Ikastetxeetako desfileek udaltzainen laguntza izaten ahalko dute, eta espaloietatik galtzadetara igaro

Ikastetxeetako desfileek udaltzainen laguntza izaten ahalko dute, eta espaloietatik galtzadetara igaro
Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkariaren ebazpen batek aukera hori mugatzen zuen esaldia kendu du lehengo testutik

Iruñeko Udalak bide edo espazio publikoetan jarduerak baimentzeko irizpideak aldatu ditu, ikastetxeen eskaerei dagokienez. Neurri hori behin-behinean hartu da espazio publikoaren erabilera demokratikoari buruzko ordenantza berri bat idazten den bitartean. Ordenantza horrek erabilera-baimenen irizpideak finkatuko ditu, orain zinegotzigoaren ebazpen bidez arautu diren horiek. Horri lotuta, Udalak Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko ordenantzaren edukiak ere berrikusiko ditu.

Oraingoz, Endika Alonso Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkariaren ebazpen berriak esaldi hau ezabatu du: “Ikastetxeen eskaerek ez dute poliziaren laguntzarik izango, eta zirkulazio-arauak bete beharko dituzte, ez baita trafikoa etengo”. Esaldi hori I. apartatua, prozesioei, kabalgatei, olentzeroei, inauteriei eta beste desfile fisiko batzuei buruzkoa, osatzen duen azken aurreikuspena da. Jatorrizko gainerako testuak bere horretan jarraitzen du, baina araudiak ahalbidetzen duen neurrian, aurreikuspenak irizpide malguagoen arabera berrinterpretatuko dira.

Ezabatutako esaldia 2005etik dago udal-araudian ezarria, eta azken hiru urteetan Udalak ikastetxeetako ekitaldiei tratamendu murriztailea ematea eragin duena da. Hori horrela, 2022ko inauterietako 8 desfileak eta 2023ko 9 desfileak espaloietatik egin behar izan ziren, esate baterako; gauza bera gertatu zen erraldoien desfileekin. Baimena jaso zutenetatik, 11 eta 13, hurrenez hurren, 9 ezin izan ziren galtzadara jaitsi 2022an, eta 11, berriz, 2023an; gauza bera gertatu zen Olentzeroren 7 eta 6 desfileen kasuan bi urte horietako Gabonetan. 

Irizpide berriekin hori ez gertatzea bilatzen da, herri adierazpenak lehenetsiz eta istripuak saihestuz (Arrotxapean eta Txantrean erraldoiak lurrera erori ziren). Alde horretatik, helburua da Iruñeko Udalak desfile horiei guztiei babes poliziala ematea, betiere erakunde antolatzailearekin adostuta eta ibilbideetan oinezkoendako guneetatik igarotzea lehenesten saiatuta. Udala, gainera, langile zibilek herritarren segurtasunari buruzko hainbat gaitan lagundu ahal izatea aztertzen ari da, eta ikastetxeek antolatutako ekitaldiak laguntza horren aplikazio-eremuetako bat izan litezke. 

Udal-araudian espazio publikoa erabiltzeko irizpideak Ordenantza-mailako arau batekin ezarriko dira, eta hori eguneratzeko modu bat izanen da. Aldi berean, erabakiak gune arautu bat ezartzea bilatuko du, aurreikuspenen aplikazioan ausazkotasuna zailduko duena eta, gainera, irizpide uniformeak ezarriko dituena.
 

 

¿Te ha sido útil esta página?