Ingurumenarekin bat egiteko doako lantegiek, 6 eta 12 urte bitartekoentzat, Ingurumen Hezkuntzako Museoaren datorren hileko lantegi-eskaintza osatzen dute. Lantegiak abuztuaren 20tik 30era izango dira; lehen astean, 20tik 23ra, gaztelaniaz, eta bigarrenean, 27tik 30era, euskaraz, eduki berberak dituztela. Izena 010 - 948 420 100 telefonoan eman behar da, eta bakoitzak nahi duen adina lantegietan.
Helburua bikoitza da. Alde batetik, haurrek ongi pasatu eta beste haur batzuk ezagutzea, lantegi bakoitzean proposatutako zereginak elkarrekin egiten dituzten bitartean; eta, bestetik, ingurumenaren inguruan ikastea, pixkanaka begiruneko jarrera jasangarriak barnera ditzaten. Lantegiak goizez izango dira, 10:00etatik 13:00etara; eta saio bakoitzean sua, ura, lurra ala airea izango dituzte hizpide, gorputz-mugimendu, jolas edo eskulanak proposatuta, adierazpen askea eta sormena oinarri.
Lantegiak Oihana Lópezek emango ditu; Hezkuntza Berezian eta Psikopedagogian lizentziaduna eta gorputz-arteterapia ikasia da, adin guztietarako sormen-lantegietan eskarmentu handia du, eta osasun kolektiboa bultzatzen du, gorputz-adierazpen eta artearen bidez. Ingurumen Hezkuntzako Museoaren uda-programazioaren berri izateko, ikus www.educacionambiental.pamplona.es webgunea.
Ingurumenarekin bat egiteko lantegiak
Sua pitz dezagun; lehen lantegi horrek landuko du sua, ikurra den osagaia, gorputz-mugimenduaz, 20an edo 27an (astearteak). Uda eguzkiaren argitasuna eta berotasuna nagusi dituen urtaroa da. Bihotzaren barruan dagoen sua bera da, bizitzeko eta elkarrekin harremanetan egoteko txinparta ematen duena. Saioan suaren garra bilatuko da, eta horretarako lehengai naturalezko kandelak egingo dira. Asteazkenetan, 21ean edo 28an ura izango da hautaketa. Uretan igerian, ur-zikloa ezagutuko dute, eta urarekin jolasean arituko dira. Paisaiaren eta ibaiaren biztanleen bitartez, horma-irudia egingo da zikloa irudikatzeko. Ura bizia da, landareentzat, eta pertsonentzat ere bai. Lurraren azala gehienbat ura da, giza gorputza bezala.
Lurrarekin batera taupaka da abuztuaren 22ko edo 29ko (ostegunak) lantegiaren izenburua. Lurrean hazten dira landareak, gainontzeko biztanleentzat ezinbestekoak. Pertsonei, errotzen eta zutik izaten ere laguntzen die lurrak. Lantegian sentsazio horrekin esperimentatu eta buztinarekin jolastuko da irudiak sortzeko. Azkenik, abuztuaren 23an edo 30ean (ostiralak) airea izango da ardatz. Airea mugimendua da, norabidea ekartzen du, arina da eta txoriek bezala hegan egiten du. Aireak garamatza! saioan elementu honekin jolastuko da, eskuz, haize-errotak egiteko.
Jostailuak trukatzeko merkatu txikia, bi egunetan
Abuztuaren 22an eta 29an (ostegunak), 10:00etatik 13:00etara,jostailuak trukatzeko ohiko merkatu txikiak izango dira. Haurrek jostailuak trukatu ahal izango dituzte, honako hauen gainean sentsibilizatu eta hezteko: produktuen bizitza, berrerabilpena eta gehiegizko kontsumismoa. Haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Sarrera librea da, eta ez da izena aurretik eman behar.
Parte hartzeko, erabiltzen ez den eta ongi dagoen jostailu bat eraman behar da. Liburuak, buru-hausgarriak, mahai-jokoak eta abar ere eraman daitezke. Behin haur guztiek jostailuak mahaian utzita, aretoan barna buelta emango dute, zein jostailu dauden ikusteko eta beraiek ekarritakoa zeinen truke aldatu nahi duten erabakitzeko.