Ingurumen Hezkuntzako Museoaren proposamena aste honetarako: errezeta tradizionalen lantegia, asteartean, eta bizikleta doitu eta prestatzeko Bizitxokoa, ostegunean

Ingurumen Hezkuntzako Museoaren proposamena aste honetarako: errezeta tradizionalen lantegia, asteartean, eta bizikleta doitu eta prestatzeko Bizitxokoa, ostegunean
Bi jarduerak doan dira, eta arratsaldez egingo dira, 18:00etatik 20:00etara

Ingurumen Hezkuntzako Museoak jarraituko du bere hiruhilabeteko programazioa, aste honetan bi hitzorduz. Asteartean, Geltokin, elikadura-lantegia izango da, errezeta tradizionalak ardatz; eta, ostegunean, museoan bertan, Bizitxoko gunea izango da berriro ere, bizikleta eta doitze-lanen inguruko ezaguera trukatzeko. Bi jarduerak doan dira, baina elikadura-lantegirako aurrez izena eman behar da.

Astearteko lantegia Ismael Usón Geltokiko sukaldariak emango du, 18:00etatik 20:00etara. Lantegian errezeta tradizionalak egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: ingurumen-irizpide arduratsuak, kontsumitzeko hautatzen diren elikagaiak, horien jatorria, sasoia eta ekoizpen-modua eta ingurunea eta tradizioen zaintza. Interesdunek izena eman behar dute aurretik, 010 - 948 420 100 telefonoan.

Bizitxoko, aldiz, ostegun arratsaldean izango da, 18:00etatik 20:00etara. Gune honek xede du bizikleten konponketari buruzko ezagutzak partekatzea eta ongi pasatzea bizikletak doitzen diren bitartean edo besteei laguntzen zaien bitartean. Horretarako, Juanjo Iriarte izango da bertan, konponketetan aditua, eta bertaratuei laguntza eta aholkuak emango dizkie. Bizitxoko hilean behin izaten da. Hurrengo edizioa jada martxoan izango da, hilak 14, ostegunarekin.

Halaber, Ingurumen Hezkuntzako Museoan, Artzaina / el pastor: una vida unida a la tradición / tradizioari lotutako bizitza erakusketak jarraitzen du ikusgai, Iñaki Vergararen argazkiez. Martxoaren 29a arte bisitatu ahalko da. Argazkilaritza-lan etnografiko honek, Ion Orzaizen testuez, ezagutzera ematen du mendi eta haranetan desagertzen ari den bizimodu bat: artzainarena, tradizionalki ulertu den moduan, hots, bizimodua mendian, gogortasun eta arrisku guztiak barne. Azken batean, artzaintza tradizionala gogoan bizirik jarrai dezan nahi duen omenaldi- eta aintzatespen-erakusketa.
 

¿Te ha sido útil esta página?