Infraetxeetan bizi diren familiei diru-laguntzak emateko deialdia, 450.000 eurokoa, abiatu da, eta eskaerak aurkezteko epea irekita dago jada. Diru-laguntza lerro honek krisi-egoeran, infraetxeetan edo etxebizitza desegokietan bizi diren familiei etxe-alokairua ordaintzen lagunduko die. Urte osoan zehar aurkez daitezke eskaerak, aurrekontu-partida agortu arte. Diru-sarrera gutxien duten familien kasuan, diru-laguntzek alokairu-kostuaren % 70era bitarte estal dezakete. Deialdiaren testu osoa udal-webgunean (www.pamplona.es) eta 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean aurkitu daiteke.
Helburua da programan sartzea berariazko erantzuna izan dadin, aldi baterakoa, gizarte eta hezkuntzako proiektu zabalago baten barnean, etxebizitza arloan premia handia eduki eta egoera sozioekonomiko zein familiar kaxkarretan Iruñean bizi diren familiei zuzenduta. Diru-laguntzen bidez familien baliabideak osatu nahi dira, alokairu osoaren ordainketari aurre egiteari begira. Lortu nahi da familia onuradunek etxebizitza bat eskuratu nahiz mantentzeko behar besteko gaitasuna eta autonomia bereganatzea, gutxienez sei hilabeteko eta gehienez bi urteko epean. Hortaz, programaren helburua da bertan parte hartzen duten familien egoera hobetzea etxebizitzari dagokionez, eta ez laguntza-ekonomiko hutsa ematea.
Udalaren Oinarrizko Laguntzako programek edo Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak edota horiekin lotura duten Gizarte Ekimeneko Entitateek berariazko babesa eta laguntza eskainiko dizkiete familiei, hala etxebizitza lortzean nola horretara egokitzean, eta gizarte eta hezkuntzako proiektuak gauzatuko dituzte, familia horiek denbora jakin batean etxebizitza batean beren kabuz bizi daitezen ahalbidetzeko.
Diru-sarreren eta familiako kide-kopuruaren araberako laguntza
Etxebizitzaren arloan laguntzeko programak hileroko diru-laguntzak ematen ditu merkatu libreko edo babes ofizialeko etxebizitza (BOE) baten alokairua ordaintzen laguntzeko. Familiak programan irauteko denbora familiaren beharren arabera eta Balorazio Batzorde Teknikoaren iritziaren arabera zehaztuko da, Udalaren gizarte-zerbitzuek egindako txostenekin bat. Kasu berezietan izan ezik, ez da bi urte baino gehiagokoa izango.
Laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala emango dira. 2018an diru-laguntza hauek jaso zituzten familiei laguntza ekonomikoa luzatuko zaie, baldin eta Udalaren gizarte-zerbitzuak hori berritzeko eskaera aurkezten badu dagokion txosten teknikoarekin batera, eta halakoek lehentasuna izango dute eskaera berriekiko.
Gehienez ere, laguntzek etxebizitzaren hileko alokairuaren % 70 joko dute, eta gutxienez haren % 50, hori guztia familien per capita diru-sarreren arabera. Hilean 220 euroko per capita errentara iristen ez diren familiek % 70eko diru-laguntza jasoko dute, eta hileko 280tik gorako diru-sarrerak dituztenek % 50ekoa. Diru-laguntzak jasotzeko, etxebizitzaren hileko alokairuak 650 euro izan behar du, gehienez ere.
Diru-laguntzak eskuratzeko betekizunak
Laguntza hauek eska ditzakete pertsonek eta familiek, baldin eta halako krisi-egoera batean badaude non laguntza behar baitute bizitoki duten etxebizitzaren alokairua ordaintzeko. Era berean, programa honetan artatzen dira infraetxeetan, baldintza desegokietan dauden etxebizitzetan (osasungarritasunik eza, aurri partziala...) edo etxerik gabe (ostatuetan, etab.) edo pilaturik bizi diren familiak. Horrez gain, adingabeak beren kargura izanik etxegabetze-egoeran dauden familiak ere aintzat hartuko dira; baita beste kasu batzuetan daudenak ere, betiere babes ofizialeko etxebizitza batean bizi diren familiak, haien egoera ekonomikoak okerrera egin badu, kontratua eta dagokion diru-laguntza berraztertu arte.
Halaber, onuradunek gizarte- zein hezkuntza-laguntzarako eta/edo gizarteratu zein lanera bideratzeko programetan parte hartu beharko dute, direla Udalaren Gizarte Zerbitzuenak, direla horiei atxikirik dauden gizarte-ekimeneko entitateenak; eta programari atxikitzeko konpromisoa hartu beharko dute Iruñeko Udalarekin, aldez aurretik familiak, auzo-unitateko gizarte-langileak eta berariazko programetako arduradunak jorratu eta adostuta. Edonola ere, interesdunek Iruñean erroldaturik egon beharko dute, gutxienez 6 hilabete lehenagotik; eta eskaera egiten duten momentuan etxe baten jabe direnek, edo azken bost urteetan etxe bat eskualdatu dutenek, ezin izanen dute jaso laguntzarik.