Iñaki Garmendiak objektu industrialen edertasuna eta goxotasuna islatuko ditu ikus-entzunezko instalazio baten bidez: lasterketetarako bizikleta bat jarriko du ikusgai, ‘S.T. Orbea (Orduña)’ markakoa

Iñaki Garmendiak objektu industrialen edertasuna eta goxotasuna islatuko ditu ikus-entzunezko instalazio baten bidez: lasterketetarako bizikleta bat jarriko du ikusgai, ‘S.T. Orbea (Orduña)’ markakoa
Instalazioa Udalaren, Oteiza Museoaren eta Punto de Vista jaialdiaren arteko lankidetzari esker antolatu dute, eta apirilaren 27ra arte egonen da ikusgai

Fernando Fernán Gómezen Las bicicletas son para el verano (Bizikletak udarako dira) antzezlanaren harira, Iñaki Garmendia artista euskaldunak (Ordizia, 1972) garaiaren testuingurutik at eta zertarako den alde batera utzita erakutsiko du bizikleta, objektu teknologiko atenporala dela nabarmentzeko. S.T. Orbea (Orduña) arte-instalazioaren bidez eginen du hori: Iruñeko Ziudadelako 6. kasernan egonen da ikusgai apirilaren 27ra arte. 

42 minutuko ikus-entzunezko bat da, eta S.T. Orbea markaren Orduña modeloko lasterketetarako bizikleta baten xehetasunak erakusten ditu. Martxa-aldagailua, erradioak, pedalak, balaztak... denak erdoilduta, denboraren joanaren ondorioz. Denbora bera, funtsean. Izan ere, bizikleta-modelo hori 70eko eta 80ko hamarkadan sortu zuten, Orbea markaren lantegietan. Metodologia analitikoa baliatuz, Garmendiak denbora geldiarazten du xehetasun bakoitzean, pieza bakoitzean, eta kamerari behar bezainbeste asti ematen dio lasterketetarako bizikleta horren zatiak banan-banan erakusteko. Eta badu berezitasun bat ikus-entzunezkoak: inoiz ez da ikusten bizikleta oso-osorik. Arte minimalistaren eragin nabarmena du, eta, aldi berean, aztertzen ari den objektuari ematen dio protagonismo osoa: lasai eta patxadaz aztertzen du. Atzean, lantegi bateko soinu industriala entzuten da, hortik baitator bizikleta: nahi eta nahi ez, tramankulu industrial bat da, teknologikoa, ez-naturala.

Azterketa da arte-instalazio horren funtsa: bideoan xehetasun handiz aztertzen dira bizikletaren osagai guztiak, banan-banan, eskaneatzen ariko balitz bezala. Objektua aztertzeaz gain, ordea, Garmendiak elkarrizketa bat sortu nahi izan du hiru elementuren artean: bizikleta bera, kamerak hari begira egiten duen denbora eta azterketa horretan sortutako irudia mugimenduan. Bizikleta guztiek dituzten osagaien desberdintasuna islatu nahi du irudi horrekin, piezen berezitasuna. Parekorik ez duen horren bila dabil. Nabari da kamerak gozatu egiten duela bizikletaren osagaiak nola elkartzen diren aztertzen eta objektu teknologiko horri nola egokitzen zaizkion ikusten.

Karga industrial eta teknologiko handia badu ere, Garmendiak sortutako irudia goxoa da, eta bizikletaren testura eta edertasuna islatzen ditu. Proiekzioaren 42 minutuak artistaren eta objektuaren arteko konplizitatearen erakusgarri dira.

Oteiza Museoarekin eta Punto de Vista jaialdiarekin elkarlanean
S.T. Orbea (Orduña) instalazioa Punto de Vista jaialdirako diseinatua da berariaz, eta Oteiza Museoak eta Iruñeko Udalak ere parte hartu dute antolaketan. Jaialdi hori asteburuan amaitu da, baina ikus-entzunezkoa ikusgai egonen da oraindik ere. 

Garmendiak Oteiza Museoan eginiko Buru ezabatzailea proiektuaren inguruan eginiko elkarlanaren barruan sortu du ikus-entzunezko pieza hori. José Sarriegi margolariaren (Ordizia, 1911-1967) bustoa du abiapuntu Buru ezabatzailea proiektuak: Jorge Oteizak zizelkatu zuen, 1934an, baina galdu egin zen, eta haren irudi batzuk baino ez daude gaur egun. Presentzia sinboliko baina materiagabe horretatik abiatuta, Garmendiak zenbait obra ondu ditu desagertutako bustora hurbildu eta harekin elkarrizketa moduko bat sortu nahian: obra horiek agerian uzten dute eskulturak gaitasuna duela gure oroimena pizteko. Hazitegia programaren zazpigarren proiektua da Buru ezabatzailea. Oteiza Museoaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren arteko elkarlanaren emaitza da programa hori, eta Tractora artisten kooperatibak ere parte hartu du. 

Iruñeko Udalak, Punto de Vista jaialdiak eta Nafarroako Gobernuak ere lankidetzan dihardute proiektu horretan. Besteak beste, 6. kasernan jarri duten arte-instalazioan aritu dira elkarlanean: apirilaren 27ra arte ikusten ahalko da. 
 

¿Te ha sido útil esta página?