Ingurumen Hezkuntzako Museoko 2024ko lehen jarduera bihar eginen den jostailuen trukerako azoka txikia izanen da. Jasangarritasun Eskolak bat eginen du eguberrietako ospakizunekin, bertan neska-mutilek jostailuak eraman, probatu eta trukatu ditzaten; asmoa egun hauetako kontsumismoa saihestea da. Azoka txikia goizez bakarrik egonen da irekita, 11:30etik 13:00etara, eta sarrera librea izanen da.
Jostailuak elkar trukatzeko azoka txikiaren helburua trukea sustatzea da, eta produktuak berrerabiltzea bultzatzea. Horrela, kontsumoari alternatiba bat eskaintzen zaio eta jostailuen bizitza luzatzen da. Neska-mutilek dagoeneko erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden edozein motatako jostailuak eramaten ahal dituzte. Besteak beste, jokoak, liburuak, ipuinak, puzzleak eta eraikuntza-jokoak.
Haurrek berek erabakiko dute nola eginen dituzten trukeak, familiaren laguntzarekin, eta hala nahi izanez gero, Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak aholkatuta. Beste haur batzuek eraman dituzten jostailu eta gauzak hartzen ahalko dituzte trukean, edo Ingurumen Hezkuntzako Museoan bertan dauden jostailuak.
Azoka txiki honen bigarren saioa izanen da bihar, joan den asteazkenean, abenduak 27, familiek lagunduta dozenaka adingabek parte hartu ondoren. Azoka txiki hau Iruñeko Udalak antolatzen duen eguberrietako programazioaren parte da, eta musika-, kultura- eta arte-jardueren azken egunak ditu urtarrileko lehen egun hauetan. Urtarrilaren erdi aldetik aurrera itzuliko da Jasangarritasun Eskolaren programazioa, ohitura jasangarriak bultzatzeko doaneko jarduera berriekin.