Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak hitzarmen bat sinatu dute ‘Elikaduraren maleta ibiltaria’ sustatzeko

Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak hitzarmen bat sinatu dute ‘Elikaduraren maleta ibiltaria’ sustatzeko
Elikadura jasangarriari eta osasungarriari buruzko hezkuntza-proiektu hori Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei doan uzten zaizkien bi maletaz osatuta dago
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

‘Elikaduraren maleta ibiltaria’ ikasgelan egiteko hezkuntza-proiektua dagoeneko eskuragarri dago Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeendako. Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute baliabide horren erabilera sustatzeko, zeina maileguan uzten ahal baitzaie dela Nafarroako ikastetxeei dela, udan, beste hainbat talderi. Maletak material didaktiko sorta bat barne hartzen du,  ikasleek elikaduraren gaian modu praktiko eta manipulatiboan sakontzeko, eta horrek osasunean zein ingurumenaren eta gizartearen arloetan duen garrantzia ezagutzeko.

Maletak irakasleendako gida bat du (gaztelaniaz eta euskaraz) jarduerak planteatzeko eduki baliagarriekin eta jarduera-proposamenarekin, hezkuntza-etapen arabera sailkatuta, curriculumarekin bat txertatu ahal izateko. Horrez gain, material-sorta bat ere badu, hala proposatutako jarduerak egiteko nola gaia lantzeko: liburuak, jolasak eta jostailuak, material osagarriak, eta abar. Erreserbak Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren webguneko erreserba-sistemaren bitartez egin behar dira: https://educacionambiental.pamplona.es/.

Maleten mailegua doakoa da eta interesa duen ikastetxeak jasotzeko eta bueltatzeko ardura hartu behar du, bai eta baliabidea erabili ondoren ebaluazio-formulario bat betetzeko ere. Bi maleta daude eskuragarri eta, ikasturtea amaitutakoan, interesa duten beste talde batzuek eskatzen ahal dituzte.

Proiektua ‘Go Green Iruña’ ekimenaren eta Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan txertaturik dago, eta hiri-eredu jasangarria eta deskarbonizatua dauka helburu.

Partekatutako helburuak
Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak sustatzen duen ‘Jasangarritasuna lantzen elkarrekin’ programa, ikasleei zuzendutakoa, eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak sustatzen duen ‘Ikasgelako hezkuntza-proiektua’ bat datoz helburu batzuetan, hala nola elikadura- eta kontsumo-aztura osasungarriak eta ingurunearen aldekoak sustatzekoan. Biek elikagai ekologikoen, tokikoen, freskoen eta sasoikoen kontsumoa hedatu, sustatu, indartu, baloratu eta sustatzearen alde egiten dute. Horretarako, elikagaiak nola landatzen diren ikasi eta elikadurarako balio duten landareen ezaugarriak ezagutu behar dira, hala, baratze-ekosistemak hiriko paisaiaren, bioaniztasunaren eta kulturaren parte gisa aintzat hartzeko. Bi erakundeek xede dute ikasleengan landa eremuaren errealitatearekiko interesa piztea, beren herritik hurbilen dagoen ingurunean eraginez. Halaber, elikaduraren garrantzia azpimarratzen dute, inguruaren zaintza eta hobekuntzari dagokionez, bai eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa egiten dutenen lana aintzat hartzeko beharraz ohartarazi ere.
 

MALETA IBILTARIAREN EDUKIA
​​​​​​​

•    Gida pedagogikoa, gaztelaniaz eta euskaraz
•    Materialak: ‘Aiton-amonen baratza’ eta ‘Baratza xarmagarria’ jokoak; Memory elikagai ekologikoei buruzko karta-jokoa; plater osasungarriaren kita; Harvard platera, zurezko fruta eta barazkien kita; eta ‘La pequeña oruga glotona’, ‘Beldar gosetia’. ‘Qué rico’. ‘100 kontu ondo ezagutzeko JANARIA’, ‘Inventario de frutas y verduras’ eta ‘Fruta eta barazkien inbentarioa’ liburuak.
•    Izen-emateak Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren webgunearen bitartez eginen dira
 

¿Te ha sido útil esta página?