Izena ematen ahal da jada Eguberrirako Ingurumen Hezkuntzako Museoan eskaintzen diren doako lau sormen-lantegietan. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta, horrela, kontsumo arduratsua era dibertigarrian erakutsi nahi zaie haurrei, artearen eta irudimenaren bidez. Interesa duen orok izena eman dezake 010 edo 948 948420100 telefonoetara deituta.
Bi lantegi eskaintzen dira, euskarazko zein gaztelaniazko saioetan. Lehen lantegian, Nire loreontzia botila batekin izenburupean, loreontzi bat eginen da egunerokoak diren ontziak berrerabiliz. Abenduaren 26an, ostegunarekin, euskaraz emanen da, eta urtarrilaren 3an, ostiralarekin, gaztelaniaz. Bigarren lantegian, Kartoizko artelana izenburupean, kartoia landuko dutenen sormen askea ernatuz. Euskaraz abenduaren 27an emanen da, ostiralarekin, eta gaztelaniaz, urtarrilaren 3an.
Lantegiak goizez izanen dira, 10:30etik 12:30era. Patxi Huarte Arte Ederretan lizentziadunak emanen ditu; eskarmentu handia dauka eskulan eta arte plastikoetako eskolak ematen, hainbat udaletan, Gaztediaren Etxean eta beste kultur etxe batzuetan aritu izan delarik.
Jostailuak trukatzeko merkatua
Urteko beste jai-garai batzuetan ere ohikoa denez, Eguberrian jostailuak trukatzeko hainbat merkatu eginen dira haurrentzat berariaz. Abenduaren 26 eta 27an zein urtarrilaren 2 eta 3an izanen dira, goizez, 10:00etatik 13:00etara. Horren bidez jostailuen trukea sustatu nahi da, eta horrela, produktuen berrerabilpenari bulkada eman, kontsumoaren aurrean bestelako aukerak eskaini eta jostailuen bizitza luzatu.
Parte hartu nahi duten haurrek erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden jostailuak eraman beharko dituzte. Edozein jostailu, liburu, ipuin, buruhausgarri eta abar izan daitezke. Beste haur batzuek eramandako gauzen truke ematen ahalko dira. Haurrek erabakiko dute trukea nola egin. Betiere Ingurumen Hezkuntzako taldea arduratuko da txikienak zeregin horretan dinamizatu eta gidatzeaz.