Ilundaindarren Errotaren ibai-erreserba itxura hartzen ari da: ubidea garbitzen eta lurrak mugitzen ari dira uholde-eremu berria eratzeko

Ilundaindarren Errotaren ibai-erreserba itxura hartzen ari da: ubidea garbitzen eta lurrak mugitzen ari dira uholde-eremu berria eratzeko
Next Generation funtsek finantzatuta, aurreikusitako lanen % 50 egin dira dagoeneko eta urte amaierarako egonen dira bukatuta
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Ilundaindarren errotaren ibai-erreserbaren lanen % 50 egin da eta aurreikuspenen arabera, urtearen amaierarako bukatuta egonen dira. Lanak maiatzean hasi ziren, eta lan horiei esker,  ingurumenari eta ekologiari dagokienez  lehengoratzeko bidean dago irisgarritasun gutxiko hondar-eremu degradatu hori. Erreserba Arga ibaiko beste uholde-eremu bat izanen da, landaketa eta landareztatzeak barne. Halaber, XVI. mendeko irin-errota zaharraren eta ondoko ubidearen aztarnak sendotuko dira.

Hirigintzako Gerentziak eta Batzordeak obrak bisitatu dituzte. Lanak RUNA 2025 proiektuaren barruan sartuta daude, eta 2,7 milioi euro jaso dituzte Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitatea Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ilundaindarren errotaren ibai-erreserba RUNA proiektuaren B8 ekintzari dagokio eta 24.078 m2-ko azalera barne hartzen du: eremuak mendebaldean Arga ibaiarekin egiten du muga, iparraldean, Miluze kalearekin eta hegoalde eta ekialdean, Barañainekin, Biritxituko meandroko azken zatian.

Lehenengo lanak aurreko nekazaritza-jardueraren betegarriak kentzea eta harri-lubeta zaharrak eraistea izan dira. Dagoeneko lurrak mugitu dira uholde-eremuaren topografia eta eratuko den paisaia osatuko duten muinak, mendixkak eta kotak eratzeko. Landaketak hasteko eguraldi egokiaren zain daude. Aurreikuspenen arabera, urritik aurrera eginen dira. Ondarearen inguruko lanei dagokienez, dagoeneko errotaren ondoko ubidea garbitu eta egokitu da, eta zutik dauden eraikin zaharren hormak sendotu dira. Besteak beste, errotaren aztarna historikoak babestuko dituen estalkia jartzeke dago.  

Egiten ari diren lanak Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatu zitzaizkion, 1.047.418,11 euroan. Lanak ibai-erreserbaren proiektuan oinarrituta daude, eta honako hauek idatzi dute: David Serrano Amatriain, Maier Vélez Olabarria, Soil Arquitectura del Paisaje S. Coop. Pequeña, Goñi & Legarreta SL eta Soluciones de Ingeniería SL, eta haiei ere adjudikatu zitzaien obra-zuzendaritza 108.350,78 euroko aurrekontuarekin.

Eremu degradatua leheneratzea
Lanei esker, eremua jatorrizko kotara itzuliko da, lurzatiak uholde-eremu bihurtuko dira, ibaiarendako eta bere ibai-dinamikendako berreskuratuta, eta inguruaren balio ekosistemikoa sustatuko da. Proiektuak hainbat birlandatze-eremu planteatu ditu, eta berroneratzeko landaketak eginen dira hariztietan eta ibaiertzeko basoetan, belardi-eremuan eta bertako basoan. Ingurumena lehengoratzearekin batera, herritarrek erreserbaren potentzial ekologikoa eta ondare arkitektonikoa ezagutu eta interpretatzeko espazioak sortuko dira. Bi bide eginen dira inguruko eremuan, erdikoa habitata lehengoratzeko baliatuta. 

Ilundaindarren errota zaharraren aztarnak sendotu eta estalita, eraikinaren egituraren egonkortasuna bermatu nahi da, bai eta babestu ere. Gainera, hormak eta estalkia berreraikitzerakoan eremuko biodibertsitatearen alde egiten duten neurriak aplikatuko dira, esaterako, habia-kutxak jarrita. 

Eremuko lanak osatzeko, ingurua zolatu eta altzariak jarriko dira. Ondoko ubidea berreskuratzearen xedea da errota hornitzen duen harrizko azpiegitura kontserbatzea. Ubidearen hondoko landaredia garbitu da Landabengo zubitik errotaraino, eta jasotze topografiko bat egin dute malda definitzeko, ur geldiek usain txarra eta beste kalte batzuk eragiten baitituzte. 


runa

 

¿Te ha sido útil esta página?