Ikasturtea hasi zenetik, Udalak aparteko 44.980 euro gastatu ditu jada ikastetxeak garbitu eta desinfektatzeko lanetan, eta Nafarroako Gobernuari kopuru hori ordaintzea eskatuko dio

Ikasturtea hasi zenetik, Udalak aparteko 44.980 euro gastatu ditu jada ikastetxeak garbitu eta desinfektatzeko lanetan, eta Nafarroako Gobernuari kopuru hori ordaintzea eskatuko dio
Udaltzaingoak kontrolak areagotuko ditu kutsadura-maila altuena duten oinarrizko guneetan, hots, Milagrosan eta Sanduzelain


Ayuntamiento de Pamplona

Iruñeko Udalak 44.980 euroko aparteko gastua kontatu du hiriko 24 ikastetxe publikoetarako kontratatutako garbiketako langileen ordu-kopuruaren handitzea dela-eta. Gaur goizean, Iruñeko Udalaren COVID batzordean, eskola-etaparako diseinatutako higiene- eta osasun-neurriek Udalaren kontuei ekarri dizkien ondorioei buruzko informazioa eman da, eta, zenbatutakoaren arabera, garbiketaren eguneko kostua1.799,2 euro handitu da. Bilera horretan bertan ere jakinarazi da Udaltzaingoak kontrolak areagotuko dituela kutsadura-maila altuena duten oinarrizko guneetan, hots, Milagrosan eta Sanduzelain.

Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eskariei erantzunez, zentroei hidrogel-banagailuak eta paperezko eskuoihalak banatu zaizkie, Udalaren Prebentzio Zerbitzuak zehaztutako materiala erosi da atezaintzetarako, eta egunean hiru garbiketa egiten dira komunetan. Horretaz gain, erabilera librerako 3.000 euroko partida bat ezarri da zentro bakoitzerako, eskola bakoitzak COVID-19ari aurre egiteko bete beharreko kontingentzia-planetan erabiltzeko, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak azaldu duen bezala. Garbiketan izandako errefortzua Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetara emailez bidalitako jarraibideei men eginez bete da, Sesmak gaineratu duenez, baina Udalak ez du Gobernuaren inolako pauta edo jarraibiderik jaso, zuzenean.

Udalak Nafarroako Gobernuari jakinarazi behar dio Foru Administrazioak kostuen hazkunde hori ordaintzeko beharra. Oraingoz, 2020 honetan, gehiegizko ordu kopuru hori garbiketa-zerbitzuek konfinamenduan eman ez zituzten orduekin betetzen ari da, eta kontratekin negoziatzen ari da ordutegiak zabaltzeko, bere garaian, lizitazioak eman bitartean, enpresek eskainitako hobekuntzetan oinarrituta. Aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak 29,3 milioi euro jasoko ditu Espainiako Gobernuaren ‘COVID Funtsetatik’, Hezkuntzaren arloko gastu handiagoei erantzuteko.

Erreklamazio hori urriaren 2an sortutako COVID Batzordean nabarmendu da; Batzordea hamabostean behin elkartuko da, Iruñeko Udalak pandemiari dagokionez eginen dituen jarduketak eta dituen beharrak lantzeko.

Osasun-arriskuko egoeretan esku-hartzea

COVID-19 Batzordearen bileran bertan jakinarazi da, baita ere, aurreikusitakoarekin bat, Udaltzaingoak presentzia areagotuko duela kutsatu kopuru handiena duten oinarrizko osasun-guneetan. Honen helburua da osasun-arauak betetzen direla kontrolatzea, eta horretarako arreta berezia emanen zaie pertsonen metaketei, ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduei, etxe partikularretan izaten diren festei zein bestelako ez-betetzeei, besteak beste, maskararik ez erabiltzeari, kalean taldean edateari edo distantzia mantendu gabe erretzeari. Helburua da pertsona batzuen jokamolde ez solidarioek sortutako osasun-arriskuko egoeretan esku-hartzea.

Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak azken asteko zehapen-proposamenen datuak ere aurkeztu ditu: 344. 184 asteburuan izan ziren (173 pertsona fisikoei, eta 11 establezimenduei). Horietatik gehienak, 49, maskara ez erabiltzeagatik izan ziren, 44 zehapen-proposamen segurtasun-distantzia gorde gabe erretzeagatik, eta beste 43, beste horrenbeste helduri, ostalaritza-lokal batean ekitaldi bat ospatzeagatik. Etxabe bateko festa batean 10 lagun irtenarazi zituzten. Asteko gainerako egunetan 160 proposamen izan dira: 92, maskara ez erabiltzeagatik; 45, kale-zurrutagatik, eta 23, tartea gorde gabe erretzeagatik.

Datuen arabera joera-aldaketa eman da arau-hausteetan. Izan ere, aurreko hilabeteotan, bide publikoan ez dira bete osasun-arauak (kale eta ordu jakin batzuetan pilatzen zen jendea), eta orain, Udaltzaingoak toki itxietan ematen diren kasuek gora egin dutela jakinarazi du. Hori horrela, gora jo dute zehapen-proposamenek ostalaritza-establezimenduetan, etxabeetan eta etxebizitzetan, non zenbait festa ospatu direla egiaztatu baita.

Bigarren bilera ostalariekin, terraza-itxien modelo bat adosteko

Gaur goizeko saioan ere jakinarazi da gaur ostalariekin bigarren bilera bat eginen dela, terrazak ixteko modelo bat balioesteko, bai erdiguneko establezimenduentzat bai auzoetakoentzat baliogarri izanen dena. Lehen topaketan agerian geratu zen terrazak toki ezberdinetan jartzen direla zonaldearen arabera. Horregatik, antzeko modelo bat adosteko lanean ari dira, denak antzekoak izan daitezen.

Positiboen tasa Udalean: % 1,87

Udaleko langileen egoera medikoari dagokionez, pandemiaren bigarren olatu honetan, irailaren 11tik gaur arte Iruñeko Udalean 30 lagun zenbatu dituzte PCR positiboarekin. Horien erdiak isolatuta daude eta gainontzekoak, alta hartuta. Hortaz, kutsatze-tasa % 1,87koa da (30 kasu plantilla osatzen duten 1.600 lagun ingururen artean). 19 kasu susmagarri egon dira; horietako 11 altan daude eta 8, isolatuta. Lanean izandako kontaktu estuen ondorioz 10 kasu eman dira 1.600 langileko plantilla osoaren artean: 5, Udaltzaingoan; 2, haur-eskoletan; 1, Etxez Etxeko Laguntza Lantaldean, eta beste bi Udaleko gainerako alorretan.

Iruñeko egoera

Alkateak COVID Batzordeari helarazi dizkio Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Iruñeko oinarrizko guneei buruz emandako datuak. Osasuneko txostenaren arabera, azken 14 egunetan intzidentzia metatua 743 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, eta Milagrosa eta Sanduzelai dira intzidentzia altuena duten oinarrizko guneak (1.173 eta 962 kasu 100.000 biztanleko, hurrenez hurren). 14 egun horietako zein azken 7 egunetako joera beherakorra da.

Txosten beraren arabera, kutsapen-eredua Nafarroako gainerako tokietan emandakoaren oso antzekoa da, hala asintomatikoen portzentajeaz nola horien lotura epidemiologikoaz bezainbatean. Kasu gehienak familia-, gizarte- eta lan-jatorria duten agerraldiekin loturik daude. Gutxi gorabehera, kasuen % 30ean ez da kontaktu ezagunik identifikatzen eta ez dago loturarik ezein agerraldirekin. Halaber, identifikatutako agerraldi kopurua handia dela adierazten da, eta baieztatutako kasuen portzentaje handi bat barne hartzen du, nahiz eta azken asteotan ez den agerraldirik nabarmendu bere larritasunagatik.

Gobernuak emandako datuen arabera, maiatzaren 11tik urriaren 4ra bitarte Iruñean, guztira, 4.761 kasu eman dira (2.361 kasu 100.000 biztanleko). Guztizko horretatik 2.695 (% 57) jada osatu dira eta 2.044ri (% 43) segimendua egiten ari zaie. 22 hildako daude: 18, COVID-19agatik (% 0,4), eta 4 (% 0,1) beste arrazoi batzuengatik. Kasuen % 37 asintomatikoak dira, portzentajerik handiena (% 52) 15 urtetik beherakoena delarik. % 40 agerraldietara lotuta daude, % 26 kasuen kontaktuak dira, eta % 30ek ez du lotura epidemiologikorik. Iruñean, guztira, 434 agerraldi izan dira.

¿Te ha sido útil esta página?