
Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloak kokapen berria estreinatuko du aurten. Maiatzaren 20tik ekainaren 24ra bitarte programatutako sei kontzertuak O-ko Andre Mariaren plazan izanen dira, atari zabalean, baina euria eginen balu, Erraldoien Txokoan eginen lirateke, aurreko urteetan bezala. Iker Lauroba & Beste Urtaroak, Maria Rivero & Tribu Banda, Eneritz Furyak, Petti, Habia eta Ibil Bedi izanen dira taula gainean edizio honetan, musika-estilo eta -proposamen ezberdinetan barna ibiliz. Kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte, aurrez izena eman beharrik gabe.
Heldu den ostegunean, maiatzaren 20an, Iker Lauroba & Beste Urtaroak igoko dira agertokira. Musikari donostiarrak bakarlari gisa egin duen bosgarren diskoa aurkeztuko du. Urtaroei eskaintzen dien hirugarrena da, 2018an “Udazkena” eta 2019an “Negua” atera ondoren. Lan berria iaz plazaratu zen, eta egileak berak sortutako melodia eta testu ederrak biltzen ditu. Lauroba jada laugarren urtaroari, dagokion diskoaren grabazioan murgilduta dago: “Uda”. Hortik datorkio izena talde parekide honi, Iker Lauroba & Beste Urtaroak, non honako hauek ere parte hartzen baitute: Leire Letu, Urbil Artola, Olaia Inziarte, María Soriazu eta Andoni Etxebeste.
Astebete geroago, maiatzaren 27an, ostegunarekin, Maria Riveroren txanda izanen da, eta “Parentesiak” bakarkako disko berria aurkeztuko du, Tribu Bandarekin batera. 2020ko martxoan, pandemia betean eta etxean konfinatuta geundenean egina, artista bizkaitarrak bere alderik barrukoena erakusten digu, melodia lasai, letra sakon eta erritmo berrituekin. Tribu Bandarekin batera mimoz egindako zuzenekoa, barne-barnekoa baina freskoa, biluzia baina sendoa. Azken finean, ikuskizun ausarta, urte askotako esperientziaren eta ahaleginaren erakusleiho. Maria Riverorekin batera, Eriz Pérez, Josean Valle eta Gorka Chamorro arituko dira.
Ekaineko kontzertuak
Ekainean sartuta, 3an, ostegunarekin, ahotsa, gitarra eta pedal sintetizadoreak, Eneritz Furyak-en eskutik. Kasernarat taldearekin ibili ondoren, 2017an bakarkako lehen lana argitaratu zuen. Eneritz Furyak-en ahotsa berezia eta pertsonala da, eta ilunera jotzen duten hitz poetikoak kantatzen ditu. “Emadan” lan berria aurkezteko, bere abestiek eratzen dituzten testura elektronikoak berreraikitzen ditu. Bertan, folkak, popak eta postrockak elementu garaikideekin bat egin dezaketela erakusten du, euskarazko kantagintzari beste ikuspuntu bat emanez.
Juan Luis Pérez Mitxelena ‘Petti’ izanen da ekainaren 10eko kontzertuko protagonista. Duela bi hamarkada baino gehiago argitaratu zuen lehen diskoa, eta aurkeztuko duen ‘Manipulazio estrategiak’ hamahirugarrena da. Pentsamenduak, poesiak eta melodiak bat egiten dute Pettiren azken proiektu honetan. Komunikabideei eta gizartearen manipulazioari buruzko Noam Chomskyren gogoetak ditu oinarri, eta Harkaitz Cano idazlearen laguntza, hitzetan. Joseba Irazoki, Íñigo Telletxea, Igor Telletxea, Juantxo Zeberio eta Alejandro Saúl Martínez musikariez lagunduta egonen da Petti.
Ekainaren 17an Habia taldea izanen da O-ko Andre Maria plazako agertokian, hari- eta ahots-hirukotea, Elena Haira, Amaia Hiriart y Maia Iribarnek osatua. Tradiziotik abiatuta, sorkuntza berriak jo eta abesten dituzte, mundua mugimenduan eta jendearen soinua hurbiletik sentiarazten duen musika inguratzailearekin. Gizateriaren barruko egoera berezi horretan murgiltzeko beharrezkoa da "Animalia naiz eta" entzutea, aurten bertan argitaratu duten azken lana.
Kantu eta Hitza ekainaren 24an, ostegunarekin, amaituko da, “Beltxarga beltza” lan berria aurkeztuko duen Ibil Bediren emanaldiarekin. Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost gaztek osatzen dute talde nafar hau: Amets Aranguren, Eder Escalera, Javier Larrañeta, Ibai Osinaga eta Areta Senosiáin. 2019ko ekainean lehen diskoa kaleratu zuten, “Berandu baina garaiz” izenburupean. Urte horren amaieran, “Bide Zuzena-Teilaturantz” abesti bikoitza argitaratu zuten, orain arte taldearen bideoklip bakarra denarekin batera. Aurten bigarren diskoa kaleratu dute, konfinamenduan idatzitako hamaika kanturekin, maitasuna, zalantzak, sorpresak, galerak eta bizipenak hizpide hartuta, batzuetan beste eragin batzuk erakusten dituen pop estiloan.