Urtarrilean Iruñeko Doña Mayor Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek 60 zuhaitz landatu zituzten Ezkaba mendian. Duela bi urte sute bat gertatu zen inguru horretan eta ikasle horiek haren lekuko izan ziren. Ekimena Ezkaba Reforest’action izena eman dioten Ikasketa-zerbitzuko proiektu bat da, eta Iruñeko Udalak bigarren sariarekin saritu zuen lehiaketa horretako Haur eta Lehen Hezkuntzako kategorian. Doña Mayor Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako 178 ikaslek egin zuten proiektua eta Basogintzako IIP, María Ana Sanz IIP eta Donibane IIPko ikasleen laguntza izan zuten zeregin horretan. Udalak 6.500 euroko laguntza eman du programa gauzatzeko.
Ikastetxe horiek guztietako ordezkariak Ingurumen Hezkuntzako Museoan bildu ziren ostegunean, argazkidun panelez eta ikus-entzunezko lanez osatutako erakusketa inauguratzeko. Erakusketa horren bidez proiektuaren ekintza nagusiak islatuz partekatu nahi izan dute haien esperientzia. Horrela, ingurunea zaintzearen garrantziaz kontzientziatu eta sutearen ondorioak azaldu nahi izan dituzte, ikasgelan gertakariari buruz egin duten ikerketatik abiatuta.
Erakusketako panelak ere ikaskuntza-programaren parte dira, María Ana Sanz IIPko Oinarrizko LH espezifikoko eta Doña Mayorreko 4. mailako ikasleek lankidetzan diseinatu baitituzte IKT tresnak erabiliz, Villar López fotokazetariaren aholkularitzarekin. Erakusketak atal artistiko bat ere badu, ikasleek hainbat lan egin baitituzte basoan, sutean eta ingurumenaren zaintzan inspiratuta. Maiatzean Gorosti kolektiboko kide batek gidatuta, landaketara txango bat egitea aurreikusi dute, bai eta proiektuari buruzko informazio-kartela inauguratzea eta ospakizuna egitea ere.
Erakusketa doan bisitatzen ahalko da maiatzaren 3ra arte, Museoaren ordutegian (asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta asteartetik ostegunera 18:00etatik 20:00etara). Ondoren, erakusketaren edukiak Basozaintzako IIPra eta Doña Mayor IPra eramanen dira.
Hirurogei zuhaitz
Doña Mayorreko ikasleek hainbat espezietako 60 zuhaitz landatu zituzten guztira. Ametz ilaundunak (Quercus pubescens), oilaranak (Prunus mahalef) eta Aleppo pinuak (pinus halepensis) besteak beste. Hasieran lorontzietan landatutako zuhaitz horiek funtzio bikoitza betetzen dute. Alde batetik, suteak kaltetutako mendia leheneratzeko balio dute, eta, bestetik, ikastetxetik oso gertu dagoen hiriaren iparraldeko ingurabidean autoek eragiten duten airearen kutsadura arintzen lagunduko dute.
Ikasleen eta irakasleen lana ez zen zuhaitz horiek landatzera mugatu. Komunitatearen mesederako egindako lan guztia dokumentatzea funtsezko lana izan zen, proposamena hiri osoari eskaintzeko eta, horrela, ingurumen-sentsibilizazioa sustatzeko. Material hori guztia Ingurumen Hezkuntzako Museoan dago ikusgai orain, Ikaskuntza-zerbitzuko proiektuaren barruan.
ApS edo ikaskuntza-zerbitzu solidarioa hezkuntzako lan-ildo bat da, eta horri esker, ikasleek komunitateari zerbitzuak ematearekin batera eduki “akademikoak” bereganatzeko aukera izaten dute, ikasitakoa guztion mesedetan praktikan jarrita. Metodo horrek asmo pedagogikoa eta solidarioa uztartzen ditu eta ikasleek beren ikaskuntza propioan parte hartzen dute, gizartearekiko arduratsu jokatuz. Iruñeak 2017az geroztik jarduten du Ikaskuntza-zerbitzu solidarioko metodologian, proiektuen deialdi publiko baten bitartez. Udalaren lehiaketa Iruñeak ‘Hiri hezitzaile’ gisa egiten duen lanaren barruan kokatzen da.