, Civivox sareko edozein zentrotan. Kondestable Civivoxean, 17:00etatik 22:00etara