
Ioana Hernández Arriaga artista iruindarraren Heziera erakusketa ekainaren 29ra arte egonen da ikusgai Ziudadelako Labean. Zeramika da erakusketaren protagonista, eta zaldiketarekin lotutako artisau-elementuak lantzen ditu. Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendariak eta Ioana Hernández Arriagak erakusketa aurkeztu dute; artistak objektuen materialtasunarekin lan egiteko interesa islatu nahi du erakusketan, eta material horiek uztartuta sorrarazten diren zentzumenak antzematea du helburu.
Heziera erakusketa ontzeko, artistak amatxik oroigarri gisa oparitutako pitxerra hartu du abiapuntu. Pitxer hori oinarri hartuta, molde bat sortu du, eta errepikapena baliatzen du hainbat konbinazio egiteko, baita konbinazio horiek beste elementu batzuetan txertatzeko ere. Hala, zaldiketarekin lotutako hainbat elementu sortu ditu, eta beste teknika batzuen bidez osatu ditu. Elementu-multzo horiek prozesuarekin bat lantzearen garrantzia da erakusketaren ezaugarrietako bat. Objektuak sortzeko xedez, zeramika lantzeko prozesu bat jarri zuen martxan; aitzitik, zeramika lehen aldiz egostean, prozesua gelditu zuen, une horretan ikusi baitzuen kolore ederrak sortzen zirela, eta kolore horiekiko interesa piztu zitzaiola. Elementuen arteko elkarreragina bultzatu nahi izan du bere sormen-prozesuan, bai kontaktu fisikoaren eta igurztearen bidez, bai elementuen artean sortzen diren espazioen bidez.
Ioana Hernandez Arriaga (Iruña, 1986) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Praktika Artistikoak eta Ikasketa Kulturalak masterduna Uharte Zentroan. Lan-ibilbide luzea du: hamabost urtez baino gehiagoz aritu da zeramikari eta beste teknika eta arte batzuei buruzko prestakuntzak egiten beste artista, zeramikari eta artisau batzuekin batera. Gaur egun, zeramika-lantegi bat du Iruñean, eta bertan ikerketa, sorkuntza eta irakaskuntza uztartzen ditu. Berriki praktika artistiko berri batean hasi da: zeramikari gisa dituen mugak esploratzen ditu, eta beste desira, objektu eta forma batzuk hartzen ditu oinarri.
Iruñeko Ziudadelako erakusketa-aretoak ohiko ordutegian irekiko dituzte Aste Santuan. Ziudadelako Arma Aretoan, Mistoen eraikinean, Bolborategian eta Labean hainbat erakusketa jarriko dituzte ikusgai asteartetik larunbatera bitarte; erakusketa-aretoak ordu hauetan egonen dira irekita: 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.