Ingurumen Hezkuntzako Museoak gaur inauguratu du Gutun-EKO sistemak, Maider Garayo, Paula Torán eta Nahia Villanueva artistek garatutako erakusketa. Erakusketa Hiria ekosistema gisara arte-egonaldiaren emaitza da, Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak lehen aldiz elkarlanean bultzatu duten ekimenarena, alegia. Goizean hedabideentzat egindako aurkezpenean, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak, Nerea De Diego Uharte Arte Garaikideko Museoko zuzendariak eta Maider Garayo artistak hartu dute parte.
Arratsaldeko 18:30ean irekiko da erakusketa, Jasangarritasun Eskolaren udazken-programazioaren barruan; eta hiru egileak bertan izanen dira prozesuaren xehetasunak ezagutarazteko. Erakusketa azaroaren 22a arte ikusten ahalko da, asteartetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara. Udalaren jabetzakoa da eta Ingurumen Hezkuntzako Museoan geldituko da.
Erakusketa bi erakunde publikoen elkarlanetik sortu da, artea eta ingurumena uztartuta. Egonaldiaren helburua, “hiria ekosistema gisara” kontzeptupean, gogoetarako gonbita izan da, herritarrek hausnarketa egin dezaten hiriari buruz eta haien ekintzen bidez Iruña jasangarriago baten aldeko aldaketak sortzeko gaitasunaz. Horrela ingurumen-arloan sentsibilizatzea lortzen da artearen bidez; horixe da hain zuzen Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak lantzen dituen lerroetako bat, zeinari Uharteko Arte Garaikidearen Museoak ezaguera teknikoak erantsi baitizkio, arte-ikuspegiaz bezainbatean.
Egonaldiak 5.250 euroko zuzkidura du, eta lana Udalaren jabetzakoa izanen da
Iruñeko Udalak deialdi publikoa egin zuen udaberrian, 5.250 euroko zuzkidura duen arte-egonaldian parte hartzeko. Kopuru horretatik 2.500 euro proiektua ekoizteko bideratu ziren, eta 2.750 euro, ordainsari gisara eta erakusketa-eskubideen lagapena ordaintzeko. Artistek eta kultura- zein arte-esparruko ikerlariek edo eragileek har zezaketen parte, baldin eta nafarrak baziren edo Nafarroan bizi baziren deialdia egindako unean. Hautapen-irizpideak honako hauek izan ziren, besteak beste: aurkeztu zenaren eskarmentua/kualifikazioa; proiektuaren kalitate artistikoa; berrikuntza eta originaltasuna; egokitasuna proposatutako gaiarekiko eta erakusketa-gunearekiko, eta proiektuaren egingarritasuna baliabide ekonomikoei eta egutegiari zegokienez.
Aurkeztutako 6 proposamenetatik Maider Garayo, Paula Torán eta Nahia Villanueva artisten Gutun-EKO sistemak hautatu zen. Lana uztailetik irailera garatu zen, Uharte zentroko lanerako gune batean, bertako baliabide teknikoak erabiliz. Gainera, kultur baliabide honetako lantaldearen jarraipena eta aholkularitza izan ditu, bai eta Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuarenak ere.
Herritarrek ingurumenari eskaintzen dioten begirada abiapuntu
Gaur aurkeztutako erakusketak Iruñean dauden begirada ezberdinak ezagutaraztea du helburu. Abiapuntua galdera hau da: Nola bizi gara, nola sentitzen dugu eta nolako harremanak ditugu gure ingurunearekin? Eta bide horretatik, olerki, testu, gauza eta tramankulu bidez herritarrek emandako erantzunak erabili dituzte artistek. Izan ere, proiektua 5 fasetan garatu da. Lehenengo etapa gutun-sistema bat izan zuen oinarri, eta horrela, ekimena ezagutarazteko eta materiala jasotzen hasteko deia egin zen hala gutunen bidez nola sare sozialetan. Galderari erantzuna eman ziotenek gauzak Uharte zentrora bidali zituzten.
Egileen hitzetan, “ziurgabetasunak eta halabeharrak zeregin garrantzitsua izan zuten, eta proiektuaren lehen fase honetako protagonistak izan ziren. Ezezagunaren edertasuna, ez jakitea, itxoitea. Gutunak ongi iritsiko ote dira? Zer jasoko dugu? Behin gauzak bilduta, zein bide hartuko dugu? Nola ulertuko ditugu? Zer kontatzen digute eta zer helarazi nahi dugu haien bidez? Zerk eragiten digu eta non eragin nahi dugu? Gauza batek bestera eramaten zuen; eta eramaten uztearen magia –proiektuak berak ezartzen zituen deribei jarraikiz, berarekiko jarioan, gehiegizko eraginik gabe– gutun-sistemaren gakoa izan zen”.
Bigarren faseak, irudikapenezkoak, proiektua zabaltzen zuen iruditeria izan zuen ardatz; bertan, jasotako materiala bildu, irakurri eta sailkatu zen, landu zitezkeen gaien arabera multzokatuta: energia, hondakinak, mugikortasuna, kontsumoa eta komunitatea. Horiek abiapuntu, azpitaldeak sortu ziren: aparkatzea, TAOa, erosketak, kontsumo-motak, hiri-natura, asfaltoa, zaborra, etab.
Jasotako gauza guztiak ikusaraztea
Hirugarren etapan, ikertzailea delakoan, jarduteko modua erabaki zen, proiektuaren helburuak zehaztuta eta testuinguruak ideia-sorkuntzan eta jarduketan duen garrantzia aztertuta. Azken txanpan, “ekintzakoan”, arte-ekoizpena egin dute eta bertan jasotako objektuei ikusgarritasuna eman diete, risografia inprimaketa-teknikaz egindako argazki-fanzine batean. Bi fase horiek dira arte-egonaldiaren tarte handiena hartu dutenak; horretan, egileek “sormen-prozesu ezberdinen arteko harreman berriak” eraiki zituzten, “jasotako olerki, testu eta tramankuluekin, ikusizko eta testu- zein gauza-esparruko antzekotasunen bidez. Ikastea-desikastea, bizipenak, saiatzea eta huts egitea, arriskatzea eta probatzea. Moztea eta itsastea. Jartzea eta kentzea. Azken batean, materialarekin jolastea”.
Maider Garayorentzat fanzinea egitea “oso bizipen onuragarria izan zen; izan ere, grabatu- eta estanpazio-esparrutik etorrita, ilusio handia egiten zidan lan honek, bai inpresio-teknika hau lantzeak bai autoedizio txiki hau, herritarren parte-hartzeari eta jasotako gauzei esker egina, sortzeak. Fluor-arrosa eta berde teala dira gure iruditeriako koloreak Iruñeko ekosisteman”.
Azken fasea, kontalaria delakoa, materialaren behin betiko erakusketa izan da; bertan Iruñeko ekosistemako herritarrak nola bizi eta sentitzen direneko ikuspena islatu nahi da. Sormen-prozesuaren material asko jasotzen da bertan, jatorrizko inprimaki eta orriak barne.