Ikasnova gela bat sortu dute Vázquez de Mella – Bayonne ikastetxeko beheko solairuan

Ikasnova gela bat sortu dute Vázquez de Mella – Bayonne ikastetxeko beheko solairuan
Udan egin diren lanei esker, halaber, atezaintza-eremua handitu da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisitatu du Vázquez de Mella – Bayonne ikastetxe publikoa: udan lanak egin dira bertako instalazioetan Ikasnova gela bat sortu eta atezaintza-eremua handitzeko. Lanek bi hilabete iraun dute eta dagoeneko amaituta daude.

Ikasnova gelak 180,25 m2-ko azalera dauka. Gela garden bat sortu dute, orain arte espazio hori betetzen zuten hiru gelak elkartuta. Gela zabalago bat sortzeko, lehen zeuden hiru espazioetara sartzeko korridorearen zati bat ere erabili dute. Esku-hartzearen funtsa hiru trenkadak eta haiei zegozkien ateen arotzeriak kentzea izan da. Aldi berean, egungo zoladuraren parte bat altxatu da, sabai faltsuak eraitsi eta elektrizitateko eta telekomunikazioko instalazioetan jardun dira. Zoladura laminatua jarri dute, baita sabai faltsu akustiko berri bat eta instalazio berriak ere, eta, horrez gain, margotu egin dute.

Halaber, atezaintza-eremua handitu da eraikineko lehenengo solairuan. Eremua handitu da 10.05 m2-ra arte, atezaintza-bulegoaren ondoan dagoeneko zegoen gelaurreaz baliatuta. Aurretik zegoen zurezko itxitura lekualdatu dute espazioa handitzeko. Halaber, bulego zaharreko zein barruko instalazioetarako sarbideko arotzeriak desmuntatu dituzte, eta orain eremua gardena da.

Aguaser Suministros y Servicios SL enpresak egin ditu lanak, 81.623,60 euroko aurrekontuarekin. Vázquez de Mella – Bayonne ikastetxe publikoak Haur eta Lehen Hezkuntza ematen ditu. Musika Irakaskuntzako Ikastetxe Integratua da, eta PAF eredu eleaniztuna dauka (gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Vázquez de Mella – Bayonne IP ezaugarri horiek dituen Nafarroako ikastetxe bakarra da. Egun, 2025-2026ko ikasturtean, 266 ikasle ditu. 

Ikasnova gelak: beste hiru Iruñean 2025ean
Ikasnova gelek funtsezko hiru zutabe dituzte: malgutasuna, teknologia digitala eta pedagogia integratzea eta ikasle guztiek modu aktiboan ikastea sustatzea. Gune aproposak dira irakaskuntza partekaturako, talde interaktiboetan elkarlanean aritzeko, gaitasunak garatzeko eta gelako ikasle guztien inklusiorako, besteak beste. Altzari malgu eta modernoak izan ohi dituzte, bai eta digitalizazio-osagai garrantzitsua ere. Hegoalde Ikastolak eta García Galdeano IPak ere Ikasnova gelak estreinatuko dituzte ikasturte honetan, eta, beraz, hiriko 24 ikastetxe publikoetatik 14k badituzte jada. Programa urtero sustatzen du Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako departamentuak, eta hainbat gela sortze aldera, Udalak honako kopuru hauek jaso ditu, hurrenez hurren: 17.285 euro Iruñeko Vázquez de Mella – Bayonne HLHIPko lanendako, 7.700 euro Iruñeko García Galdeano HLHIP ikastetxearendako eta 17.631 euro Iruñeko Hegoalde Ikastolarendako.

¿Te ha sido útil esta página?